228. Bihotzaren oroitzapena

Sentitzen dut zu ez etortzea.Honek sendatu egingo zintuzke (horrelaxe, entzuten duzun moduan) eta lastima da ez animatzea, zeren aldarte falta hori zure ondoezak berak eragindakoa izan daiteke-eta. Sinistu iezadazu; aurre egiozu ezezko jarrera horri eta zatoz, gainerakoan ezertxo ere ez litzaizuke faltako-eta. Eskertuko zenidake, seguru esaten dizut”.

Hitz horiek ditu atze aldean postalak. Oso postal interesgarria, 1907. urte ingurukoa izan behar du. Ordurako, Bainuetxeko multzoa eraikita zegoen, Alameda izan ezik. Baina bainuetxea, argazki honetako xumetasunarekin konparatuta, beste gauza bat zen: Azorinek zioen bezala, “Zestoa [bainuetxea] hotel elegante bat da, mundukoia, erosoa. […] Zestoak, agian, zera emango dizue, saloiak diruditen bere pasillo zabal eta simetrikoekin: jesuiten eskola moderno-moderno bat” (Cestona os produce la impresión de un modernísimo colegio de jesuítas, simétrico, limpio, brillante, pulido, iluminado…).

Argazkiko hauek, ordea, herriguneko Blasen ostatuarekin batera, jende xumearentzako ostatuak ziren, batik bat Fonda Ipintza hori. Azorinek Zaldibarko bainuetxeari buruz esan zuena erabili daiteke hemen ere:Un balneario discreto e íntimo”. Postalean Ikusten denez, bi zati edo eraikin zituen garai hartan baina 1909/10 inguruan, dena bat egin zuten, gaur egun oraindik ikus dezakegun bezala. Artetxe hotela ere, XIX. mende amaieran eraiki zen bezalaxe dago, gaur egun ikusten diogun zati berria eraiki gabe (1920ko hamarkada).

Artean ez zen Urolako trenik, ezta kotxe askorik ere; bistan den bezala, diligentzien, zalgurdien, mandoen eta zaldien mundua zen hura, eta haiek ekartzen zuten jendea hona, Zumarragako edo Arroako tren geltokietatik. Gaur egun ez bezalako lasaitasuna ikus daiteke errepidean: batzuk besaulkietan eserita atarian, beste batzuk tente tertulia ederrean…

Argazki horretan, mundu aldaketa baten lehen urratsak sumatzen dira. Pio Barojak, 1895ean Zestoa utzi eta, hurrengo, 1920ko hamarkadan, herria bisitatzera etorri zenean ikusi zuen aldaketaren hasiera postal horretan dagoela esango nuke: “Berriro ikusi nuenean, [Zestoa, alegia] porlanezko artefacto zuri batzuk ageri ziren, historiaurreko animaliaren baten hezurdura ziruditenak. Berriro herrira ez azaltzeko promesa egin nion neure buruari. (Vitrina pintoresca, 1935). “Artefacto” zuri haiek, historiaurreko animaliaren baten hezurdura ziruditenak, gure hotelak ziren. Asuntzionek, Karmelok, Lizasok, Artetxek, Oiartzabalek, Kristinak eta abarrek osatuko zuten, Baroja hemen mediku ibili eta gero bisitan etorri zen hogeita bost urteko tarte hartan, gure herrigunearen bizkarrezurra.

Zestoa aristokrata eta aberats berri handinahiko ugariren udaleku bihurtu zen eta haiekin batera, ohi denez, jende xumeago franko ere etortzen hasi zen. Azpeitia eta Azkoitia ez bezala, pixka bat unibertsalagoa bilakatu zen gure herria; fox-trota, charlestona, tangoa eta beste dantza franko orduan ikasi genituen; marka garestiko kotxez bete ziren bazterrak; “modernitatea” deitzen zaion gurpil zoro horretan murgildu ginen… Eta bidean hamaika erosotasun lortu genuen baina, baita, gauza eder franko betirako galdu ere…

Argazki honetan ez dago horrelakorik. Sosegua nonahi. Eta Hiruarboleta hortxe, Oiartzabal, berriz, artean eraikitzeko, Ertxiña soil-soil… eta irudiaren erdi-erdian, kanposantua, hamabost bat urte besterik ez zituelarik…

Ez daukagu inor bizirik, 1907 hartakorik, postal garaikorik. Imajinatu egin behar oroitzapenak argazkiari begira. Baina hemen ondo datorkit Camus-ek “El primer hombre” ederrean esan zuena gogoratzea, eta barkatu Axularren hizkuntzan ez jartzea: “La memoria de los pobres está menos alimentada que la de los ricos, tiene menos puntos de referencia en el espacio, puesto que rara vez dejan el lugar donde viven, y también menos puntos de referencia en el tiempo de una vida uniforme y gris. Tienen, claro está, la memoria del corazón, que es la más segura, dicen, pero el corazón se gasta con la pena y el trabajo, olvida más rápido bajo el peso de la fatiga.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide