255. ‘Macho alfa’-tik glizinatara

Astea zoragarri hasi dugu. Lehengoan, gure udaletxeko areto nagusian berotasunaren aztarnarik ere ez eta berokia kendu ere egin gabe nengoela, zapla!, esan ez zidaten ba asko falta zitzaidala, alajaina, “macho alfa” bat izateko. Ez dakienarentzat –eta ondoren emango ditudan argibideak El Confidencial ospetsuan aurkitu ditut–, animalien erreinuan, alfa izan ohi da maila handiena duen komunitateko kidea, eta guztiek jarraitzen eta errespetatzen dute. Arra eta emea alfak izan daitezke, espeziearen arabera. Hala ere, lagunartean “macho alfa” aipatzen dugunean, gizona aipatzen dugu, gaztea eta ez hain gaztea, boteretsua, maskulinoa, liderra: oilategiko oilarra. Nagusi eta gizon, alfa arra latin lover porrokatua da, indartsua, zakarra. Maskulinotasunari betidanik egotzi izan zaizkion ezaugarriak ditu –indarra, kontrola, potentzia, sex appeala–, eta etengabe harro azaldu behar du. Tira, ez da niretzako egina.

Baina horrelako “opariak” binaka etortzen direnez, handik gutxira gure Jone Danbolinek whatsapa: “Glizinak edertzen ari dira-eta horrek aztarkarako ez du ematen? Hotelekin lotzen dut nik beti zuhaixka hori. Bainuetxea, Roque Arocena, Asuntzion…”. En fin… macho alfatik glizinatara… Hego haizerik ez zebilen e!, badaezpada ere esaten dizuet.

Bueno, egia esan behar badizuet, zoragarria dago egun hauetan Bainuetxe atariko glizina eta, bai, merezi du Aztarka hauetan tartetxo bat. Glizina (Wisteria) zer den ez dakienarentzat, hiztegiaren arabera, zuhaixka apaingarria da, lore urdin-moreak edo zuriak mordo zintzilikarietan dituena. Ekialdetik, Txina edo Japon aldetik ekarritakoa izan behar du.

Nik neuk, hortik zehar, ikusi dudan glizinarik antzinakoena (eta bereziena) Bordeleko Udal Artxibategian dago, Hôtel de Ragueneau deritzan eraikuntzaren sarreran. Dirudienez, 1860an, Bordeleko Udalak eraikina erosi zuenean, landatu zen glizina ospetsua, eta nahiz-eta zomorroek kaltetu, kamioi batek ia zapaldu, tximistek eta ekaitzek mehatxatu, hala ere, udaberri oro liluratzen ditu ibiltariak bere loraldi eta lurrinaz. Pío Barojak, bere Aviranetaren abenturatan dioen bezala, Hôtel de Ragueneau hartan erebazirudien glizina urtetsu baten enborrak eusten ziola, suge batek bere eraztunekin bezala estutzen zuena” (Únicamente parecía sostenerle el tronco de una glicina añosa, que le estrujaba como una serpiente con sus anillos).

Glizinak eta hotelak. Bainuetxea, Roque Arocena, Asuntzionaipatzen ditu Jonek. Asuntzioneko glizina ez dut gogoan, baina oraindik ere han daude aztarnak. Begien bistan dauzkat, ordea, Bainuetxekoa eta Roque Arocenaren hotelekoa (Yogako etxea esan nahi du Jonek). Ez da erraza noizkoak ote diren jakitea baina ahaleginduko gara. Tamalez, gure idazle kuttunek ez digute ezer esaten glizinez. Ez Barojak, ez Azorinek, ez Unamunok, ez Saezmierak… Bainuetxeko medikuen memoriek ere –oso zehatzak inguruko landareak zerrendatzen– ezertxo ere ez. Zorionez, argazkiak lagun apartak ditugu.

Udan, ordea, postalak eta hegazkineko argazkiak egiten diren sasoian, ez daude loretan glizinak. Horrek arazotxo bat eragiten digu: ezin jakin, zuri-beltzeko argazki horietan, kalitatea ere nolabaitekoa den horietan, seguru-seguru glizinak ote diren; itxura guztien arabera bai, ez, ordea, lepoa jokatzeko adinako ziurtasunez. Baina, tira, baten batek kontra egin nahi badigu, ez du izango guk baino askoz froga gehiago, eta, ondorioz, ez zuretzat, ez niretzat, Pax Christi.

Danbolinzulo elkarteak argitaratutako Zuri-beltzean bizi izanak liburu ederrean bada argazki zoragarri bat non zerbitzari eta langileak ageri diren bainuetxearen atarian. 1907koa omen da. Han, arkuen zutabeetan gora, ikus daitezke hainbat landare igokari baina ez naiz kapaz glizinak diren egiaztatzeko. Bai seguruago. Dantzari txikiak ageri direnean –1920ko hamarkada bukaera aldera– bai, hor ia seguru glizina dago arkuaren kontra eta ordurako koskortua ikusten da. Glizinaren suge itxurako adarrak garbi ikus daitezke 1928an Bainuetxeak egin zuen sustapen-dokumentalean. Eta harrez geroztik, postal bat baino gehiagotan beha daiteke glizinaren hostozabaltasuna. Oker handirik gabe esan dezakegu 1910eko hamarkadatik aurrera, zuhaixka txinatarra etengabeko adiskidea izan duela bainuetxeko arku-bueltak.

Beste kontu bat da orain ikusten dugun zuhaitz urtetsu hori bera ote den duela ehun urtez geroztik dagoena. Ez da erraza galdera horri erantzutea baina ezetz esango nuke, alegia, zaharra kaskartu ahala kimu berriekin ordezkatzen joan direla, “Gernikako Arbola bezala” (konparazioa gure Bizente Davilarena da; turismo-gidariek bakarrik dute ausardia gure haritz sakratua zuhaixka batekin konparatzeko; besarkada bat, Bixen!).

Kontuak kontu, bainuetxeko gure Wisteria sinensis delakoak, inguruko zuhaitz eta landareekin, interes bereziko multzoa osatzen du. Gainerako familia hau da: sei Himalayako zedro (Cedrus deodara), 125 urte inguru dauzkatenak, beste hainbeste magnolia (Magnolia grandiflora), zortzi palmera txinar (Trachycarpus fortunei) eta abar. Eusko Jaurlaritzak Intereseko Ondare izendatzeko tramitean dago lorategia.

Bainuetxeko txaletari (gaur egun Yoga eskola) dagokionez, berriz, 1910 inguruko postaletan eraikinak atal bakarra du (zubi aldeko zatia). Fatxada osoa landare igokariz beteta ikusten da, bigarren solairua harrapatzera arte. Glizina da, itxura guztien arabera.

Jakina denez, Arocenak, garai batean, Katalina Zubizarretaren ostatua izandakoa gobernatzen zuen (ibaiaren bestaldean, bide zaharraren kontra) are-eta 1914ko azaroan erre zen arte. Ordutik aurrera, gerra ondorenera arte, Bainuetxeko txaletera pasa zen Roke. Garai haietan, dezenteko obrak egin ziren eraikinean eta atal bat izatetik, bi izatera pasa zen. Obra haiek egin bezain laster, landare igokariak landatu zituzten bertan: glizinak, itxura guztien arabera.

1925 ingururako, gure glizina koskortua dago; zubi aldeko izkinan dago kokatua eta hango behealde ia guztia hartzen du. Pixkanaka indartzen joan zen. Ez dakigu, hemen ere, orduko bera ote den oraingoa edo hemen ere “Gernikako Arbolarenak” egin ote diren. Kontuak kontu, eta, nahiz eta aurkari gogorra daukan ondo-ondoan –autoen kutsadura, alegia– dotorea izaten jarraitzen du eta bere lore ederrak erakusten.

Misterio bat da zergatik lotzen ditugun zenbait landare eta zuhaitz bainuetxearekin, hotelekin eta urzaleekin. Indigaztainak, magnoliak, glizinak eta, zer esanik ez, hortentsiak, ez al dira termalismoaren eta garai bateko giroaren ikur? Harrigarria da, neurri batean, kontuan hartzen badugu zuhaitz horiek –hortentsia izan ezikudaberrian egoten direla lorez beteta eta ez uda betean, baina itzalak eta freskurak izango dute, seguruenez, zerikusia.

Urte askotarako bizia opa diegu, glizinei eta zedro, magnolia, palmera eta denei. Jainkoak gorde gaitzala hankartea ondo markatuta eta motozerra eskuetan dabiltzan macho alfa horiez. Hurrengora arte.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide