245. Gabon zoriontsuak eta Urte Berri on, bihotzez

Hemen duzu, irakurle, azken urtetako ohiturari jarraituz, Gabonetako zorion-txartela. Bihotza dugu aurtengo protagonista. Aurtengo martxoko igande goiz hotz baina eguzkitsu batean, Donostiako Federico García Lorca pasealekutik nindoala, bihotz itxurako globo bat ikusi nuen indigaztainaren adarretatik kateatuta. Oso irudi polita bezain deigarria iruditu zitzaidan, eta argazkia atera nion. Ia seguru nengoen argazki huraxe izango zela aurtengo zorion-txartela, eta halaxe gertatu da.

Martxo hartatik, pasa ziren ospatu gabeko Santakutzak, pasa ziren uda eta Amabirjinak, joan ziren gure ukuiluko enarak gurea baino leku epelagoetara, udazkena agurtu zitzaigun etengabeko euriz eta ondoren eguzki goxoz, eta iritsi zitzaidan martxoko argazki hari osagarriak bilatzen hasteko unea.

Ez nuen aztarrika sakonik egin, derrepente iritsi zitzaidan-eta eskuartera testu eder eta iradokitzaile bat. Hara –pentsatu nuen– ukitu batzuk emanda, primeran geratuko zaidak esaldia. Ukitu horiek egitea zilegi ote den ez daukat batere garbi oraindik ere, baina inozentzia eta fede txarrik gabe eginak direnez, ez al ditu gaizki hartuko egileak zein irakurleak.

Esaldia ederra zen, iradokitzailea, literarioa, Italo Calvinoren ipuin ederrenetan (Marcovaldo?) distirarik galduko ez zukeen horietakoa: “Lurzoruan adina bihotz zati daude zintzilik, zuhaixka, adaxka eta zuhaitzetan kateatuta. Gora begiratu, eta zerurik ez da ikusten gunerik kaltetuenean. Kolore, forma eta tamaina guztietako bihotzek estaltzen dute zeruaren grisa”. Bihotzaren irudiak daukan konnotazioa medio (maitasuna) egoera oso baikor eta ametsezkoa proposatzen digu argazki/testu bikoteak.

Nik egindako ukituetan dago, hala ere, tranpa: nik “bihotz” jartzen dudan tokian “poltsa” baitio jatorrizkoak eta “bihotzek” jartzen duen tokian, berriz, “plastikoek”. Iraulita geratzen da nire zorion-txartela, eta errealitatea bortitza da. Hemen jatorrizkoa: “Lurzoruan adina poltsa zati daude zintzilik, zuhaixka, adaxka eta zuhaitzetan kateatuta. Gora begiratu, eta zerurik ez da ikusten gunerik kaltetuenean. Kolore, forma eta tamaina guztietako plastikoek estaltzen dute zeruaren grisa. Itolarria ematen du bertan sartzeak. Amesgaiztoa balitz bezala, plastiko zatiak oldartu, eta irteera galaraziko duen sentsazioa eragiten du zabor basoaren itxitasunak. Maldan behera datorren errekatxoaren ur gardena ere milaka zabor poltsek janda dago”. Edertasunik eta literatur kutsurik ez du galtzen Aitziber Laskibarren testuak baina errealitate ezin gordinago bat irudikatzen du, gaur egungo gaitz larri bat.

Finean, Gabon jaietan denoi gertatzen zaigun egoera bat hausnartu nahi du zorion-txartelak: txanponaren alde batean, zoriontasuna eta flower power mordoa eta bestaldean kontsumismoak eragindako sistemaren ondorioak.

Bigarren testuak, nire iritziz, alderantzizko bidea egiten du. Eider Rodriguezen Bihotz handiegia ipuinetik hartua da: “Etxeratze-agiria eman zion medikua berriketa gutxikoa zen: hoditeria buxatuta zeukan, bihotzak ezin zuen gauza handirik egin. Perlazko belarritakoari helduta azkenean esan zuen: — Aprobetxatu udaren luzapen arraro hau.”

Nirerako erabiliz, mundua plastikoz josita dago (“hoditeria buxatuta”), arazo ekologiko izugarrizkoak ditugu, pandemia gora bidean, gosea milioika familiatan, desberdintasun ekonomikoak eguneroko ogia… Eta? “Aprobetxatu udaren luzapen arraro hau” esaten diogu geure buruari, esan nahi baita, atera zukua datozen jaieguntxo hauei.

Hauxe da aurten egin dudan hausnarketa. Zein zaila den geure buruarekin koherentea izatea! Zein zaila den geure ideiekin leiala izatea! Tira, irakurle, aprobetxa dezagun udaren luzapen arraro hau. Izan gaitezen, ordea, umil, izan gaitezen eskuzabal, saia gaitezen hurrengo urtean hobeak izaten. (Irakurleari bota beharrean, ez dituk aholku txarrak hik heuk gaurtik bertatik praktikan jartzeko: consejos vendo…).

Mila esker, ia 250 artikulu hauetako batzuen irakurle izateagatik. Datorren urtera arte. Gabon zoriontsuak pasa eta Urte Berri on.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide