251. Erdikalearen xarma

Otsailaren 21ean, 12:30ean, gure Jone Bergarak edo nire whatsappean ageri den Jone Danbolinek: “Ez nekan ikusita”, eta esaldiaren aurretik pintura eder bat honako testuarekin: “Archivo: Cestona. Jean Lajoie, 1958”.

Ez nekan ikusita” horrekin, agian esan nahiko zukeen nik ezagutuko nuela baina berak ez, baina harrituta utzi ninduen. Egia esan, gutxi izango dira nik baino ordu gehiago pasa dituztenak Interneten Zestoako gauzen bila baina margo hau ez nuen ezagutzen.

Akuarelaz egindako margo ederra da, goian esan bezala 1958. urtean egina. Bistan da Zestoako Erdikalea dela, kale barrenetik begiratuta. Ezkerretik hasita, Pagionekoa; ondoren, gaur egun Zubiatarrak bizi diren etxea; atzealderago, udaletxea eta erdi-erdian Elizondo; haren kontra eliza, Intxaustinekoa, Txoko, Uztapide… Dena da oso pintoreskoa eta ukitu hori areagotzeko diren eta ez diren lore-sortak margotu ditu, kolore-puntu informalez baliaturik. Pintoreskismoa, batez ere, astoak bere otarrekin jartzen du, eta, nola ez, plaza aldeko emakumeek (asmatutako jantziekin, izan ere, zaila egiten zait hain kolore nabarmenak eta hainbeste ikustea 1950eko Zestoan). Gero, berriz, kolore argiak eta Zunzunegi aldetik datorren argi biziak alaitasun berezia ematen dio irudiari. Goiza eta uda betea da, ez dago zalantzarik.

Gure erdigunetik erabat desagertu diren gauza aipagarri batzuk ere badaude, esate baterako, arropak zintzilika udaletxeko goiko balkoietan. Ez da konparatzeagatik baina gaur egun, adibidez, Napoliko kale zaharretako etxeetan arropak zintzilik ikustea hango turismo ikur bilakatu den bezala, hemen ere gauza koloretsua eta pintoreskoa izango zen garai batean; gaur, ezkutatu egiten ditugu arropa garbitu berriak fatxada nagusietatik, zerbait lotsagarria balitz bezala.

Beste elementu deigarri bat da, nahiz eta teknika oso soltea izan, ederki asko ikusten dela nolakoa zen Erdikaleko espaloietako lauzadura 1958a arte. Litekeena da XVIII. mendeko bera izatea: Errasti eskribauak zioen bezala, “con calzadas curiosisimas y losas labradas a cordel por ambas ceras (sic)”. Nora joan ote ziren lauza zahar eder haiek? Nork bereganatu ote zituen? Gaur egun Akoako Armokako ermitan dauden lauza haien berdinak ote ziren? Baten batek nik baino gehiago jakingo du affaire horretaz.

Kale barrenetik ateratako hainbat argazki ezagutzen ditugu baina berezitasun bat du irudi honek: argazki haiek, ia denak, argazkilaria ezkerrean jarrita aterata daude, eta hemen, berriz, eskuinean kokatu da margolaria; horregatik dago ezkutatuta bezala eliza. Erraz irudika dezakegu egilea, bere margo-kutxa txikiarekin, kaballete eta akuarelekin, Alkorta tabernako terrazan eserita eta kaleari begira; bizi eta solte ibili da, xehetasunetan galdu gabe, argia eta giroa harrapatu eta irudikatu nahian. Hain naturala, hain bat-batekoa da pintzelkada, zoragarria iruditzen zaigula margoa (altuera: 37,5 cm; zabalera: 27,5 cm).

Jean Gaston Edouard Lajoie (Chartres, Frantzia, 1897 – Paris, 1968) margolaria izan behar zuen lanbidez, eta antzematen da teknika menperatzen duela. Ez dut denborarik izan berari buruz fundamentuzko ikerketarik egiteko (Interneten, batzuk kontrakoa pentsatzen badute ere, ez dago dena, eta askotan liburuetara eta artxiboetara jo beharra dago) baina hortik zehar bilatu ditudan zertzelada batzuk bere garrantzia ondo asko erakusten dute: Frantziako Gobernuaren “Ordre des Palmes Académiques” goraipamenaren jabe zen, Parisen hainbat erakusketatan parte hartutakoa, eta bere heriotzatik gutxira, 1969n “3ème Salon Internacional des Amis des Arts de L’Orne” delakoan, omenaldia egin zioten: “Hommage a Jean Lajoie, aquareliste. Notre regretté trésorier, décédé en novembre 1968” (Omenaldia gure diruzain zenduari).

Bere lan batzuk honako loturan ikus daitezke (Sakatu hemen)

Zer dela eta etorri zen gure herrira, turismoa izan zuen aitzakia edo Zestoan ezagunen bat ote zuen, beste norabait zihoala hemen geralditxoa egitea pentsatu ote zuen… hori guztia jakin gabe geratu beharko dugu oraingoz. Gozatu irudiaz…

Irudiaren iturria: https://commons.wikimedia.org/wiki/Category:Works_by_Jean_Lajoie#/media/File:Cestona._Jean_Lajoie,_1958.png
Oharra: orrialde edo fitxategi hau ezabatzea eskatuta dago nonbait, Commons arauen arabera, 2022ko urtarrilaren 12az geroztik, lan horrek eta beste batzuk 2039ra arte copyrighta omen dutelako oraindik. Guk hemen bere balio dokumentalagatik argitaratu dugu, inongo interes komertzialik gabe, eta ezinezkoa egin zaigu irudiaren eskubideak dituztenekin harremanetan jartzea. Arazoren bat balego, danbolin-zulo kultur elkartearekin jarri beharko litzateke harremanetan (info@danbolin.eus)



Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide