238. Maila goreneko kulturarekin konektatuta

Konturatuta nago testu luze samarra eta irudi korrientea duen zerbait idazten dudanean, jendeak ez duela hainbeste arreta jartzen; aldiz, argazki deigarri bat denean, nahiz eta testua kaskarra izan, berehala hasten da “atsegin dut” ikurrari ematen. Oraingo honetan, argazki ederra duzu, benetan, irakurle, galdera asko eragiten dituena. Erantzunen zain egon beharrean, ordea, jada argitaratzea erabaki dut.

Ezaguna da tokia: Foru plaza, Laranjadi eta toril aldera begiratura. Laranjadi, lehen zen bezala, zuhaitz mordoxkarekin, plazari eta inguruko etxeei itzal egiteko beldurrik gabe (tira, ez naiz polemikatan sartuko). Atzeko etxeak, eskuin aldekoak behintzat, oraingo antzera. Torilak, berriz, lehen ziren bezala: gogoratuko dugu 1943an proposatu zuela Ramon Kortazar arkitektoak, ate horiek kentzea eta behea ere, goia bezala, arkuekin jartzea. Beraz, bistakoa da argazkia 1943a baino lehenagokoa dela. Guk, gero azalduko dugun beste xehetasun bat medio, badakigu, dena den, argazkia 1922ko maiatzean edo ekainean ateratakoa dela. Ekainean seguruago, izan ere, hor ageri diren zenbait emakume eta gizonezkok kanpotar tankera garbia baitaukate, batez ere janzkeragatik. Ia ehun urte dauzka beraz argazkiak.

Ez dakigu zer dela-eta dauden argazki kamerari begira emakume horiek denak eta hor suertatu diren hiru gizonezko (egia esateko, argazkiaren ezkerraldean, bada mikelete bat ere, arkuaren azpian ezkutatuta). Aurreko hirurak zerbait josten edo puntua egiten ari dira, gainontzekoak begira-begira daude. Esan dugu asko kanpotarrak direla, eta hori janzkeran antzematen da ederki asko: lepagaineko larru horiek, beltzez janzte hori, hemengoak ez diren aurpegiera gogor horiek, bi gizonezkoren kapeluak… Badirela, ematen du, bertakoak ere, eta, oker ez bagaude, hor ezker aldean dauden neskatxa horiek bertakoak dira; gizonezkoen ondoan dagoena ere larri ibili.

Lastima da ez jakitea zertan dauden emakume horiek denak, bakarrik, argazkiaren aurrean, baina ea hurrengo batean pixka bat arakatzen dugun egunkarietan eta zerbait argitzen dugun. Ongintzazko ekitaldiren bat ote da tarteko? Lehiaketaren bat? Zaila asmatzea. Kontuak kontu, argazkia oso ederra da, ez zaitu axolagabe uzten, eta 1922an emakumez betetako argazki bat ikustea eta gizonezkoak, hegal batean, baztertuta, zer pentsatua ematen du.

Argazki honetan bada beste kontu bat bereziki aipatzea merezi duena, eta tarte pixka bat eskainiko dioguna: hor, toril izkinako goiko kartelean, ematen den informazioa. Hain zuzen ere, Madrilgo Orkestra Sinfonikoak, Enrique Fernández Arbós-en zuzendaritzapean, Donostian eskaintzekoa zuen kontzertuaren berri ematen du. Beethoven-en 9. sinfonia ez ezik, beste zenbait pieza eder eskainiko zirela iragartzen zuen, eta horien artean merezi du “Daphnis et Chloé” edo “Lohengrin” maisulanak azpimarratzea, zeinetan Carlota Dahmen handiak kantatu zuen.

Baina aurrera segi aurretik, esan dezadan zein zen kantari hori. Carlota Dahmen (Kolonia, Alemania, 1884 – Madril, 1970) soprano alemaniar bat zen. Bere jaioterriko kontserbatorioan egin zituen ikasketak, eta Eladio Chao Sedano espainiar kantu irakaslearekin ezkondu zenean, bere ezagutza teknikoak hobetu egin zituen, arte lirikoaren sekretu guztiak menderatzea lortuz eta Europako publiko zorrotzenak txalotuz. Alemanian, Londresen, Vienan, Rio de Janeiron, Buenos Airesen, Madrilen eta Bartzelonan… eskaini zituen kontzertuak. Bere ibilbideko azken urteak hezkuntza lanetan eman zituen Madrilen.

Carlota Dahmen” jartzen du, hizki handiz, torileko kartelak. 1922rako ospetsua zen Dahmen, eta apirilaren hasieratik aurrera, Madrilen eta estatuko beste hainbat hiritan (Oviedo, Valentzia, Bilbo…) eskaini zuten hor kartelean iragartzen den emanaldia. 1922ko maiatzaren 21ean eta 22an etorri ziren Donostiako Victoria Eugenia antzokira, Madrilgo Orkestra eta Dahmen, Donostiako Orfeoiarekin kantatzera.

Madrilen, arrakasta izugarria izan zuen Dahmen andreak garaiko prentsaren arabera: “Arratsaldeko txalo zaparradarik sutsuenak izan ziren, izan ere, lehen obretan ñabardura izugarri aurkeztu baitzituen, denak ere arte bikain eta domeinu berekoak” (El Heraldo de Madrid, 1922-04-11). Donostian, ordea, gaur egun ere, neurri batean, gertatzen den moduan, jendea aspertu egin zen: “Gor jainkotiarraren obra [Beethoven-en 9. sinfoniaz ari da] sublimeki azaldu zitzaigun. Arbós eta Esnaola txalotu egin zituen publikoak. Dahmen andrea, Maria Hernandez andereñoa eta Arruti eta Peña jaunak oso ospatuak izan ziren. ‘Dafnis y Cloé’ bakanalarekin, Ravel eztabaidatuaren orrialde distiratsuarekin, amaiera eman zitzaion kontzertuari. Asko gustatu zitzaion jendeari, baina ez zuen merezi bezainbeste txalo jaso, orduak oso aurrera zihoazelako. Jendea nazkatuta zegoen”. (La Voz de Guipúzcoa, 1922-05-23).

Horiek denak, egia da, ez daukate zerikusirik gure herriarekin baina hemen azpimarratzekoa da zer dela eta zegoen maila horretako emanaldi baten kartela gure herri txiki “triste” honetan, eta, gainera, maiatzean, ur denboraldia artean hasi gabe zegoenean. Esanguratsua da kartelaren kontu hori Zestoan garai hartan egon zitekeen maila intelektuala neurtzeko. Kartel haien bidez, jende arruntak, kontzertura joateko bitartekorik eduki ez arren, entzunak zituen Beethoven, Strauss, Ravel, Fernández Arbós, Donostiako Orfeoia, Dahmen eta beste askoren izenak. Inguruko herrietan ere ohikoa ote zen maila horretako ikuskizunak plazaren erdi-erdian iragartzea?

Beste behin ere, zeharka bada ere, orduko maila goreneko kulturarekin konektatuta ikusten dugu Zestoa. Poza hartzen dut.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide