233. Kostaldeko errepidea

Udalbiltzak dioenez –eta egia berdaderoa da– “azken urteotan, globalizazioarengatik eta espainiar eta frantziar estatuen ahalbide ugariengatik, atzerriko hizkuntzetan egindako kultura nagusitzen ari da gizartean, gure hizkuntzan egindako artearen kalterako”. Egoera horri erantzuteko asmoz, Geuretik Sortuak proiektua jarri zuten martxan, hau da, “euskara hutsean egindako artea eta kulturaren sormena, ekoizpena eta hedapena sustatuko dituen zirkuitu nazionala”. Zestoako Udalak ere parte hartu du egitasmoan eta Danel Lauzirika, Gernikan jaio eta Bilbon bizi den idazlea, izan dugu gure herrian.

Ekaineko arratsalde batean, gure bazterrak ikustera eraman genuen Danel, Kultura batzordeburuak eta biok, eta San Lorente ermita eta gain eder hura bisitatu ondoren, Arroabera sartu ginenean, hango Memoriaren Txokoa izan genuen aipagai. Hiru oroigarri daude han: Joxemari Kortarena, Gerra ondorenean zigor destakamenduetan ibilitako langileena eta Zeferino Peñarena. Azken horrek hizpidea emanda galdetu zidan Lauzirikak ea irakurria al nuen Kepa Murua zarauztarren “La carretera de la costa” eleberria. Ezezaguna zitzaidan baina ez denbora askorako…

Zeferino Peña eta kostako errepidea dira liburuaren protagonista nagusiak. 1980ko maiatzaren 16an, hil zuen ETAk txapista arroarra. Gerora, erakunde armatuak onartu zuen akatsa egin zuela. Kepa Murua beraren biografian oinarritutako liburua da. Bere aitak Bombas Azcue lantegian egiten zuen lan, nonbait, eta udako oporraldian, diru apur bat irabaz zezan, hara eramaten zuen lanera Kepa mutil gaztea. Zarautz eta Arroa arteko joan-etorri haietan ezagutu zuen Zeferino Peña Kepa Muruak.

Kontakizunaren borroka” deitzen den horretan, errelatoaren zera horretan, gure historia nork eta nola kontatu behar duen affaire txiki horretan kokatzen da liburu hau ere, nire ustez. Zenbait momentutan, pixka bat topikoan erortzen ote den ere iruditu zait: “Parece mentira pero no había medias tintas, mucho menos los matices adecuados para que la paleta esbozara un cuadro, uno general o amplio, mucho más perfecto”; “Ser uno era difícil, era más cómodo vivir en grupo”; “A unos los llevó a matar (…) y a otros a ponerse enfrente”; “Porque tuvimos una parte de culpa que hoy, si nos permite la conciencia, se podría resumir en un limpiarse de manos general y en los ojos cerrados ante un presente vivido”…

Hala ere, saiatzen da idazlea ikuspuntu zabalago batetik begiratzen orduko munduari, “paletak koadro orokorrago edo zabalago bat zirriborratu dezan, askoz ere perfektuagoa”: ETAkoen ibilaldiak azaltzen ditu, etxepeetan ezkutatzen diren itzal zelatariak, guardia zibil torturatzaileak, identitate kontuak, Aldapetako cuesta del culo-ko klubak, drogaren mundua, oroimena, idazlea gaztea zeneko giro hura... Horrez gain, kontakizunari kutsu erreala eta zehatzagoa emateko, eguneroko xehetasun asko ematen ditu: nola janzten ginen, nolakoak ziren kotxeak, nola hitz egiten genuen, nola mugitzen ginen auto-stopean… Arroa aipatzerakoan, berriz, “Arrona es un pueblo que se divide en dos lugares por la carretera: el barrio alto y el bajo. Atreverme a decir cuál de los dos es el más bello sería una tontería por mi parte.”

Erraz irakurtzen da, nahiz eta ez den batere gozoa kontatzen duena. Azkenerako sentsazioa duzu pieza guztiak ez ote dauden behar bezain egoki muntatuak eta, agian, gauzak behin eta berriro errepikatzen ote diren, baina horixe da, hain zuzen, idazleak bilatzen duena, testuak halako amesgaizto sentsazioa eragin dezan. Edo, kostaldeko errepidea blaitzen duen itsasoak bezala, kontakizunak ere behin eta berriz datorren olatuaren itxura izan dezan.

Baina, tira, ez naiz ni inor hemen kritika literarioak egiten hasteko, eta nire eta beste inoren bitartekaritzarik gabe irakurtzea du onena, Zarautz-Arroa aldeko giro hura aitzakia hartuta, gure iragan politiko gordinaz hausnarketa egin nahi duenak.

Liburua hildako jendeari omenaldia da, batez ere Zeferinori, baita barkamena eta itxaropena helburu duen iniziaziozko bidaia ere; ez bakarrik garai berriengatik, baita gertatzen dena ahots goran hausnartu dezakegulako ere.” Horregatik bakarrik izanda ere, hau da, gertatu zaiguna ahots goran hausnartzeagatik bakarrik ere, mereziko luke liburua arretaz irakurtzeak. Hori baino gehiago da, nolanahi ere, eleberria, eta merezi du irakurtzea, benetan.

Bukatzeko, olatuaren aparra edo amesgaizto bat balitz bezala, liburuan behin eta berriro aipatzen da xehetasun bat: Zeferino Peñaren hiru urteko alabatxoa hiltzaileari begira-begira gelditzen zaionekoa. Betirako geratuko zaizkio buruan kateatuta begi haiek hiltzaile hari. Etengabeko karga astuna izango du.

Pasarte hura irakurrita, Leonardo Siasciaren “L’affaire Moro” liburu hunkigarriko kapitulu bat etorri zitzaidan gogora. Han, Aldo Moro bahitu eta ia bi hilabete ondoren erailtzen dutenean, brigadistak Mororen ezagun bati deitzen dio, gorpua non aurkituko duten esateko. Hainbat gorabehera direla medio, eta nahiz eta jakitun izan deia asko luzatzeak bere burua arriskuan jar dezakeela, brigadista hala eta guztiz ere arretatsu portatzen da (paciente, meticuloso, hasta considerado). Eta bukaeran esaten du Sciasciak: “Beharbada oraindik ere, brigadista gazteak uste du posible dela gorrotoz eta errukiaren aurka bizitzea, baina egun hartan, konplimendu hartan, errukia barruraino sartu zitzaion, gotorleku batean traizioa bezala. Eta espero dut suntsituko duela.”

Kortari ere, Zeferino hil zuen gazteari ere, egun hartan, hiru urteko umea begira zeukala ikusi zuenean, errukia barruraino sartu zitzaion, gotorleku batean traizioa bezala. Eta espero dut suntsituko zuela.

* * *

Ohartxo bat, edo itzulpenen misterioak:

Destino argitaletxeak 1996an argitaratutako bertsioa nuen nik eskuetan goian aipatutako esaldiak atentzioa eman zidanean; zehatzago esateko, Atilio Pentimalli-ren itzulpena:Acaso aún hoy el joven brigadista cree que es posible vivir de odio y contra la piedad: pero ese día, en ese cumplimiento, la piedad penetró en él como la traición en una fortaleza. Y confío en que la devaste.”

2011n, Tusquets argitaletxeak argitaratu zuen Siasciaren liburua, Juan Manuel Salmerón-ek itzulita. Asko harritu ninduen aipagai dugun esaldian Pentimalli-ren el joven brigadista”, “el joven terrorista” bihurtzen dela Salmerón-en itzulpenean:Quizá aquel joven terrorista siga pensando que se puede vivir de odio y contra la piedad; pero aquel día, en el cumplimiento del deber, la piedad penetró en él como la traición en una fortaleza. Y espero que la arrase.” Filologiak eskatzen ote zion “terrorista” hitz hori erabiltzea, edo hemen ere irizpide politiko berrien mende jarri zen itzultzailea? Behinik behin, niri atentzioa eman zidan.

Handik gutxira, Erromara joan nintzen batean (2012. urtea), lehenengo gauza egin nuen Moro aurkitu zuten tokira joatea. Michelangelo Caetani kalean aurkitu zuten Moro, Renault-4 baten maletategian. Han ikus daiteke, gaur egun ere, erdigune-erdiguneko Caetani kale hartan, non turista bakar bat ere ez den ikusten, gertakaria gogorarazten duen brontzezko plaka. Eta lekua ikusi ondoren, L’affaire Moro-ren ale bat (1978, Sellerio Editore, Palermo) erostera abiatu nintzen. Ez zegoen “terrorista” hitzik La rosa dei venti bildumako 143. orrialde hartan: “Forse ancora oggi il giovane brigatista crede di credere si possa vivere di odio e contro la pietà: ma quel giorno, in quell’adempimento, la pietà è penetrata in lui come il tradimento in una fortezza. Espero che lo devasti.”




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide