259. Kantari nator, bertsotan

Bertsolariak ditugu aipagai gaurkoan. Aurreko Aztarka batean, “Euskariana” izeneko liburutegi digitala ekarri nuen hona, eta han aurkitutako argazki eder bat non eliztar ugari ageri diren Arroan, elizkizun baten bueltan. Oraingoan, argazki hura atera zuen Miguel Urreta Etxebesteren (1881-1961) beste irudi bat dakargu hona. Argazki zoragarria, sentsibilitate pixka bateko inor epel utziko ez duena, eta orduko gizartearen hainbat xehetasun erakusten dizkiguna.

Argazkiaren kokapena aurrekoaren berdintsua da: Arroa, plaza barrenetik aterata. Atzealdean, Baltzola jauregia eta, atarian, platano itxurako zuhaitzak, oraingoan hostoz beteak. Ezkerrean, kontzeju-etxea/eskola eta eskuinean, berriz, Torrea. Jende gutxiago oraingoan, Lourdesko Ama Birjinak egindako sendaketa miragarriagatik ospatutako erlijio-funtzio hartan baino, baina, tira, oso ekitaldi desberdinak dira.

Ehunen bat lagun daude, borobilean jarrita edota balkoietatik begira, zerbait entzuten edo zerbaiti begira. Ez genioke antzemango argazkiak berak idatzita ez balerama: “Arrona. Bersolaris. 26 julio 1928”. Beraz, taldearen erdian bertsolariak daude, eta haiei begira dago jendea.

Argia astekariko berriemailea ere han zen. Aldizkari hori Donostian sortu zen euskaltzale talde baten eskutik. Informazio orokorreko astekaria zen eta, erlijioa ardatz izanik ere, euskal kultura, herrietako berriak eta nekazaritza mundua euskaldunen etxeetara eramateko asmoa zuen. Ez dakizue zer plazer den hor ikusmiran ibiltzea, herriko bitxikeria eta albiste bila. Zorionez, digitalizatuta dago eta etxetik irakur daiteke eroso asko.

Guretzako urte guztiko egunik maiteena Ama Andre Santa Ana eguna izaten da”, dio albisteak (Argia 1928-08-05; guk euskara batuan berridatzi dugu). “Ikustekoa zegoen egun horretan gure eliza nagusia. Nola ez zen egongo, bada, Karmen, Jakoba, Joxepa Antoni, Euxebi eta Manuelaren ardura ikusita. (…) Goizeko mezan, jaunartze ugari, hamarretan prozesio ederra, meza nagusi bikaina herriak kantatzen zuela, hitzaldia xamur-xamurra (…). Arratsaldean bezperak, eta erlikiarekin bukatu genituen egun handi horretako elizkizunak.”

Ondoren, Ziolar berriemaileari –normalean goitizenak erabiltzen dituzte eta nik ezin jakin nork idatzia zen– garaiko kutsu –nola esan…, tradizionalista…– sumatzen zaio: “Egun horretan sartu ginen etxeetan sukaldeko usain goxo eta aurpegi alaiak, bejondeiela etxekoandreei!”. Bai, horixe, halakoxea zen orduko gizartea: gizonak bertsoak entzuten edota tragoxka hartzen, eta emakumeak etxean, sukaldeko usain goxo eta aurpegi alaiarekin, gizonaren zerbitzura.

Abuztuaren 5eko zutabean ezin izan zigun dena kontatu gure berriemaileak, bazituen-eta aurreragoko gaiak: “Euri bear aundian arkitzen gerade. Artoak laster igartuko dira, orain gozen (gose?) aundian gaude ta neguan aundiagoa izango degu Jauna errukitzen ez bada. Gariak ebaki ta jaso dirade, oso ederra da aurtengo garia baita bearra ere”. Hurrengo Argian (1928-08-12) eskaintzen ditu, ordea, xehetasun gehiago Santa Anatako ikuskizunez: “Euskal soñu gozoak”, “bertso zelebriak”, “danbolinteruak”…. (“Ta orrela urte askuan ez da alde abetan errex sartuko erbesteko dantzarik”). Hemen ez da, dirudienez, Zestoan herrigunean garai hartan zebilen zalapartaren aztarnarik. Irakurleak gogoratuko du urte berean (1928) iskanbila handiak izan zirela musika pieza sueltoak eta lotuak zirela-eta. Bat sueltoa, bestea lotua, tartekatzen joateko agindua eman zioten musika bandakoei, baina inola ere ez jotzeko eskandalosotzat hartzen ziren hainbat dantza klase, hala nola, fox-trotak, charlestonak, tangoak eta abar. Ez, dirudienez, Arroa alde honetan bare zegoen kontua, eta tradizioak du protagonismoa.

Bertsolariak, horiek bai direla herriak gogoz hartzen dituenak –dio berriemaileak–: eliza aurrea jendez bete-betea zegoen eta denak algara batean egon ginen horien bertso barregile taxutzeko erraztasuna ikusita.” Esaldi horrek orduko bertsolaritza nolakoa zen jakiteko pista eder bat ematen digu: Bertsozale elkartearen web gunean dioen bezala, “bertsolaria bufoi eskolatu gabea, jendea dibertitzeko mozkorra” kontsideratzen zen, neurri batean; sagardotegi eta tabernarako aproposa, eta, horrela, alderdi komikoak garrantzi handia zuen bertsolarien arrakastan. Hala ere, ordurako hori baino askoz gehiago zen bertsolaritza aditu askorentzat (Manuel Lekuona, esaterako), eta hortik dator esaldiaren bigarren zatia, alegia, bertsoa “taxutzeko erraztasuna”. Behin bertsoa tabernatik kalera, plazara edo frontoira aterata, beste balore batzuk nabarmentzen dira: zuzentasuna, egokitasuna edo guk dakargun albistean esaten den bezala, taxutzeko erraztasuna. Bertsolaritzaren barruan iraultza handi bat gertatzen ari zen 1930eko hamarkada bezperatan eta taberna txokoko jarduera utzi gabe, beste bertsokera landuago eta emankorragoan murgildu zen bertsolaritza (estiloa, gaiak, doinuak…). Ez da hau lekua gauza hauetan sakontzeko baina gustuko duenari biziki gomendatzen diot Antxoka Agirreren tesia (Bertsolaritzaren historia soziala: oihartzuna, eragiletza eta gakoak (1823-2018). EHU, 2021), mamitsua bezain ulergarria eta erakargarria.

Bukaerarako lagatzen du berriemaileak goxoena: “Betoz, bai, berriz ere, Zumeltzuko Joxe Mari bezalako bertsolariak!”. Joxe Mari hori Jose Antonioren senitartekoren bat ote zen? Jose Antonio Sorazu Unanue, Zubeltzu, aspalditik zen ezaguna Arroan; hain zuzen ere, Arroako Gorrianekua etxean kantatu omen zuen, lehen aldiz, 15 urte zituenean, hau da, 1909. urte inguruan. (https://debainformacion.blogspot.com). Harrezkero, zenbat plazatan, zenbat lagunartetan, zenbat Santa Esketan… ibili ote zen gure Zubeltzu.

Argazkian ageri den jendartean, bi lagun irudikatzen ditut behintzat, adi-adi entzuten. Batetik, gure Uztapide handia. Uztapide, hemezortzi urteko morroia Arroako Olaberrin, gari-ebakitze baten ondoren, afalondoan, Zubeltzurekin jardundakoa omen zen berrogei bat lagunen aurrean, eta Zubeltzurengandik asko ikasiko zuen Endoiako gazteak.

Argazkian irudikatzen dudan beste laguna Arruako Joxe delako bat da. 1931ko maiatzaren 24ko Argian, azaleko zutabe oso bat Arrua’ko Joxe’k jarritako hamahiru bertso berriek osatzen dute. Gaia, Altzan izandako korrika apustu bat. Zein ote zen delako Joxe hori? Hurrengo baterako utziko dugu. Ea arroarrek laguntzen didaten.

Kontuak kontu, ez zen izango Arroa-Itziar alde hori makala bertsolaritza kontuetan, garai bertsuan eta hain lurralde txikian hainbeste bertsolari sortzeko.

Azkenerako utzi dut argazkiaren gauzarik deigarriena (niretzat behintzat bai): plaza barrenean zelatari dagoen apaiz beltz-beltza. Gizandi bat dirudi. Kristau-ikasbidea eta ortodoxia zintzo betetzen ote duten zelatatzen ote, edota apaizetxeko seriotasunetik festara atera da bertsoak gustuko dituelako? Ea zer diozun zuk, irakurle.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide