235. Dantzalekuak: gazteen irribarre hura

 

Joxe Luix Egia eibartarrak (Coleccionista de discos de vinilo y postales de grupos, dio bere sare sozialean) informazioa eskatu zidan duela gutxi, Euskal Herrian izan ziren sala-fiestas eta diskotekei buruzko azterketa egiten ari dela-eta. Arroako La Cabañaz galdetu zidan, eta hari buruzko paperak arakatzen ibili naiz. Bidean, guretzako askoz ezagunagoa izan zen beste diskoteka baten aztarnak, Artanok dioen bezala (Hitza, 2020-12-03) “Zestoako Kaixo mitikoarenak” agertu zaizkit.

Pertsona desegokirik baldin bada diskotekez hitz egiteko, hori neu naiz, ez dira eta nik gehiegi zapaldu ditudan tokiak; nahiko lotsatia naiz, orain ere, dantza eta dantzaleku kontuetarako, eta gazte garai haietan zer esanik ez. Baina tira, nik planteatuko dut gaia eta ederra izango litzateke danbolinen baten bat animatzea testigantzak bildu eta erreportaje zabal bat egitera.

1980ko hamarkada erdialdean nik zapaldutakoak, bizpahiru aldiz bada ere, aipatuko ditut segidan. Lehendabizi, Itziarko Mandiope. Han jo zuen, esate baterako, 1980an, nik hainbeste miresten dudan Zaramak (neu ez nintzen, ordea, kontzertu hartan). 1970eko hamarkadan sortu zuten Mandiope Itziarko gazteek, eta irekiera iragartzeko Bixente Ameztoyk egin zien kartela, Aurelio Artetaren Arraunlariari arraunaren ordez gitarra elektrikoa jarrita. Itziar, tope, orduan ere.

Noiz edo noiz zapaldu nuen beste dantzalekua Txitxarro zen, Itziarren hau ere, 1976an inauguratua, eta Egan eta horrelako taldeak hartu zituena. 1990eko hamarkadan, dantzako Bakalao musika hedatzen ari zelarik Euskal Herrian, zirkuitu edo moda horretan sartzen lehenetarikoa izan omen zen Txitxarro (Wikipedia dixit). Musika klase hori Tubalen garaian sortutako (Bibliaren arabera, Noeren biloba zen Tubal) euskal esentzien aurka zihoalako edo/eta dantzalekuen giroa droga kontsumoarekin lotuta zegoelakoan, edo/eta auskalo zergatik, ETAk bonba bat jarri zuten Txitxarron, Joxe Mari Korta enpresaria ETAk hil eta handik aste gutxitara, eta kalte handiak eragin zituen.

1970ko hamarkadaren hasierakoa da, berriz, goian aipatu dugun La Cabaña eta gerora Jazz Berri izango zena, Arroan, baina ez genuen harako joerarik. Diskotekaren garai oparoenetan, autobus bat egoten omen zen Zarautz, Getaria eta Zumaiako gazteak hartzen zituena, eta diskoteka atean uzten zituena, dio Mikel Madinabeitiak (El Diario Vasco, 2019-01-14). Bumping musikaren habia ere izan omen zen Jazz Berri (musika elektronikoaren azpiestiloa, hardhouse-tik eratorria, oso dantzagarria, izan behar du Bumping-a).

Norbaitek galdetuko balit leku haietatik zer oroitzapen ditudan ezingo nintzateke asko luzatu: gutxi, oso bakanak, oroitzapenak; izan ere, hain nintzen lotsatia, hain nintzen lotua hango dibertsiorako, hain sentitzen nintzen lekuz kanpo… zaila egiten zitzaidala handik esperientzia aberats eta ahaztezinak biltzea. Zorionez, denak ez dira, ordea, ni bezalakoak, eta ez da zaila izango dantzaleku horiei buruzko bizipen franko gogoratuko dituen jendea aurkitzea, eta datozen belaunaldientzako jasota lagatzea. Lehen esan dudan bezala, merezi du nire hau baino gauza sakonagoa eta biziagoa egitea Danbolin aldizkarirako.

Aipatu ditudan leku horiez gain, guretzat hurbilena –eta kutunena– Zestoakoa zen, Kilker hasieran, Kaixo ondoren, harik eta itxi zen arte.

1975eko ekainean Maria Luisa Larrauri Izquierdo legazpiarrak eskaera aurkezten du udalean: Buenavista deritzan lokala alokairuan hartu duela eta taberna irekitzeko asmoa duela, eta horretarako baimena eskatzen du. Abenduan, berriz, tabernaren ordez, dantzalekua aipatzen du: Que deseando abrir un “Baile” denominado “Kilker” sito en Cestona, paseo de San Juan s/n. y presentando proyecto a los efectos de lo dispuesto en la reglamentación de Actividades Molestas, Insalubres, Nocivas y Peligrosas, solicita que previos los trámites oportunos se otorgue la pertinente licencia.

Laster dira, horrelako establezimenduetan ohi den legez, kontuak eta komeriak, alegia, ingurukoen kexak. Arazo nagusia zarata da. Kexak dio (oso zabaldua zegoen aurreko hotela zela udaletxean idatzia sartu zuena) dantzalekua hotelak dauden leku batean planteatzen dela, baina leku horrek oso ezaugarri bereziak dituela, izan ere, jende edadetu eta gaixo asko etortzen baita hotel horietara uda pasatzera eta zirkunstantzia hori oso kontuan hartu beharko lukeela udalak. Kexa aurkeztu duenak badaki zertaz ari den: “Neure esperientziagatik esan dezaket hotel baten ondoan taberna soil bat irekitzeak egundoko eragina duela; izan ere, jendeak ez du nahi izaten taberna aldera ematen duten logelatan ostatu hartzerik. Horrek pentsarazten dit dantzalekua irekitzeak hotel guztia ixtea eragin dezakeela, baita zonaldean dauden beste batzuek ere, eta horrek herriaren interes orokorrerako egundoko kalteak ekarriko lituzke.”

Idatziak ez zuen hotel jabeak nahiko zukeen arrakastarik izan, eta, ondorioz, tramite guztiak pasa eta Gobernu Zibilaren txostena jaso ondoren, 1976ko azaroaren 13an (duela 45 urte), Zestoako Udalak dantzalekua irekitzeko baimena eman zion Larrauri andreari.

Nik baino askoz hobeto esplikatzen du hango zerbitzari izandako Jesus Aizpurua, Txispik, zer eskaintzen zuen Kaixok frankismo ondorengo garai hartan (Danbolin, 2008ko uztaila). Askatasuna aipatzen du lehendabizi, eta, esate baterako, lehenago hasten zirela harreman sexual eta afektiboak (alegia, frankismo garaian baino lehenago). Gazteak ilusionatuta ikusten ziren, “ematen zuen dena eginda zegoela, liburu-dendak irekita, askatasuna, alderdi politikoak ere bai, nahi duzuna esatea ere bai…”. Poztu egiten omen zuen gazteen irribarre hark. Baina txanponaren beste aldea ere ikusten zuen, esate baterako, drogaren lehen urratsak (“ikusten zen gazteen alboan beste zirkulu bat juntatzen zela, kamelloak…”, edo erosotasunean erortzeko arriskua (“Ematen zuen dena eginda zegoela, eta guk esaten genuen: baina hori oraindik mugitu egin behar da”).

Finean, gu baino pixka bat zaharragoek eduki ez zuten mundu bat zegoen han. Gu gazteok, 1980ko hamarkadako egoera ekonomiko latz hartan (langabezia, lantegi mordo bat ixten herrian…), etorkizuna nolakoa izango ote genuen begira egoten ginen Kaixoko terraza hartan, katuen gisara, eguzkipean, bizitzak zekarrena esku beteka hartuz. Batzuk gehiegi edan zuten anbrosia hartatik, eta garesti ordaindu behar izan zuten, batzuetan biziarekin. Beste batzuk, aldiz, gutxiegi; ez genion behar adinako etekinik atera oparotasun hari, bizitzeko egarririk ez bageneuka bezala. Beste zenbaitentzat, berriz, toki horiek ez ziren “gomendagarriak” euskal militante euskaldun, garbi eta suharrentzat, eta, besterik gabe, existituko ez baziren bezala jokatu zuten.

Duela 30en bat urte, itxi zen betirako Kaixo. Tabernek, Gaztetxeak eta kaleak hartu zuten musikaren lekukoa. Gazteen irribarre hark jarraipena zuen.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide