236. Lehortu ziren hostoak

Izaten dira, bada, Ameriketako Oesteko pelikulatan eta, hilda bezala, inor bizi ez balitz bezala, agertzen diren herriak, eta une batetik bestera zerbait larria gertatu behar duela ematen dutenak… bada herri horietako bat dirudi argazkiko honek. Zerikusirik ez –edo agian bai–, 80 bat urte geroago, tradizio handiko egunkari batek erakutsiko zuen irudiarekin: Cestona es una de esas localidades guipuzcoanas en las que uno se siente extranjero en su país. El castellano ha desaparecido por completo de la calle y en cada farola, en cada pared, hay cartelería proetarra en la que se pide el acercamiento de los presos, la excarcelación y la independencia. En el Ayuntamiento sólo ondea la ikurriña y en algún balcón de la plaza está colgada la fotografía de un terrorista. La llegada de dos forasteros al centro del pueblo es recibida con desconfianza por parte de los vecinos, que clavan en ellos sus miradas. (Pablo Muñoz: “Alivio en los feudos batasunos”. ABC.es 2006/04/01). Tira, betiko topikoa…

Deskriba dezagun pixka bat eszena. Ezkerraldean, San Joango edo Bidezarreko zuhaiztia. Hemen, lehen planoan, Akoarako eta Aizarnarako bidea, ez bapoa, alajaina. Aurrean, indigaztaina (bat edo bat baino gehiago, Hiruarboleta deitzen zitzaion-eta izkina horri). Horren atzean, Lizaso hotela, eta atzerago, berriz, Buena Vista edo Kilker edo Kaixo izango zen eremua. Atzerago, Karmelo hotela eta, honuntza bidean, Artetxe, artean eranskinik gabe, eta Don Pedro medikuaren etxea, atari aldeko hesirik gabe, mediku baten etxe bat beti egon beharko lukeen bezala, edonori zabalduta, hesi bereizgarririk gabe. Argazkiaren hondoan guk Pagotxulueta edo Txuloaldea edo, besterik gabe, Baiomendia deitzen dioguna, harkaitzez josia. Errepidea, berriz, Azorinek asko goraipatu zuen huraxe bera, “una carretera llana, sin polvo, como el piso uniforme y liso de un salón asfaltado” (adarra jotzen, ala?).

Zaila egiten zaigu sinestea nolatan bururatu zitzaion argazkilariari hain argazki baketsua, inolako bizigarririk gabekoa, ateratzea baina, tira, sakon aztertuz gero, argazki kontuetan heziketa edo begi pixka bat daukana segituan konturatuko da nola banatu duen argazkia, pi puskatan, ezker-eskuin. Ezkerraldea natura da, berdetasuna, bizitza, hegoaldeko kanpotarrei ikaragarrizko miresmena eragiten ziena. Lizaso hotela litzateke ezkerralde horren salbuespena baina ia ez da ikusi ere egiten natura artean. Eskuin aldea, berriz, eraikuntza da, gizakiaren aurrerapena, modernotasuna… Dotorea azaltzen da garai haietarako.

Argazkia, edo zehatzago esanda, postalaren jatorriak ere merezi du komentario txiki bat-bat: Museo de Artes y Costumbres de Sevillan gordeta dago (http://ceres.mcu.es/pages/Main, inbentario zenbakia, DJ11856). Ez dago esan beharrik zer nolako exotismoa iradokiko zien postalak, eskuartean izan zuten sevillarrei.

Ez gara konparaziotan sartuko, ea lehen edo orain ote den ederragoa inguru hori. Niri ez dit batere inbidiarik ematen egunero, etxerakoan, nire kotxearekin bide kaskar horretatik joan behar izango nukeela pentsatzeak, nahiz eta, bestalde, poza hartuko nukeen hor egunero, marra horiko tokian, aparkatzen duen “M” matrikulako kotxe hori ez ikusteak (hor harri horien artean ezingo luke aparkatu). Oraingo etxe bloke tzar horien ordez mendi berde-berdea ikusteak, berriz, zer esango dizuet ba… Eta, azkenik, Artetxe eta Don Pedronekoa askoz ederragoak daude argazkian orain baino. En fin, balantzea ez da hain erabakigarria. Eta, tira, Antonio Galak zioen bezala, “badakit, hala ere, alferrikakoa dela atzoko loreak iraunaraztea; egun bakoitzak bereak ekarriko dituela, eta bere bizinahia. Baina, ihes egin zuten txoriak, lehortu ziren hostoak, egiazki joan eta pasa egiten dena, nork ahal izango du atxiki? Zein kaiolatan eduki dezakegu gatibu?”

Orain, Italo Calvinok zioen bezala, “posta txartel zaharretan bakarrik goza daiteke grazia horretaz” eta argazki honi, beste askori bezala, begiratzen diogun bakoitzean konturatzen gara zer arrazoi zuen Susan Sontag idazleak zera esaten zuenean: “Denborak argazki guztiak altxatzen ditu artearen mailara, baita baldarrenak ere”. Kasu honetan, gure herriko politenetako baten aurrean gaude.

Garai bateko Zestoako uda denboraldia, alegia, ekainaren 15etik irailaren 30era, aurrera doa dagoeneko, eta izan dadila argazki eder hau joandako garaiak eta etorriko direnak gozatzeko.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide