250. Alfabeto mutua
— 2022-02-21Pasa den ostegun iluntzean aurkeztu zen gure herrian “Hamazazpigarrenean aidanez” liburu bikoitza, Udalbiltzak sustatutako “Geuretik sortuak” egitasmoari esker, hainbat idazle ezagunek sortutako literatur lanen bilduma. Euskara hutsean egindako artea eta kulturaren sormena, ekoizpena eta hedapena sustatzea ditu helburu proiektuak. Mundu eta gizarte globalizatu honetan, non eskaintza ikaragarri beste kultura eta hizkuntza batzuen bidez iristen zaizkigun, ezinbestekoa da guk ere sortzea eta sortzen dugun hori balioan jartzea, eta, horregatik, pozik egoteko arrazoia da Udalbiltzaren proiektua.
Besteak beste, idazle, zinegile edota antzerkigileen egonaldiak sustatu dira Euskal Herriko hainbat udalekin elkarlanean. Hautatutako artistek euren bizilekua ez den herri batean hilabete inguruko egonaldia egin dute, herriaren errealitatea oinarri hartuta edota herriarekin batera hitzartutako gai baten inguruan, euskarazko sormen lan bat garatu ahal izateko.
Zestoari dagokionez, Danel Lauzirika idazle bizkaitarra izan genuen hemen geure artean: ekainean Zestoako herrigunean bertan, eta uztailean Aizarnan. Egonaldi horretan, narrazio labur bat mamitu du Lauzirikak. Hasieran “beldur” pixka bat izan omen zuen herriaren izaera eta dimentsioa ikusita. Bilbon –bueno, Deustun, zehatzago izateko– bizi den gernikar batentzat herri berezia da, bai, Zestoa: nekazari-gunea baina kontraste handiekin eta industrialde handi batekin; lurraldez oso zabala eta auzoz betea… Eta gero, kanpotik datorrenaren beldurra dago: narrazioan esaten duen bezala, “naturaren lasaitasun horrek urduritu egiten nau. Gainera, hemen daramatzadan egunotan ez dut lortu arrotzari zor zaion begiradatik askatzea. Begirasun horiek urduritu egiten naute”. ABC egunkarikoa ere halaxe urdurituko zuten begirasun horiek: Cestona es una de esas localidades guipuzcoanas en las que uno se siente extranjero en su país. El castellano ha desaparecido por completo de la calle y en cada farola, en cada pared, hay cartelería proetarra en la que se pide el acercamiento de los presos, la excarcelación y la independencia. En el Ayuntamiento sólo ondea la ikurriña y en algún balcón de la plaza está colgada la fotografía de un terrorista. La llegada de dos forasteros al centro del pueblo es recibida con desconfianza por parte de los vecinos, que clavan en ellos sus miradas. (2006-04-01).
Gero, jakina, Bilboko handitasunean ohitutakoaren kezka: egongo ote da, herri txiki eta landatar horretan, batere zerbitzurik, kale-bizitzarik, girorik? Hona ailegatu ondoren, ordea, ez dakit konturatu ote zen Danel, herri txikia izanik ere, geure Guggenheim propioa bageneukala (irakurlea jabetzen ez bada, argituko diot kiroldegi atariko estalpeari deitzen diogula horrela), eta “bilbotar ikuspegia” daukan jende franko ere bai. Kontuak kontu, azkenean herri atsegina iruditu zitzaion, eta hemen eduki genuen, hiruzpalau astetan, herria eta herritarrak arakatzen.
Jakina den bezala, ez da lehen idazlea, eta ez da azkena izango ere, gure herrian zokomiran ibiltzen: herriko eta kanpoko, gauza asko idatzi izan dira Zestoa inspirazio iturri hartuta, eta hor daude, besteak beste, Baroja, Azorin, Uztapide, Saezmiera eta beste mordoxka bat, eta bakoitzak bere ikuspuntutik begiratu eta bakoitzak emaitza desberdina eskaini digu.
Danelen eleberri laburra, egia esan, oso diferentea da lehen aipatutako horietatik. Askoz idazkera modernoagoa du, tipula batek bezala geruza asko ditu, eta, ondorioz, gai txiki asko lantzen ditu, ariketa literario gisa askoz egitura ausartagoa du, eta –hau ere ezin aipatu gabe utzi– askoz exijenteagoa da irakurlearentzat. A! Ez dugu oraindik titulua esan: “Alfabeto mutua”.
Narrazioaren trama erraz atzematen da: 1990eko hamarkadan arrakasta handia izan zuen abeslari bat, idolo bat, mututu egiten da eta urteak daramatza abestu gabe eta desagertuta. Bilboko gazte bat –idazlearen alter egoa– bere garaian abeslariaren miresle sutsua izan zena, gure herrira etortzen da mitoa gure herrian ezkutatuta dagoelakoan. Trama orokor horretan txertatzen ditu beste hainbat gauza, esate baterako, gure herriari buruzko iritzia, musika zaletasuna, hiri termala izandako garai haien oihartzunak, herriko pertsona bitxiak, 1990eko hamarkadako gizartea eta orduko musika… Gai asko oso ezagunak egingo zaizkigu eta gustura murgilduko gara eleberrian. Hor daude bistan, esate baterako, aizarnar eta zestoarron arteko hika-mika horiek; hor daude 1990eko musikari buruzko kontuak eta herriko musika zaletasunari buruzkoak; hor dago protagonistak Jazz Berri ia erorira egiten duen esplorazio-bidaiatxoa; hor daude, herriko hainbat pertsona, pixka bat fikzionatuta badaude ere erraz ezagutuko ditugunak; hor dago, finean, Zestoari buruzko argazki –nola esango nuke– berezi bat.
Narrazioa, pixka bat, puzzle modukoa da edo ataltxoez dago osatua. Atal edo pasarte horiek askotan oso estilo desberdinetan daude idatziak, eta horrek aniztasuna eta aberastasuna ematen dio kontaketari. Esate baterako, herri mugakide eta auzoen hasierako letrekin egiten duen ariketak, garai batean Oulipo taldeko idazleek egin ohi zituzten literatur ariketak ekarri dizkit gogora; auzoen kokapenak mapan eta hasietako hizkien kokapenak alfabetoan, konbinazio eta ariketa iradokitzaileak egiteko aukera eman diote idazleari. Beste zenbait kasutan, esaterako Jazz Berri diskoteka ohira egiten duen bidaia, kontatzeko moduak askoz zerikusi gehiago dauka abentura istorioekin, Indiana Jones-en balentria bat kontatzen ari balitz bezala. Irudi makabroa edo gore tankerakoak ere badu bere tartea, eta kirol kontakizun baten estiloa erabiltzen da. Narrazioa, deskripzioa eta elkarrizketa, hiruak erabiltzen ditu autoreak…
Gero, oso interesgarria iruditu zaidan beste kontu bat da nola hedatzen den kontakizuna, espazioan eta denboran. Esan dugu, hasieran kezkatu egin zela udalerriaren zabalerarekin –eta batez ere, kotxerik ez daukanez, dena nola atzematearekin– baina asko arakatzen du gure lurraldea. Eta, gero, lurralde zabal hori denboran atzera eta aurrera luzatzen du, historiatik etorkizunera. Horri gehitzen badiogu, oro har, oso herri anitza (musika, nekazaritza, turismoa, herri mugimenduak…) aurkezten duela bere lanean, bada, oso lan zabala ikusten da.
Horrela bada, pentsa liteke udalerriaren zabaltasunak bide eman diola kontakizunaren arlo guztietan zabaltasun horretaz baliatzeko: herria oso anitza eta zabala agertzen da, historia edo kronologia luzea duena, estilo literario bakarrera mugatu beharrean ugaritasunera jotzen du, gai eta ikuspuntu ugarik dute bere presentzia…
Azpimarratzekoa da herriari buruzko informazio piloa ematen duela idazleak, eta antzematen da datu-bilketan lan ikaragarria egin duela. Danelek berak gure “Aztarka” honetaz baliatu izana aitortu bazuen ere, ez gaitu horrek harroxko jarri behar; izan ere, askoz bilketa lan handiagoa egin du idazlean herritarren testigantzak eta iritziak jasotzen, herriaren tenperatura hartzen, eta ez da hori meritu makala kanpotik etorritako idazle batentzat.
Bukatzeko, goian pixka bat aipatu baditut ere, ez nituzke apartatu gabe utzi nahi ni neuri gehien erakarri nauten zatiak:
Alfabetoa: “Alfabetoa irauli egiten da herri honetan, itzulipurdikatu. Zren auzo da A, baina Akoek beti aldarrikatuko dute Ak sortu zuela Z. […] A eta Z, Z eta A, alfabetoko bi muturrak herri berean, eta muturka beti, Ak sortu zuela Z, Zk irentsi zuela A bestela mapetan ere ez litzatekeelako azalduko. Betiko kontuak, sokamutur sinbolikoaren hariak belaunez belaun hedatzen. […] Egia esan, Zk ez dauka batere erraza. Alfabetoko bokal eta kontsonanteen zerrendari begiratu azkar bat emanez gero, laster ohar zaitezke bere kontrako konspirazioaren mapa argia bezain astuna dela, etxe barnetik hasita. Zren barruan lau A daude, A, Ag, Ab eta beste A bat, edo AA, gauzak errazte aldera Ak deituko dioguna. “
A (Aizarna): “Kotxea ostatuan utzi, eta galtzadatik jaitsi naiz Atik Zra. Miresgarria da A, dena du idilikotik: ederra, adeitsua, lasaia, menditsua. Topikoari men eginda, naturarekin bat sentitzen zaren toki horietakoa da. Egia esan, dena du topikotik: eliza handiaren itzal lausoa, etxe eta baserri gurako txaleten batek inguratutako plaza, umeen hotsak frontoirako joan-etorrietan, soziedadea, taberna, gurasoen hizketaldi patxadatsuak eta haurren barre alaiak zuhaitzen abaroan, soloan lanean ari den baserritarraren diosala, Santa Engraziarako bidean hurbil sentiarazten zaituzten baserriak, txakur zaunkari pelmegirik ez… eta oroz gain lasaitasuna, hizki larriz markatutako patxada, la sai ta su na. Topikoaren biribiltasunaren atzean Ak badu etxean sentiarazten nauen zerbait. Hori bai, kalekume honentzat ederregia, isilegia aukeran.”
Bainuetxeko frontoia: “Aise irudikatzen dut Francoren min Varela jenerala bolboraz igurtzitako tako bereziak esku ahurretan finkatzen, ondoren preso errepublikanoren baten burezurraz sakea egiteko bigarren koadro eta erditik. Aurrelaria da Armadako ministroa; tantoak berak egin edo ez, beti uzten diote sakea egiten, beti joan baita aurrez eta, egia borobila errate aldera, ea nor ausartzen den atzelari jar dadila esatera. Varelak ezker aldera lerratzen du beti proiektila, hasieratik igar dadila zein den etsaia. Errestolariak txandakatu egin ohi dira, inori ez zaio gustatzen frontoiaren ezkerreko aldean kokatzea, baina armadan ere norbaitek egin behar du lan zikina. Bereziki armadan.”
Bueno, ongi etorri, Danel, Zestoaz idatzi duten idazleen klub berezira. Izugarrizko plazera izan da proiektu honetan zurekin batera ibilbidea egitea, eta zorte on opa dizut hemendik aurrerako zure ibilbide literarioan.
Eta zuri, irakurle, 50en bat orrialdeko eleberri laburra da Danelek egin duena eta biziki gomendatzen dizuet irakurtzea.
Egin zaitez bazkide