237. Bainuetxeko iturri monumentala

Aurreko Aztarka batean (2020-07-14) aipatu genuen Francisco de Paula Antoniok (Fernando VII.aren anai txikia), bere emazte Maria Carlotak eta horien sei seme-alabek Zestoako bainuetxera egin zuten bidaia, 1830eko uztailaren 8an. Han esaten diren gauza batzuk ez dira guztiz zehatzak eta, ezer baino lehen, argi dezagun kontua. Hamabost bat egun egingo ote zituzten Zestoan, esaten genuen, baina urte hartako Batzar Nagusietako aktak irakurrita jakin dugu uztailaren 8ko arratsaldean iritsi zirela, gaua bainuetxean pasa zutela eta hurrengo bazkalondoan alde egin zutela. Egun bat, justu-justu, beraz. Argituta geratzen da.

Bide batez, esan dezadan, oso zehatz eta bizitasun handiz azaltzen dutela akta horiek nola izan ziren bidaiaren prestaketak. Lehendabizi, Errege familia hona etortzeko biderik erosoena zein ote zen aztertu zuten Batzar Nagusiek; ondoren, inguruko herriei langile jendea eskatu zieten errepideak konpondu eta txukuntzeko (esate baterako, hemen, Casa de Herrero deiturikoaren inguruan –Alberdikoa ote?– ibaiak zeharo janda zeukan bidea eta obra dezentekoa egin beharra zegoen, errege-familia Loiolara joatea nahi bazen); instrukzio franko ere bidali zituzten, herri bakoitzean harrera nork eta nola egin behar zien zehaztuz; segurtasun aldetik ere neurri ugari hartu zituzten, eta Gipuzkoa bertako armadaz gain Almansa erregimentuaren atal bat jarri zuten herriak zaintzen…

Esan bezala, egun bat besterik ez zuten egin Zestoan baina bisita hark oihartzun handia izan zuen eta Zestoa Espainia osoan ezaguna izateko eta aristokraten udaleku izateko lehen oinarriak jarri zituen. Eta –hau da gaurko idatziaren mamia– bisitaldi hura eta ur haiek betirako gogoratuko zituen iturri monumental bat egitea pentsatu zen. Ez dugu erabakia zuzenean ezagutzerik izan, bai, ordea, zeharka, hona dakarkigun planoari esker: “Diseños que demuestran la planta y alzados de un Grupo que los Serenísimos Señores infantes Dn Fancisco de Paula y Dña Luisa Carlota intentan erigir en la fuente mineral de Lasao”.

Planoa, gaur egun Madrilgo Lazaro Galdiano museoan kontserbatzen dena, Mariano Jose Laskurainek egina da 1830ean. Lascurain (Mutriku, 1792 – Bergara, 1872) nahiko arkitekto ospetsua izan zen. Besteak beste, Gipuzkoako Bideetako Zuzendaria izan zen eta baita Donostiako Udal Arkitektoa ere. Kultura klasiko handiko gizona, 1819an, Erromara bidaia egiteko baimena eskatu zuen, eta, besteak beste, Torino, Genova, Florentzia, Milan, Venezia eta Erroma bisitatzeko asmoa zuen. Azken horretan, denboraldia pasatzea pentsatzen zuen, hain zuzen ere, antzinako aztarnak aztertu eta marrazteko.

Dirudienez, lehendabiziko lan aipagarrienak 1828an egin zituen: Zaldibiako parrokiaren kanpandorrea eta ataurrea, Markinako udaletxe ondoko erlojudun dorrea edo Mutrikuko eliza (Silvestre Perezen proiektua). 1829an, Errege Akademiako kide izendatu zuten. Handik aurrera lan ikaragarri egin zuen: Azkoitiko barriken iturria (1831); Azpeitiko erruki-etxea (1833); Azkoitiko Madariagako eliza (1841); Arantzazuko komentuko eliza (1844); Azkoitiko San Juan bainuetxea (1846); Uzarragako elizaren berreraikuntza (1847); Munitibarkoarena (1848); Tolosako parrokiko aldaketak (1850); Ondarroako udaletxea (1850); Irungo abere hiltegia, harategi eta arrandegia (1852), Oñatiko plaza (1853); Bera Bidasoako parrokiko erretaula (1853); Loiolako basilikaren alboko aldareak…

Zestoan ere ibili zen Laskurain. Lehen aipatu dugun errege-bisitaldi hura zela eta (1830), Laskurain Gipuzkoako Bideetako Zuzendaria zenez, berari eman zioten Batzar Nagusiek ibilbiderik egokiena eta erosoena aukeratzeko ardura, eta ibilbide osoan zehar egin behar ziren konponketak koordinatzeko lana. Zestoa ondo ezagutzen zuen, beraz, eta batez ere bainuetxea. Ondorioz, berari egokitu zitzaion bainuetxean iturri monumental bat egiteko proiektua diseinatzea, errege-familiak Zestoako bainuetxea bisitatu eta handik gutxira. Ez dugu aurkitu nork egin zion enkargua; dakigun gauza bakarra da proiektuak berak dioena, alegia, ekimena Francisco de Paula eta emazte Luisa Carlotak bultzatu zutela.

Proiektuaren arabera, eraikuntzaren aurre aldea arkudun sarrera batek hartzen du zeinak bi koloma toskanar dituen. Barrura sartzeko hiru eskailera maila ditu eta hondoan nitxo bat, eskultura bat jartzeko-edo. Haren gainean, brontzezko inskripzio bat: “A la humanidad y Comodidad pública / los Serenisimos Infantes de España / Dn Francisco de Paula y Dña Luisa Carlota”. Oinplanoan ikusten denez, aipatu sarrera hori igaro eta ezkerretara, harraska eta iturria leudeke. Fatxada nagusiko sarreraz gain, eskuinean ere badu beste bat, agian ate nagusitik sartu eta albokotik irteteko. Eraikuntzak 3 bat metroko zabalera du, gutxi gora-behera; ez da, beraz, oso handia, baina bai klasikoa eta ederra.

Berehala etortzen zaigu burura galdera bat: iturri monumental hori eraikitzera iritsi ziren edo proiektu bat besterik ez da? Dauzkagun zantzuen arabera, Zestoako Udalak sustatuta, errege-agindu bat eman zitzaion bainuetxeko nagusiari (San Millango markesa) hainbat obra egin zitzan bainuetan. Ematen du, hango mediku izandako Zearrotek esandakoaren arabera (1822), etxe berri bat eraiki zela Ugartemendia arkitekto ospetsuaren plano eta zuzendaritzarekin. Obra haien bueltan, oso litekeena zen 1830ean iturria eraikitzea, eta dozena bat urte geroago bainuetxeko mediku izandako Jose Salgadoren deskribapenean ageri dena Laskurainek egindakoa izatea (“Tiene sus buenas pilas de piedra para los baños medicinales y de agua dulce, chorro, estufa y fuente donde se toma el agua para el uso interior.”).

Horri erantsi behar diogu, goian aipatu dugun bezala, 1831n egin zuela Azkoitiko barriken iturria (1831) eta 1846an Azkoitiko San Juan bainuetxea (lehendabiziko eraikuntza) Laskurainek.

Horrez gain, urte horietan, Laskurain etengabe ibili zen Zestoako bainuetxean: hain zuzen ere, iturburua ez zegoen ondo kanalizatuta, nonbait; ondorioz, ura galdu egiten zitzaien eta gutxi iristen zitzaien establezimendura. Hori zela eta, 1852ean ura hobeto biltzeko ahaleginak egitea erabakitzen zuten, eta, horretarako, Laskurain eta Manuel Peironceli kontratatu zituzten.

Beraz, Laskurain gure bainuetxean sarri ibili zela garbi dago baina momentuz zaila da frogatzea 1830ean proiektatutako iturri hura eraiki ote zen edo ez. Nik baietz uste nuen eta, agian, XX. mende hasierako eszenografia hura egin zenean (Lourdesko harpea irudikatzen zuen iturri hura) eraitsiko zutela iturri klasikoa. Baina inguru haiek eta txoko haiek nik baino mila aldiz hobeto ezagutzen dituen Bizente Davilak esan dit ezinezkoa dela, seguru dagoela proiektuko iturri hori ez zela eraiki. Ondorioz, esaerak dioen bezala, kukuak aldrebes jo zidan niri ere (Gotzon Garateri zor diot atsotitza), eta triste eta burumakur geratu ginen Bizente eta biok, hain proiektu ederra gauzatuta ikusi ezin izanagatik.

Gure herria nahiko antzua da XIX. mende hasierako arkitektura neoklasiko horietan baina aztarna xume batzuk badauzkagu han bainuetxean, beste eraikuntza berriagoen artean ezkutatuta. Merezi du horiek aztertzea eta balioan jartzea.

Eta bukatu egin behar dugu. Gauza hauekin burua bero-bero eginda naukanez –nahiz eta Bizentek iturriaren kontuan nire usteak zapuztu– azken galdera edo burutazio batek piztu zidan kuriositatea: eta 1846an eraikitako Sarrerako hotela Laskurainena balitz? Poz ederra hartuko nuke.

Argazkia: Museo Lázaro Galdiano. Inbentario zenbakia 08979. Altuera = 824 mm; Zabalera = 513 mm




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide