258. Iraulikaren lainopean

Serafin Baroja (1840 – 1912), Pío, Ricardo eta Carmenen aita, lanbidez meatze-ingeniari izateaz gain, idazle, editore eta kazetari ere izan zen. Azken karlistadan (1872-1876), liberalei jarraituz, hainbat artikulu idatzi zituen. Zestoa inguruko bazterretan ere ibili zen, eta inoiz baino pintoreskoagoa iruditu zitzaizkion bazter hauek: “1876ko otsailaren 13ko gauetik 14ra bitartean, Mariné brigada tirorik egin gabe jabetu zen Urola ibaiaren ezkerraldean dauden Zumaia, Oikia, Aizarnazabal, Ibañarrieta eta Arroaz (…). Eskualde hau ez zitzaidan inoiz hain pintoreskoa iruditu, inoiz ez nion hain temati erreparatu begien aurrean agertzen zitzaidan guztiari. Hiru urte baziren liberalek ez zutela Urola ibaiaren ertzik zapaldu. Zubiei, ur-jauziei, ibilbide bihurriari, baserri alaiei, kareharrizko zementu-fabrikei eta mendi berdeei begira, Oikiako bidegurutzera, Aizarnazabalera, Ibañarrietara eta Iraeta ingurura iritsi ginen. Aldi berean, Otal brigadaren zati batek (Oikiatik atera zenak), mikelete sail batez eta Kantabriako erregimentuaz osatuak, gure eskuinaldea babesten zuen Arroa, Endoia eta Izarraitzeko gurutze eta magaletatik.”

Hara, Serafinen hitz horiek etorri zitzaizkidan burura XX. mende hasierako fotograbatu hau ikusi nuenean. Egia esan, Serafinen aipamena baino berrogeiren bat urte beranduagokoa da irudia, eta liberalak handik pasa zirenean ez zen zementu lantegirik Beduan, baina gainerakoa ez zen asko aldatuko denbora horretan guztian. Hemen ikusten duzun parajea Bedua da, bere zementu/iraulika fabrikarekin, lonjarekin (Beduaundi) eta ondoko baserriarekin (Beduatxiki). Argazkiaren kontraste faltak eta batez ere iraulika hautsaren hedapenak nolabaiteko lainope lausotu batean bihurtzen dute gure ibai-portua, eta xarma handia ematen dio lekuari.

Lantegia 1885. urtean eraiki omen zen eta, bistan denez, bi abantaila nagusi zituen hemen kokatzeak: lehendabizi, iraulika itsasontziz, erraz-erraz, Zumaiaraino eta handik barku handietan esportatzeko modua; eta, bestetik, Ibaiñarrietan Uriarte familia beraren sailetan zeuden harrobiak nahiko gertu edukitzea (ez da ahaztu behar, Aizarnako minatako ikatza eta Iraeta-Ibañarrieta aldeko harria nahastuta egiten zela iraulika). Gaur egun, A-8 autobideak guztiz bereizten ditu Ibañarrieta eta Bedua baina garai haietan elkarlotuta zeuden.

1885ekoa esan dugu fabrika baina beste bi etxeak askoz zaharragoak dira. Beduatxikik han zeukan, duela gutxira arte, XV. mendekoa zela erakusten zuen ojiba-arkua, eta Beduaundik, berriz, ederki asko ezagun du XVII. mendeko garai oparoenetan eraikia izan zela. Beduako jauntxoek Erdi Aroaz geroztik zeukaten eskubidea bertatik pasatzen zen jeneroari zergak edo komisioak jartzeko. Hortik sartzen zen, Urola bailarako burdinoletara, Bizkaitik itsasoz inportatutako burdina, eta bertatik itsasoratzen ziren merkaturatzeko produktuak. Denengatik kobratzen zuen komisioa Beduako jaunak. Hortxe dago, bada, oraindik, ibai-portuko administratzailea egoteko eraikina. Estilo klasizistakoa da, kubo bolumen nabarmenekoa, eta bertan –nahiz eta irudi honetan ez agertu, atzean dagoelakologia edo goiko arkuteria hirukoitza dugu azpimarragarriena; garai batean ibai-portu honetan sartu edo ateratzen zen burdina gordinaren edo landuaren kontuak zelai-gunean egiten zituzten, alegia, gure irudian zementu lantegia ikusten dugun eremu zabalean; haraxe begira zegoen, hain zuzen, aipatutako logia.

Ez dakit esan dudan, baina irudia XX. mende hasierakoa da, eta ordurako eraldatua zegoen antzinako teilatuaren zati bat, hemen eskuinean, zurixkagoa, ageri dena. Erori egingo ote zen? Zatiren bat erre? Ikerketarako denbora gehiago beharko genuke.

Beduatxiki, berriz, Erdi Aroan agian administraziorako eraikia, irudian baserri arrunta bihurtuta ikusten da. Etxe atzean –guk hemendik ikusten duguna– zelai edo soro ederra dauka, eta mendi aldera ere, orain bezala, lursail franko izango zituen. Eta, jakina, Beduako irla, apropos-aproposa barazkigintzarako, oso estimatua izango zen, ondoko iraulika-hautsak gorabehera. Lastima da irlaren alde bat asko itxuraldatu zutela zumaiarrek industrialderako zubia eraiki zutenean (tortilla egiteko arrautzak puskatu egin behar).

Oso ondo antzematen da Ibañarrietarako bidea, etxeen gainaldetik. Aldapa gogor samarra pasata, San Lorentera iritsiko ziren lehendabizi, eta han aitagureren bat errezatuko zioten olagizonen patroiari (jakina da parrillan erreta martirizatu omen zutela San Lorente). Handik Beainen behera lasaitu ederra hartuko zuten idiek are-eta Ibañarrietako aldapa iristen zitzaien arte. Hura pasa eta gero, ermitan Santo Kristo mirarigileari beste errezo bat egin eta Iraeta aldera. Mendeetan zehar, idi pare franko eman izan ditu Iraetak eta inguruko baserriek, eta horien jabe batzuen izenak jasota daude paper zaharretan. Orduan, idi parea aberastasuna zen, eta orain, berriz, galtzear daude.

Irudian ikusten ez diren gauzen artean, Beduako ontziola ezaguna. Bestelakoan, mendi aldeko zelai malkartsuak eta dena atmosfera oniriko batean murgildua.

 

 

Irudia: Beduako lantegia eta etxeak. Jatorria: Geografía General del País Vasco-Navarro. Francisco Carreras y Candik zuzendua. Bartzelona: Alberto Martín , [1911-1926]




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide