231. Odolaren zifra

Alberto Conejero poesiagile eta, batez ere, antzerkigile gazte bikain-bikain bat da. Bere bigarren eta azken poesia liburuan Grupo sanguíneoderitzan poema bat dakar, eta bere maiteaz ari dela, esaten du ezezaguna zaiola bere odolaren zifra (desconozco la cifra de tu sangre). Eta poeman, maitearen odolak bat egiten du naturarekin: Diré si me preguntan tiene mi amado / el grupo sanguíneo de los ríos / de las abejas / hermano.

Igandean, egun berezia dugu Zestoako bederatzi odol emaile omenduko dituztelako udaletxean. Odolaren alorrean milaka ikerketa egin dira baina lehen bezala orain ere bizirauteko edo indarberritzeko odola behar duenak beste norbaitena jo behar du. Eta odol poltsak ez dira, esneaz umeek pentsatzen duten bezala, Tetra Briketan sortzen, baizik-eta jendearen eskuzabaltasuna behar da. Eta eskuzabaltasuna edo kontzientzia landu egin behar da, eta eskertu. Odola ematen duenaren altruismoa eskertu eta goraipatu; eta hori dena aktibatzen dabiltzan eragileak urrea baino gehiago estimatu. Hemendik doa nire eskerrik maitekorrena odol emaile guztiei, bereziki igandean omenaldia jasoko dutenei, eta Zestoako Odol Emaile Elkarteari.

20 bat urte izango nituen. Miren ikaskide eta lagunak komentatu zidan odola ematera joan zela edo joatekotan zela. Ez nintzen animatu. Handik gutxira, ordea, Salamancan ikasten ari nintzela, arantza hura nonbait barruan artean, eta hango Ospitale Unibertsitariora hurbildu nintzen. Harrezkero odol emaile “zintzoa” izan naiz –nire ustetan– harik eta, osasun kontu batzuk direla medio, eman ezin izan dudan arte.

Urte horietan denetan jende ugari joan izan da odola ematera eta gauzak ikaragarri aldatu dira. Onerako. Bada jendea, esaten duena herriko eragileak itzalaldi batean ote dauden, lehengo indar hori ez ote dagoen herriko taldeetan. Ez nago ados, eta horren adibidea da, urrutira joan gabe, gure Odol Emaileen taldea. Jada gazteak ez badira ere (akabatuko naute!), gazteekin konektatzen dakien jendea da, herria ondo ezagutzen duena, atsegina, eraginkorra eta whatsappak eta gainerakoak ondo astintzen dakitena… Eta, irakurle, zer nolako catering oparoa! Hasierako “txorizo-panplona” xume hartatik, urdaiazpiko, gazta, menbrillo, txokolate eta abar izatera pasa da. Markesen pare!

Bromak aparte utzita, odol berria iritsi da elkartera eta zestoarrok pozik egoteko moduan gaude. Bejondeiela! 2004ko urtarrileko danbolinen (Onintza Iruretaren artikulua), orduan zebiltzanak aipatzen dira, hau da, Maria Angeles Altuna, Nieves Arakistain, Amapola Hernando eta Karmele Korta. Ez dituzte ahazten, hala ere, hainbat urtetan elkartea bideratzean arduratu diren beste asko, besteak beste, Pello Alberdi, Juanita Aranguren, Tomas Etxabe (elkarteko ordezkari izandakoak) eta Jose Luis Etxabe, Jesus Goikoetxea, Rosario Andres, Joxe Iriondo eta Jose Luis Etxeberria. Eta, jakina, odol ateraldia zegoen bakoitzean medikuari eta erizainei afari goxoa prestatzen zieten Garaizabal ahizpak.

Oraingoak, berriz, lehen esan dudan moduan, ondo ezagutzen ditu jendeak eta ez daukate aurkeztu beharrik, baina ez lan gutxiago egiten dutelako. Nik uste dut gaur egungo bizimodu indibidualista eta global honetan, lan handiena horiexek daukatela, jendea erakartzen eta kontzientzia sortzen. Eta poz handia hartzen dut, gu hasi ginenean bezala, hogeita gutxi urterekin, neska eta mutil gazteak ikusten ditudanean odola ematen.

Ibilbide luze honetan bidean geratu zaizkigunak gogoratuz amaitu nahi dut, eta beste inor gutxietsi gabe, bereziki Maria Angeles Altuna “Anardi”, duela gutxi joan zitzaiguna. Atsegin-atsegin ikusten nuen beti, odola ematera joaten nintzenean, jendeari laguntzeko prest eta edozertan esku bat eransteko beti adi. Solasaldi ederrak edukitzeko pertsona aproposa, talde zoragarri bateko partaide sentiarazten zizuten denen artean.

Guri, gizaki errukarrioi, ez dagokigu ulertzea zergatik batzuei bizitzak horrelako zaplaztekoak ematen dizkion hain goiz. Ez dagokigu ulertzea, momentu honetan zer zaren edo non zauden, Maria Angeles. Esango nuke, hala ere, Anjel Lertxundik zioena eta askotan aipatu izan dudana: “Zerk edertzen du bizitza, eman eta eskaini eta oparitu duzunak baino?”. Eskuzabala izan zara, Maria Angeles. Eskerrik asko eta adiorik ez.

Argazkia: Maria Angeles, 2011ko urriaren 23an.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide