264. Bihotz, burdinazko bihotz

Iruditeria katolikoan, gutxi egongo dira hain kutsatuak, hain prostituituak, Jesusen Bihotz Sakratua baino. Wikipedian irakurri dudanez, “Jesusen Bihotzarekiko debozioak Jesukristorengan zentraturiko korronte mistiko batean izan zuen jatorria, bihotza bere emate eta maitasun osoaren erdigune eta adierazpen gisa ulertzen zuenean. Jesusen Bihotz Sakratuaren debozioak Jesusen sentimenduei egiten die erreferentzia bereziki, eta bereziki haren maitasunari”.

Bere jatorria testu biblikoetan dago, eta XVII. mendean sendotzen da. Espainian, batez ere, jesuiten aginduari esker zabaldu omen zen. Nolanahi ere, Jesusen Bihotz Sakratua Frantzian zabaldu zen, izugarri, XIX. mendean, eta zuzen-zuzen integrismo katolikoarekin lotuta. Handik laster iritsi zen Euskal Herrira eta penintsulara ere, eta garai hartan ikaragarri zabaldu zen laikotasunaren aurkako sinbolo aparta bilakatu zen.

Gure ingurutan, etxeak eta soroak babesteko, eguzki-lorea, erramu adarrak, haiekin egindako gurutzetxoak, lizar adarrak… erabili ohi ziren baina denborarekin (XIX. mende bukaera) ateetako burdin esmaltatuzko Jesusen Bihotza nagusitu zen babesle gisa (Eibarren egina): “Bedeincatuco ditut nere Biyotzaren irudiren bat aguiriyan ipiñi ta onratzen dituzten echiac. Deboziyo au zabaltzen dutenen izenac ipiñico ditut nere Biyotzian, eta ez ditut bertatic iñoiz ere quenduco”.

Gure herriari dagokionez, mende hasieratik behintzat badira debozio horren aztarnak, eta irakurle fina gogoratuko da nola ekarri genuen hona udal akta bat (1918ko apirilaren 14ko Osoko Bilkura) zeinetan, Jesusen Bihotz Sakratua tronuratze ekitaldia zela-eta, Udaletxeko areto nagusia dotoretzea erabaki zuten. Ez dugu aurkitu udaletxeko areto nagusian egon zitekeen irudi haren aztarnarik, baina aipatutako ateetako burdin esmaltatuzko haiez gain (euskaraz zein gazteleraz), beste Bihotz franko aurki daitezke, hala nola –nabarmenenak aipatzekotan– Lasaoko jauregiko sarrera nagusikoa edo gaur hona ekarri dugun hauxe. Esan behar da, bestalde, etxeetako jangelatan-eta, nahiko ohikoa izaten zela Jesusen Bihotzaren irudia edukitzea (margotua nahiz igeltsuzko eskultura).

Jesusen Bihotzaren iruditeria hori asko zabaldu zen Miguel Primo de Riveraren diktadura garaian (1923-1930). Erregimenak tradizionalismoarekin bat egiten zuen, eta Jesusen Bihotza bere errepertorioan txertatu zuen. Hortik frankismora igaro zen, eta hark gurutzada nazional katoliko gisa ulertu zuen. Bihotz Sakratua ikur tradizionalista eta espainolista bihurtu zen. 1936ko matxinatuek beren burua legitimatzeko eta ondoren beren gobernua sendotzeko erabili zuten. Karlistek eta erreketeek ere, oso gogoko zuten, betidanik, Jesusen Bihotza eta, besteak beste, “detente bala” gisa erabiltzen zuten. Detenteak balak saihesteko asmoz kendu ere egin gabe eramaten zituzten medailak ziren.

Eta, kontuak kontu, horrelaxe iritsi gara gaur hemen dakargun irudira. Astuna da, burdinurtuzkoa eta gainetik pintatua, 40 x 30 zentimetro ingurukoa. Jesusen Bihotzaren azpian, “Reinaré”. Egun hauetan eraisten ari diren postetxearen ate gainetik “erreskatatutako” irudia da.

Postetxetik kendu eta aurrez aurre beharrean, argazki baten bidez ikusi nuen aurreneko aldian, bihotzak salto egin zidan Jesusen atzean gaztelua eta lehoia ikusi nituenean. Zestoako armarriak ere elementu horiexek dituenez, une batean pentsatu nuen propio Zestoarako egin zutela irudia. Segundo erdia behar izan nuen, ordea, nire ustea erdi ustela zela konturatzeko. Atzean, ez zeukan Zestoako armarria baizik eta Espainiakoa, alegia, Gaztelako, Leongo, Aragoiko eta nafar erresumatako armak.

Zaila da jakitea zein garaitakoa den. Kronologia kontuetan ere, aurrean dokumentaziorik gabe, frankismo garaikoa izan zitekeela pentsatu nuen, baina agirietara jo nuenean konturatu nintzen nire ondorioa ez zela zuzena. Frankismo garaiko armarria askoz konplexuagoa zen, ez Jesusen Bihotz honetan bezalakoa. Izan liteke 1938ko ereduaren bertsio “laburtua” deritzana, baina, tira, ez nintzateke ausartuko hori esatera. Kontuan harturik, 1868ko iraultzaren ondorioz, Isabel II.a erregina boteretik kendu zutenean, lau kuarteleko eredua hasi zirela erabiltzen, hau da, gaur egun bezalakoa, logikoagoa da pentsatzea Jesusen Bihotz hori XX. mendeko lehen laurdenean jarri zutela eta ez frankismo garaian. Zenbait agiriren arabera, ematen du 1899tik aurrera hasi zirela plaka horiek ekoizten eta Espainia osoan banatzen.

Frankismo garaikoa izan edo aurreragokoa izan, ordea, udal erakundearen laikotasunean sinisten duen batentzat eta patriotismoak gustuko ez dituen batentzat –alegia, neure buruaz ari naiz– deserosoa da irudia. Ez nuke, hala ere, zabortzat hartu eta ipso facto Lapatxera bidaliko. Gustatu ala ez, dokumentu historiko baten aurrean gaude, eta erakundeoi horrelako gauzak txukun-txukun gordetzea dagokigu. Eta irudia ideologiatatik harago ikustea lortzen badugu, hausnarketarako aukera bikaina eman dezake, eta ikuspegi estetikotik, berriz, izugarrizko pagotxa ematen ditu; ikusi besterik ez dago, zenbat aldiz eta zenbat estilo erabiliz irudikatu den, historian zehar, Jesusen Bihotz hori.

Gertatzen dena da –eta horregatik esan dut, hasieran, oso irudi prostituitutakoa dela– diktaduren eta erlijio ikuspegi atzerakoienaren ikur bihurtu izan dela irudia eta monumentu frankista pilo bat egin zirela bere izenean, eta horregatik ematen duela horrelako atzerakoa. Edozein modutara, gozo eta sosegatu irudikatzen da beti. Eta babes sentsazioa ematen digu. Saiatuko gara, gu ere, irudia ondo babesten.

Argazkia: Irati Peñagarikano.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide