229. Serapio eta larrabehia

Ederra iruditu zait, oso, Jon Egigurenek “Aizarnara begira” txokoan idatzi duena (“Sorabil baserriko larre-behia”). Sukaldaritza tradizionala egiten duten horien antza du Egigurenek: goi mailako produktua erabili ohi du, berari protagonismoa emanez, eraldaketa edo lagungarri askorik gabe.

Nik neuk ez nituen ezagutzen eta dotoreak iruditu zaizkit Iturzaeta bertsolari azpeitiarraren (1872-1948) bertsoak. Bertsogintzan ahotik ahora, alegia, bat-batean, poliki zekiena omen zen Iturzaeta baina gutxi kantatu omen zuen. Etxean eta lagun artean bai, bañan plazetan jende aurrean ez. “Eztarria ere etzuan onegia”, dio Antonio Zavalak, bere bertso bilduman. Nolanahi ere, bertso papergintzan lan asko egin omen zuan. Eta, hemen, Antonio Zavalak ematen digu oso perla ederra gero Egigurenek aipagai zituen bertsoak baloratzeko: “Kontuak buruz egiten, izugarri azkarra omen zan, bañan lumazale jende orrekin kontuz ibilli bear zala esaten zuan”. Zavalak dioenez, Iturzaetak “etzekian eskribitzen firma egiten besterik. Orregatikan, bertsoak paperean jartzeko, besteren laguntza bear izaten zuan. Bere alaba Justak, auzoko Marzelina zeritzan neskatxa batek eta olako lagun batzuek egiten zioten lan ori.”

Bertso berriak Azpeiti’ko Elizalde’k larre-beian gañian jarriak izenburua duten bertso horietan, niretzat zoragarriena da ahozkotasuna nabarmentzen dela, eta ez idatzizkoaren kutsadura. Eta ahozkotasunaren ederra Italo Calvinok azaldu zuen inork baino hobeto: “La primera característica es la economía expresiva; las peripecias más extraordinarias se narran teniendo en cuenta solamente lo esencial; hay siempre una batalla contra el tiempo, contra los obstáculos que impiden o retardan el cumplimiento de un deseo o el restablecimiento de un bien perdido (…). Es un secreto de ritmo, una captura del tiempo que podemos reconocer desde los orígenes”. Alegia, gauzak adierazterakoan labur, ibilerarik harrigarrienak funtsezko gauzetan bakarrik oinarrituta, erritmoaren sekretua, denbora harrapatzea antzinako kontalarien erara…

Eta hori dena (larrabehiaren ibilera) guk aizarnarrok eta zestoarrok ezagunak ditugun parajeetan kokatzen du abentura zoragarri bat irudikatuz.

Tira, esan dut goi mailako produktua erabili ohi duela Egigurenek, eta bertso horiek hala dira, udazkenaren bukaeran sagar-arbola batean galduta aurkitzen dugun urre koloreko errege-sagar bakarti hura bezalakoak, gozoan gozoenak. Baina nik, lagungarri gisa, fruitu lehor batzuk, txokolate beltz pixka bat eta, zergatik ez, pattar on pixka bat jarriko nizkioke, eta hala egingo dut Iturzaetaren bertsoekin ere.

Izan ere, larrabehiaren ibilerarekin, pertsona, ganaduzalea, pixka bat ahaztuta geratzen da bertsootan, eta komeniko litzateke argi pixka bat egitea Xerapio delako horri. Bere jatorriaz, berriz, nahaste pitin bat daukate bertsolariak, Zavalak eta Egigurenek, eta hori ere pixka bat argitzea nahi nuke, ohartxo hauekin inolako meriturik kendu gabe Egigureni (besterik ez litzateke faltako! Bertsoaren aztarnarik ere ez Arzallusek –eta beharko luke, bere aurrekoren bat Sorabilekoa baitzuen– eta hemen bazter guztiak nahasten!).

Ezer baino lehen esan dezadan zein zen Serapio hori. 1917an, bertsoen garaian, bi Serapio bizi ziren Santa Engrazia aldean: Serapio Irure Eizmendi (1848), Irure baserrikoa, eta Serapio (edo Juan Serapio) Irure Lizaso (1876), Sorabilberrikoa (eta ez Sorabilkoa, bertsoak dioen bezala). Azken hori da gure protagonista, Irurekoa ezkondua baitzen, eta Sorabilberriko hau, berriz, mutilzaharra. 41 urteko gizona zen, beraz, gure protagonista, bertso-jartzailea baino lau bat urte gazteagoa (ez da harrigarria, gainera, elkar ezagutzea). Buruz ari naiz baina gaur egun Sorabilberrin bizi direnen birraitonaren anaia edo, izango zen gure Serapio hori. Ez dut heriotza-datarik topatu baina 1950eko hamarkadarako hila zela uste dut.

Badut zalantza ba ote zen larrabehirik, alegia, betizurik Aizarnan garai hartan edo piriniar arrazako behiez ari den gure bertsolaria. XIX. mende bukaeran, ia ganadu dena piriniar arrazakoa zen Gipuzkoa aldean (Aizarnan ere bai) baina oso degeneratuta zegoen; alegia, oso ganadu kaskarra zen, hanka mehar eta sabelalde estukoa. Litekeena da, beraz, halako ganadua izatea bertsoan aipatzen dena, nahiz eta larrabehia deitu. Ordurako, Etumeta eta Komisolatza aldeko herri lurrak salduak ziren eta Santa Engrazia ingurua soroz beteta zegoen. Gainera, Diputazioa zenbait hobekuntza egiten hasia zen ganaduaren kalitatea hobetzeko eta, albaitarien lana eta dirulaguntzak tarteko, baserritar askok aldaketa haietan parte hartzea lortu zen, tartean Sorabil aldekoak. Testuinguru horretan, zaila egiten zait Lastur aldean-eta ikusi ohi ditugun betizuak irudikatzea Santa Engrazia aldean. Baina, tira, behi piriniarra izan edo betizua izan, historiak ez du bere edertasuna eta freskura batere galtzen.

Azkenik, hau ere Egigurenen artikuluari merituaren gramorik kendu gabe, uste dut Zavalak jarritako ohar denak ez dituela jarri Danbolineko txokoan Egigurenek. Mereziko luke falta direnak eranstea, hala nola, Bixigu, Etumeta, Zepai, Antxiturbiberri eta abarrei buruzkoak. Eta batez ere, pixka bat kopetilun utzi nauen amaiera tragikoa: “Arrapatu ondoren, ito egin zan larre-beia, ler eginda” eta, beraz, “larrutu ta aragiyak eramanda kito”.

Segi horrelako perla bitxiak bilatzen eta kontatzen, Jon, eta guk gustura irakurriko ditugu. Bejondeizula!

Argazkia: Idiskoak Sorabilen. Inolako antzik ez,  Iturzaetaren larrabehiarekin. Beste garai batzuk.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide