242. Blasa atariaren lasaitasuna

Ezer ez da geratzen gaur egun. Gauza inportante bat izan ezik. Niri atentzio gehien ematen didan xehetasuna, argazkiak transmititzen duen bakea, lasaitasuna. Emakumeak, garai haietan ohi zen bezala eta argazki frankok erakusten dutenez, puntua egiten, Penelope modernoak balira bezala (zein Odiseo edo Ulisesen zain ote daude argazkiko horiek?). Dena da puntua mahaian: haria, haria gordetzeko zakutxoak edo otarretxoak, betaurrekoak, abanikoren bat… Ezer ez puntuarekin zerikusirik ez daukanik: freskagarririk, metxerorik, hautsontziren bat…

Adin batetik gorako irakurleak tankera emango zion bezala, Blasa hotelaren atarian gaude; “En el jardín del hotel Blasa” dio zehazki argazkiak. Hainbat mahai daude, burdinurtu eta marmolezkoak, beste eserleku mordoxka zumitzezkoak, eta guneari goxotasuna emateko, landare batzuk, hemen inguruko hiri bainuetxeetan betidanik protagonista izan den hortentsia buru delarik. Arratsaldeko lehen orduak dira, dirudienez, eguzkiak Laranjadi aldetik jotzen du eta. Bero pixka bat dago, antza, emakumeek jertsea sorbaldetan dute eta.

Pentsatzen jarrita, argazkia eta bertako giroa erraz asko izan zitezkeen 1920ko hamarkadakoak bi xehetasunengatik ez balitz. Batetik, janzkera: 20ko hamarkadan, klase arruntenek ere, trajea edo txaketa janzten zuten gurea bezalako herri batera etortzeko. Gerora, ordea, goi mailako joskintzari prêt-à-porter delakoa gailenduko zaio, alegia, denbora oso laburrean eta diru gutxiagorekin, probatu eta arropa jantzita eramatea ahalbidetzen duen fenomeno industriala. Argazkia 1960koa da zehazki, eta artean ez ziren bistaratu galtza bakeroak Zestoan. Hala ere, nahiz eta jendeak formal jantzi, trajearen ordez, egoera informaletarako galtza arruntagoak eta jertse irekiak hasi ziren erabiltzen, argazkian ikusten dugun bezala. Gorbata, berriz, egoera berezietara mugatzen hasi zen.

1960an gaudela, eta ez 1920an, erakusten duen gauzarik agerikoena autoa da, zalantzarik gabe. Ni ez naiz gai horietan interes gehiegi jartzen duen horietakoa baina hor atzean ageri den horrek atentzioa eman dit eta ikerketa xume bat egin dut. Gai horren inguruan edozeinek daki nik baino gehiago eta, ondorioz, hemen zerbait okerra esaten badut, gustura asko entzungo ditut zuzenketak edo argibideak. Itxura guztien arabera, hor atzean dagoen kotxea Renault Dauphine bat da. “La delfina” deitzen omen zitzaion Espainian. 1956ko martxoan aurkeztu omen zuten, ofizialki, Genevan eta, Espainiari dagokionez, 1958an hasi omen ziren ekoizten Valladolideko Fasa Renault lantegian. Ondorioz, ez zen edozein herrixka izango, garai hartan, Zestoa, bi urte beranduago gure kaleetan horrelako autoak ikusteko. Mundu osoan, marka horretako bi milioi auto inguru saldu omen ziren, eta Frantzia kenduta Argentinan eta Espainian izan omen zuen arrakasta gehien.

El coche de las viudas” deitzen omen zioten. Izan ere, motorra eta trakzioa atzekoak zituenez, portaera txarra eta aurreikusi ezina omen zeukan bihurguneetan eta bustitzean. Kontuak kontu, modernitatea ematen dio argazkiari autoak, gehiegizko sosegu eta giro kontserbadore horren atzean.

Ezer ez dela geratzen gaur egun, argazki zoragarri horretan ageri denik, esan dut hasieran baina ez da egia. Gure protagonistei itzal egiten dien magnolia ederra zutik dago oraindik, eta urte askoan hala egon dadila desio diogu. Magnolia, hortentsiak bezala, hiri termaletako ikurra zen, eta Bainuetxean ez ezik, Arozenan eta hemen Blasan ere baziren (eta badira). Ez dakigu seguru hotelaren sorreratik dagoen (duela ehun urte inguru eraiki zen) baina 1960ko argazki honetan dagoeneko mardula ikusten denez, ez batere harritu zuhaitza ere ehun urtera hurbiltzea. Merezi du, beraz, begirune pixka bat, eta Jainkoak gorde dezala begien aurrean ikusi nahi ez duten esker txarrekoengandik.

Plazatxoak ez dauka, gaur egun, argazkian zeukan xarma –izenik ere ez dauka, alajaina!baina eder askoa izan zen garai batean, bai horixe, argazki honi esker ikus daitekeen bezala.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide