232. Bidea eginez

Askotan entzun izan dugu, batez ere kanpotarren ahotan, harrigarria dela gure herrian dagoen musika zaletasuna, eta batez ere pop eta rock musika-adierazpenei dagokionean. Eta halaxe da. Paper zaharretan asko bilatzen ibili gabe, 1999ko bat suertatu zait eskuartean, eta izenburu hau irakurri dut: “Rock taldeetako giltzak”, alegia, garai hartan Estazioko biltegian entseatzen zutenen zerrenda eta hara sartzeko giltzak nork zituzten. Batemat, Katekesis, Ihesi, Komando Telebista, Azido, Itzain, Hilobitik dira orduko taldeen izenak. Iraupen gutxiko loreak, esango du baten batek, baina bere bizialditxoa izan zuten, beste talde askok bezala.

Duela 30 urte, herrian rock and rolla eta beste musika klase batzuk lantzeko asmoz, herriko zenbait musika taldek osatutako elkarte bat ezagutzera eman zen. Elkarte hark, musika lantegi bat sortu nahian, lokal finko bat eskatu zion Udalari. Prozesu luzea eta interesgarria izan zen hura, eta haren ingurumarian sortu zen, esate baterako, euskaraz trikitia eta rocka nahastu zituen lehen taldea: Lin Ton Taun. Ez gara talde horren ibilbide arrakastatsuan sartuko hemen, baina bai lehen aipatu dugun dinamika eta musika-irrika haren sorreran. Harro esan dezaket nik neuk, kultur teknikaria nintzenez, parte pixka bat izan nuela han, baita Zestoako Udalak ere, eta erakundeek ukitzen duten dena simaurra bihurtzen dela esaten duten horiek erraz ikusi dezakete kasu honetan ez zela izan hala. Akaso udala tamainan, hasieran bakarrik eta behar-beharrezko gauzatan, inplikatu zelako, eta gero taldeak bere kasa funtzionatzen utzi zituelako igual izango da, baina tira, ez gaitezen orain polemikatan sartu.

Kontuak kontu, 1990eko abuztuan, hamabi zestoarrek udalari adierazten diote musika talde batzuk antolatzeko asmoa dutela, eta lokal bat eskatzen dute. Beraiek prest azaltzen dira lokalaren egokitzapen lanetan ahal den guztian laguntzeko. Hamabi horiek, propio izendatuta daude idatziaren hasieran, eta merezi du hemen goraipatzea: Biktor Tena, Jon Rezabal, Migel Santamaria, Eneko Iribar, Igor Landa, Joseba Illarramendi, Raul Olaizola, Apolio Etxeberria, Jose Manuel Regil, Antonio Waliño, Andoni Zulaika eta Aitor Alberdi.

Baina gehiago ere baziren, eta horren seinale, urte bereko (1990az ari gara) Inozente egunaren bezperan, 150 sinadura erantsi zitzaizkion eskaerari eta udalak Eusko Trenbideak enpresaren aurrean gestioak egitea eskatzen zuten geltoki zaharra musika entseguetarako erabili ahal izateko. Nahi hori zabaldua zegoenaren seinale, 150 sinadura horien artean zeuden Xanti Sagartzazurena (orduko alkatea) eta Bizente Olaizolarena (alkateordea).

1991ko otsailean, baxu eta gitarra ikastaro bat antolatzeko asmoa azaldu zuten gazteek. Luzamenduetan zebilen Eusko Trenbideak, eta erantzuten zuen Eusko Jaurlaritzari eskatu behar zitzaiola geltokia. Eusko Jaurlaritzarengana joan eta hark, berriz, ezetz. Azkenean (1992a bazen ordurako) Jaurlaritzaren zain egon gabe, zenbait ekipamendurekin hornitu zuen udalak geltokia: 2 bozgorailu, erreberberazioa, 8 mikrofono, gitarra-anplifikadorea, potentzia-etapa bat, baxu-anplifikadorea eta nahasketarako mahai bat…

1993an, geltokia AEKren barnetegi izateko egokitu zen, eta musika taldeek abere hiltegira (han industrialdean bertan) joan behar izan zuten. Ez dakit orduko argazkirik egongo den, baina garai haietan handik pasa ginenok irudi bitxi zein surrealista ikusi ahal izan genuen: abereak zintzilikatzeko kakoak, kateak eta poleak hantxe zeuden, hiltegia funtzionamenduan zegoenean bezala, musikari haietako bat jainkotiar bihurtu eta “deus ex machina” gisa, zeruan zintzilikatu behar bazen-edo.

Pentsatzekoa denez, abere hiltegi haren egoera benetan tamalgarria zen, eta hori zela-eta, han entseatzen zuten talde guztiek (Lin Ton Taun, Se esta kemando la Serrería eta abarrek) egokitzapenak, ekipamendu gehiago eta beste hainbat eskaera egin zituzten. Zenbait obra egin ziren baina handik urte gutxira, Estazioko industrialdean berritze lanak hasi ziren eta hiltegi zaharra eraitsi egin zuten. Geltokiko biltegira, gaur egun dabiltzan lekura, pasa ziren orduan, eta han egin dituzte, oso baldintza penagarrietan egia esateko, hogeitaka urte baino gehiago.

Garai batean sortutako Leok’k, Mini Leok’k, Leize, Luma, Leiho eta beste hainbat taldek beren lokal partikularrak izan zituzten. Talde berriak, berriz, gogoz zetozen baina baldintza egokirik ez gure herri txikian. Lin Ton Taun, Serrería eta horiek izan ziren, esan dudan bezala, duela 30 urte gero etorriko ziren beste gainontzeko denei bidea ireki zietenak. Bide hori hastapenetan zeuden musika talde horiek egin zuten Gaztetxearekin batera; labur azaltzeko, ordura arte erakundeek kontuan hartu ez zuten pentsaera alternatiboa azaldu zuten, alegia, musikak gazteengan eta gizarte osoarengan duen eraginaz jabeturik, musika mota hori (rocka eta abar) duindu nahi izan zuten, sortu berriak edo/eta hain berriak ez ziren taldeentzat zirkuitu egoki bat garatu zuten, entseatzeko lokalak sortu… Hasierako garai haietatik bospasei urtera, 25 herritar inguru zebiltzan musika talde berrietan Zestoan. Lehen aipatu ditudan Leize, Luma eta Leiho taldeetan zebiltzanez gain, 25 lagun ibiltzea herrian ez zen kopuru makala.

Gaur egun, musika hazi haiek erein zirenetik 30 urte pasa diren honetan, harro egon gintezke gure herrian musikak duen indarraz eta protagonismoaz. Baina garaia iritsi dela uste dut talde horiei denei duintasun apur bat emateko. Horretarako, behar beharrezkoa da gaur egun daukaten lokala goitik behera egokitzea edo, agian, beste duinago bat eskaintzea. Ondoko geltokia dut buruan, esate baterako; seguru nago udalak materiala eta finantzazio pitin bat jarrita eta auzolan pitin batekin, zoragarri geratuko litzatekeela eraikuntza hori, eta horrelako Monumentu Historiko-Artistiko batek beharko lukeen itxura berreskuratuko lukeela.

Hogeitik gora musika talde izan ditugu Zestoan azken 50 urtean. Gehienak azken 30 urte hauetan sortuak. Duela 30-31 urteko musika zale haiek elkartu, eta udalari inplikatzea eskatu zietelako. Zale haiek bidea ireki zuten; haiei esker gara garen bezalakoak; haiei esker harrotzen gara kanpotarrak gure musika ekoizpena goraipatzen dutenean. Gaur bidegile haietako asko musika mundu hartatik pixka bat aldenduta badaude ere, eskerrik asko orduan egin zenuten ahaleginagatik.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide