243. Buztinetik sortua da, zu bezala

Julian Olaberri hil zaigu, eta, bat-batean, gure aitona etorri zait burura: laurogei urtetik gora zeuzkanean, burua joaten hasi zitzaion, eta hala eman zituen hilabete batzuk, hil zen arte. Makilak egiteko afizioa zuen gure aitonak, eta nahiz eta makalduta egon eta ezin jaiki ohetik, buru hartan zerbaitek esaten zion etxe inguruko gaztainondoak puri-purian egongo zirela makila beltzaran eder haiek egiteko, eta behin baino gehiagotan, abiatu ere egin zen zelaian barrena, bere oheko arropekin, makilak egiteko asmoz. Konturatzen ginenean, ihes egindako ardia bezala atzera berriz etxera ekartzen genuen.

Julian Olaberri hil zaigu. Eta gizon atsegin bat joan zaigu. Herritarroi kasu egiten zekien pertsona. Antzinako gizalegearen irizpideak jarraitzen zituena: hasierako diosala, ondorengo sarrera eguraldiari buruz edo familiako norbaiti buruz –gaur egun esaten dugun bezala, enpatia eragiteko– eta, azkenik, tokatzen bazen, hizketaldia honetaz edo hartaz. Dena labur, esentziara mugatuz, perfumeak bezala konbertsazioak ere, dosi txikietan ederragoak izaten direlako. Oso konfiantzazko pertsona bat baldin bazen bai, orduan luze eta zabal hitz egiteko bideak zabaldu egiten ziren.

Julian Olaberri hil zaigu. Eta gure herriko azken otargilea joan zaigu. Beste askok eskolako eta liburuetako jakinduria utzi izan diguten bezala, Julian belaunaldiz belaunaldi, milaka urtean, transmititu den jakinduria praktiko baten azken katebegia genuen. Galzorian zeuden eta inork gutxik ezagutzen zituen otar klase batzuk Julianek bazekizkien egiten, eta horren adibide da zenbait museotan –esate baterako, Astigarragako Sagardoetxean edo Sagardoaren museoan– gordeta dauzkaten “neurri otarrak” (neurria edo kubela) Julianek eginak direla bere garaian.

Garai batean, 1990eko hamarkada hasietan-eta, jende franko hurbildu izan ginen Julianengana, Olaberrira, eta horri esker Julianen irudi asko daude, otarrak egiten. Danbolinen ikus daitezke duela hogei bat urteko irudiak, Javier Carballok ere baditu argazki eder askoak, eta bideoz jasotako irudiak ere badira Madril aldean. Museo eta etxeetan dauden otarrei eta aipatutako irudi horiei esker, Julianen oroitzapena hor geratuko da puska batean.

Julian Olaberri hil zaigu. 2004ko abenduan Danbolin aldizkarirako bere errain Nagore Telleriak –pertsonen karakterizaziorako duen dohain miresgarriarekin– egin zion elkarrizketan ikus daiteke pixka bat nolakoa zen Julian: “Lasaora bidean edo handik bueltan ikusiko zenuten motoan pasatzen xira aldrebes jantzita, kremallera atzean duela, tarteka ekilibristen modura ere bai saskiren bat manilarretik zintzilik. Beti haizeak nahieztako aurpegi gorriarekin. Bizi-bizi eta beti txapelarekin. Egunero joaten da Olaberri baserrira zumitz artera, jaiotetxean dauka eta berak lantokia”.

Julian Olaberri hil zaigu. Jaiotzeak hiltzea zor. Gaztainazko zumitz haiek biltzen zituen baso harekin berarekin bat egingo du orain, naturarekin bat. Eta guk kanta honekin gogoratuko dugu:

Bihotz, buztinezko Bihotz,

Etxe ttiki bat zara,

Ahula, hauskorra, lau gelatako;

Lau, lau gelatan Bihotz,

Zenbat mamu dauzkazun,

Nola ikaratzen zaren, gauean;

Gau, gau batzutan Bihotz,

Hautsi egiten zara,
(…)

Bihotz, antzinako Bihotz,

Ez al zara zaharregi,

Eta ilun, eta itsu, barregarri;

Ilun, ez da dena ilun,

Begirazazu leihotik,

Ikustazu baso hori, berdatzen;

Berde, zein berde dauden,

Basoko garo zuhaitzak,

Zein ixil eta lasai, arratsean;

Arrats, arrats hontan Baso,

Hartzazu ene Bihotza,

Buztinetik sortua da, zu bezala.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide