260. Fundizioa eta mundu idilikoa

Egun gutxi barru izango dugu gurean Fundizio Fest delakoa. Gauza berria dugu, ordea, Fundizioa, eta are eta berriagoa gure festa.

1950eko hamarkadan, ez zen fundiziorik han inguruan. Argazki honetan gure herriaren oso irudi, oso momentu berezia erakusten da: artean nekazari herri bat besterik ez da (herrigunea eta hotelak kenduta, noski) baina une batetik bestera emango du industriala izateko urratsa.

Esan genezake, orokorrean aztertzen hasita, lehen sektoreak –alegia, nekazaritzak– hartzen duela argazkiaren zatirik nagusiena. Mendia ageri zaigu atzean, Izarraitz mendia alderik ederrenetik ikusita. Izarraitz artzaintza da, alde batetik; uda pasatzera hara eramandako artalde ugariren lekua. Basoa ere bai, eta txondorrak, ikatza eta beste gauza asko. Tradizioa irudikatuko luke Izarraitzek.

Olalde aldeko mendiak, berriz, etapa berria irudikatzen du: baserritarrek insignis pinua deskubritu zutenekoa. Gerra ondoren, baten batek erabaki zuen zeharo atzerakoia zela mendiak garoz, sasiz, sastrakaz, gaztainondoz eta haritz kaskarrez beteta edukitzea, eta etorkizuna pinuan zegoela. Hala bada, gerraz geroztik jo ta fuego pinua landatzen hasi ziren baserritarrak, eta badira ugari 1956ko izozteetan landare gazte denak erre zitzaizkienak. Nolanahi ere, geroago pinudiak bihurtuko ziren mendi sail franko artean berezko landarediarekin zeuden, argazkian ikus daitekeen bezala.

Soro dezente ikusten da, hala ere, Olalde aldean, eta bistan da artean nekazaritza “indartsu” zegoela. Kontuan hartu behar da, bestalde, herritik oso hurbil zeuden baserri horiek genero asko salduko zietela hotelei, nola esnea hala barazkiak.

Beraz, hortxe dugu argazkian betiko baserria, jende askok aldagaitza jotzen duena, baina etengabe eraldatzen joan dena.

Argazkiaren beste zati nabarmena –nabarmenena esango nuke nik– trena da, bere elementu guztiekin: geltokia, trenbidea, katenaria, eta, batez ere, jendea; ume koskor batekin dagoen galaia, luze hainbete zabal eserita dagoen gizona, eta lotsatu aurpegiarekin baina, hala ere, lehen lerroan dagoen ume parea. Trenak aurrerapena irudikatzen du, eta herriaren oparotasuna hainbeste hotel eta turistekin. Kosta zitzaien, bai alajaina, ibaiaren alde honetatik ekartzea trena eta geltokia egitea (askoz merkeagoa zatekeen –bi zubi gutxiago egin behar– ibaiaz bestaldetik bideratzea) baina lortu zuten herriko agintariek, nahi zutena, eta hari esker gure herria dinamikoagoa bilakatu zen.

Ikusten den bezala, garai honetan –1955ekoa da, gutxi gorabehera, argazkia– ez zen hor Egigurenik eta Sorazurik baina hilabete gutxiko kontua izango zen. Hemen argazkian eremu ez-emankorra ikusten da, gero tailerrak eraikiko ziren orubea, baina garai batean soro ederra izandakoa zen, eta hala erakusten du oraindik eskuin aldean bistaratzen zen artasoro zatiak. Hamarkadaren bukaerarako, ordea, eraikia zuen tailer galanta Egigurenek.

Eskuin-eskuinean, arropak edo izarak ikusten ditugu zintzilik, lehortzen, hortxe ondoan, argazki eremutik kanpo, dago-eta udalaren etxebizitza, besteak beste, Juan Sanchez Corral, Maixu Txikiaren bizileku izan zena.

Argazkia udako arratsalde bateko lauak eta hogeian geratuta dago, eta askok horixe bera nahiko zuketen eremu horri dagokionez: alegia, industrialdea izan zeneko garaia ezabatzea eta argazkian bezala lursoro berde gera zedila. Gutako askok ahaztu egin nahi dugu industria, gehiago gustatzen zaigu “naturalakbakarrik irautea, nahiz eta nostalgiko edo kitsch itxura ematen dugun.

Ondo da. Kontuz ordea. Zer da guretzat industrialdea? Urte askotan iraun duen jarduera ekonomikoa eta gure herriko historiaren zati bat, makina bat familiarentzat bizimodua izan dena, edo lehenbailehen ahaztu beharreko zerbait, gertatu behar ez zukeen amesgaiztoa? Ez da hain erraza erantzuna.

Kontuak kontu, Idiazpi alde idiliko eta paradisu itxurako eta industrialde zatar baten erdian, gure argazkia dago, mundua ez ezik gure herria ere joan-etorrian, etengabeko bilakabidean dagoela erakutsiz. Urte asko iraun dezala Fundizio Fest-ek, eta noizbait gune berde bat bilakatzen bada lekua, akorda gaitezela paradisua baino lehen “beheko behar goria” izan zela, Lizardik esango zukeen bezala.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide