241. Jaiotzeak hiltzea zor

“Bizialdiaren ilunsentia urruti ikusten duenari atzerakoa ematen die kanposantuek”, idatzi nuen danbolinen orain dela hamazazpi urte. Ez naiz hemen gai transzendentaletan sartuko; kanposantuen xarma azpimarratuko dut soilik. Aipatu dudan artikuluan esan nituenak plagiatuz, hilerriak –mundu osoa bezalaxe, finean– sekulako kontsulta-liburuak dira, entziklopedia baten gisa kontsulta daitezkeenak, ireki orrialde bat eta ikaragarrizko informazio aberatsa ematen dizutenak.

Guneak berak pizten du gure interesa, lehendabizi; tokiak indar berezia du: bakardadea sumatzen da bertan, heriotzaren zama dakar burura hilarri pilo hark –antzinako eresiak dioen bezala, “azpian lur hotza, gainean harria” –, halako misterio kutsua ere badute… Bestalde, hilerrietan oso nabarmena da harrizko eta marmolezko baso txiki batean sartzearen sentsazioa: zuzen-zuzen lerrokatutako basoa nabarmentzen da batzuetan; bere kasa, arbitrarioki, ernetako baso txikia besteetan. Kanposantu batek ez du inoiz utziko pertsona bat sentsaziorik piztu gabe.

Oso ugaria da gaiari buruzko bibliografia. Bat apartatzekotan, Cees Nooteboom Herbehereetako idazlearen Tumbas de poetas y pensadores dut estimatuena. Testu ederrekin batera, Simone Sassen-en argazkiak ditu, eta bidai luze eta zabala egiten du poeta eta pentsalari ugariren azken lekua gurekin partekatzeko.

Nik neuk ere, hara eta hona bidaiatzen dudanean, gustukoa dut kanposantuei errepasotxo bat egitea. Esate baterako, duela hogei urte Sizilian izan nintzen, eta ez nuen, han, Racalmutora joan arteko onik izan. Han zeuden, hilerriaren sarrera aldean, marmol zurizko hilobi xume batean, Leonardo Sciascia idazle miresgarriaren gorpuzkiak. Sarriagotan izan naiz, berriz, Bordelen eta askotan joan naiz hango Cimetière de la Chartreuse delakora, alegia, Kartusiako kanposantura. XIX. mende hasietako zenotafio multzo bat bada han. Zenotafioa hilobi huts edo hilobi-monumentu bat da, oroitzapen berezi bat izan nahi duen pertsona edo pertsona-talde baten omenez eraikia. Eraikin sinbolikoa da. Zenotafio horien artean dago Goya margolariarena. Jakina da Goyak, Espainiatik ihes egin zuenean, Bordelera joan zela bizitzera, eta hantxe harrapatu zuen Heriok, 1828an, margolariak 82 urte zituenean. Pio Barojaren hilobia ere, Madrilgo Hilerri Zibilean, ekarri nuen lerro hauetara duela pare bat urte. Erroman, berriz, hain zen handia kanposantua, ia galduta ibili ginela lagun bat eta biok, hango hildako ospetsuen bila. Egia esan, batzuetan pena ematen du ikusteak zein ahaztuak eta utziak dauden gure aurrekoak; esate baterako, Pilarika aurretik izan ginen Parisko Père Lachaisen, eta ikustekoa da non dagoen eta zein ahaztua, esaterako, Maria Callas handia: hilerriaren erdi aldean badute han kolunbario edo osario gune bat, lurpean, eta hantxe, plaka ziztrin batekin eta lorerik eta ezer gabe dago, alajaina, gure Callas.

Eta, tira, adibide gehiago ere emango nituzke baina luzatzen ari naiz eta hementxe utziko dugu. Utzidazue bakarrik esaten, ni agian pixka bat mitomanoa izango naizela, baina ez naizela bakarra, eta lagunek bultzatuta ere joan izan naizela makina bat hilobi ikustera, nahiz eta niri, kilima handiegirik ez eragin mito haiek; esate baterako, Rocio Juradoren hilobira (Chipiona) edo Lola Floresenera (Madril), zein baino zein gustu zalantzagarrizkoagoa.

Zestoako kanposantuak ez dira Europako hiri handietako hilerri monumentalak bezalakoak, ezta hemen hurbileko Derio edo Polloe bezain aberatsak, baina bere xumean gure herriko ondare historiko eta artistikoaren atal garrantzitsua osotzen dute. (Hasieran aipatu dudan artikuluaz baliatuko naiz berriro ere). Hilobi batzuk bikainak dira, benetako panteoitzarrak, eta zaharrenak ere bai: Baltzolatarrena, Arroan, eta Etxaidetarrena, Zestoan. Garai hartakoak, alegia, duela ehun bat urte baino gehiagokoak, beste asko daude oraintxe aipatutakoak baino xumeagoak izan arren: bakarren batzuk neogotikoa deritzan estiloan eraikiak, beste batzuk estilo eklektikoan… Oso aberatsak eta anitzak dira estetika aldetik; denetik ageri da: euskal motibo tradizionalak (antzinako itxurako hilarriak, lauburuak, irudi geometrikoak…); gerra ondorengo agintearen estetika (harri ilunezko hilerri zorrotz horiek); azken urteetako gatzgabeko estiloa, seriean egina; kitsch estetika; eszenak (bitxia da zeramikaz egindako kalbarioa (Narkis Balentziagak egina ote?); benetako artelan modernoak (Keixetarena dotorea da); esentziala bakarrik nabarmentzen dena) eta abar.

Teknikari dagokionez, era industrialean egindakoen zuzentasuna nabarmentzen bada ere, artisau lanen xalotasuna ez da oharkabean pasatzen: erreka-harriekin apaindutako hilobiak, eskuz margotutako naturalismo motiboak… Ia beti harria erabiltzen da –hori da askotan hilerrien hoztasunaren arrazoi nagusia– baina, oso kasu bakanetan bada ere, egurra eta zeramika ere ageri dira.

Hilobi ugarik bitxikeriarako parada eskaintzen dute. Esate baterako, heriotzaren ugaritasuna ekartzen du gogora hilobi txiki batek, izenez bete-beteta dagoen batek. Beste batzuk hilarri bikoitzak dira: batetik, hildako pertsona ekartzen dute gogora; eta bestetik, gure euskaran hil diren hamaika hitz: ilbeltza, jorraila… Hilobietako esaldiei dagokionez, Zunzunegi sendiarenak ematen du atentzioa; ez dago esan beharrik nori bururatu zitzaion Salmoetako esaldi hain asaldagarria jartzea: “In te Domini speravi, non confundar in æternum”, hau da, “Jauna, zuregan dut babesa: / ez diezadala inoiz usteak huts egin!” (71. (70.) Salmoa. Zahartu eta ahulduaren otoitza).

Bi hitzetan esanda, itxura askotako hilobiak —batzuk artistikoagoak, besteak apalagoak— ikusi eta aztertzeko aukera hor daukagu begi aurrean.

Bukatzeko, utz iezadazue kanposantuei buruzko historia pixka bat egiten. Jakina den bezala, hasiera batean, eliza barruan hilobiratzen zen jendea. Hala izango zen, gutxienez, herria sortu zenetik XIX. mendera arte. Arroagoian, oraindik han daude lehengo egurrezko hilobi zaharrak, eliza guztiaren zorua hartzen dutenak. Familia bakoitzak bere hilobia zuen elizan eta bakoitzak bere argi-ohola (argizaiola) edukitzen zuen piztuta bere lekuan. XIX. mende hasieran –ez dut gogoan 1802an ez ote zen– agindua bidali zioten udalari lurren bat lor zezan eliza inguruan, han lurperatzeko hildakoak. Gaur egun Elizondo dagoen orubea erabili zuten horretarako, are eta, 1892an, Arteaga aldean kanposantu berria egin zuten arte. Normala denez, kanposantu zaharreko gorpuzki guztiak Arteagako hezurtegira eraman ziren. Hona iritsita, gogoratu nahiko nuke, Pio Barojak hemen mediku ibili zenean (1894-95) buru-hezur mordoxka bat eraman nahi izan zituela etxera, ikerketarako, baina beste medikuak, Pedro Diazek, eragozpenak jarri zizkiola. Jakina, pasarte hori irakurtzen duzunean idazlearen memoriatan, ez da pentsatu behar gure Barojak hilobiak eta lurrak arakatzea nahi zuenik hezurrak aurkitzeko, baizik-eta, lehen esan duguna, eliz ondoko kanposantu zaharretik eramandako buru-hezurrak nahi zituela. Ehun urtera ez zen iritsi gure kanposantua osorik. Izan ere, 1980ko hamarkada amaieran, erre egin ziren kapera eta ondoko instalazioak (ikus argazkia; Imanol Etxabe lankide ohi eta lagunari zor diot argazki tragiko hau nire eskuetara iritsi izana). 1991 inguruan, gaur egun ezagutzen dugun eraikuntza egin zuten. Izan ziren obra haietan zenbait gorabehera Eliza eta Udalaren artean baina hurrengo baterako utziko dugu hori, asko luzatu naiz eta.

Azken urte hauetan asko ugaldu da erraustea, eta kanposantuak garrantzia galtzen ari dira, baina beti da aukera ona hura bisitatzeko eta haren historia eta xehetasunei erreparatzeko. Eta zer demonio, esaerak dioen bezala, jaiotzeak hiltzea zor duenez, egunen batean geuk ere igual hantxe bukatuko dugu. Baina ez gaitezen orduz lehen hil-kanpaiak jotzen hasi.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide