267. Elkartasuna

Normalean, altruismoa eta besteei laguntzeaesate baterako, gurasoen zaintza edo norbaiti istripu batean laguntzea edo norbait erasotik erreskatatzea– gizakiekin lotzen ditugu. Baina animaliek ere ba omen dituzte ezaugarri horiek; izurdeen eta zetazeoen artean, adibidez, ohikoa omen da zailtasunak dituen taldeko kide bat erreskatatzea, baita beste espezie bateko gizabanako bat ere, uraren azalera bultzatuz, arnasa har dezan. Elefante gazte bat lokatzezko putzu batean harrapatuta geratzen denean, beste batzuek lagundu egiten omen diote, buruarekin eta tronparekin kolpatuz. Ugaztun talde askotan, umezurtzek berehala aurkitzen dute adoptatuko dituen ama bat.

Egoera larri batean beste norbaiti laguntzea tokatu izan zaigun kasu berezi batzuetan, ikaragarrizko lotura afektibo bat gertatzen da bestearekin, eta gure barruan betirako itsatsita geratzen da. Are gehiago, hemen komentatuko dugun pasarte edo anekdotan bezala, bi gertakari larri daudenean, eta batean zauritua dena hurrengoan laguntzaile bilakatzen denean, eta alderantziz, oraingoan laguntzaile dena hurrengoan zauritua gertatzen denean. Hau korapiloa, ezta?

Borja Collado, 18 urteko mutila, da lehen protagonista. 2018ko irailaren 9a zen, eta “Zestoa 350 años / @buruzuri16” Twiter kontuan, erdara ederrean, honela zioen: “Hoy Borja Collado si el tiempo no lo impide”. Igande hartan, ordea, eguraldia kaskartzen joan zen eguna pasa ahala, eta euria ari zuen Borja Collado valentziarra, Alejandro Contreras nobillero ospetsua eta horien menpeko Rafael Cañada, Asier Campos eta Alexis Ducasse paseilloa egitera atera zirenean.

Zekorketa gorabeheratsua izan zen egun hartakoa (“la novillada fut mouvementée”, dio blog frantziar batek) eta Colladok ez zuen beldurtu zekor bat bera ere. Lehenengoak, lanaren erdian, izterrean zauritu zuen, eta Alejandro Contreras, ordezko toreroa, izan zen azkenean bi zekorrei aurre egin behar izan ziena. Plazan, Rafael Cañada banderilleroak lagundu zion toreatzaileari, anbulantziako zerbitzuak iritsi ziren arte (“Rafael Cañada atiende a Borja Collado tras ser atropellado y avasallado por ‘Achuchón’, bajo la casa de la familia Sorazu”, zioen periodikuak).

Borja Colladori ebakuntza egin zioten Donostiako Unibertsitate Ospitalean, eta hainbat kontusio aztertu eta artatu zizkioten. Avance Taurino berriemaile digitalak, diskrezio handirik gabe eta datu pertsonalen babesa haizea hartzera bidaltzeko erreparo handirik gabe, xehetasun guztiak eman zituen: “Borja Collado (…) Valentziako Quiron klinikan egon da ingresatuta. Erresonantzia egin zioten, eta ondestean zuntz-haustura bat zuela erabaki zuten, ezker ipurmasaileko muskulua zaurituta zeukala, eta horrek ezintasun funtzionala eragin ziola, ezkerreko hankan izandako adarkada eta hainbat aurpegi-kolpe alde batera utzita”. Artatu zuten medikuek atseden hartzeko gomendatu zioten, giharretako lesio larria baitzen.

A ze tratua pasako zuen 18 urte egin berri zituen Colladok! Orduantxe izan zuen, zezenketen argotean esaten den bezala, “odolezko bataioa”. Hark baino hobeto ezagutzen zuen Zestoako plaza, Rafael Cañada banderilleroak, eta segituan hurbildu zitzaion laguntzera torero gazteari. Inork ez daki, ordea, non dagoen gure zain ezbeharra, eta handik gutxira banderilleroa bera izango zen larri zauritua.

Zestoakoa gertatu eta handik bederatzi hilabetera (2019ko maiatza), “destinoa” zain zeukan Cañadak. Borja Collado triunfa y el subalterno Rafael Cañada cae herido de gravedad”, dio Cope albistegi digitalak:Borja Collado nobilleroa bi belarri moztu eta bizkarrean atera zen Babesgabetuen Ama Birjinaren egunean ospatutako nobilladan. Rafael Cañada menpekoaren ezbeharra laugarrena toreatzean gertatu zen; (…) animaliak banderilleroa zuzen-zuzen bizkarrean zauritu zuen, gizona lurrean geldirik utziz, eta presaka eraman zuten erizaindegira, Cristobal Zaragoza doktorearen mediku taldea ebakuntza egiten ari zaion lekura” (www.cope.es).

Oso adarkada larria izan zuen. Toreatzaileak hiru saihets-hezur zituen hautsita ezkerreko sorbaldan, adarkada izterrean, kolpeak hanketan. Berak kontatzen du gertatutakoa, hilabete batzuk pasa eta gero. Honela galdetzen dio berriemaileak: “Eta pasadizoez ari garela, bitxia da ezbeharraren arratsaldean Borja Collado nobillero valentziarrak jaso zintuela hondarretatik. Eta hilabete batzuk ziren Zestoako zezen-plazan zeuk jaso zenuela bera, odolezko bataioaren arratsaldean”.

Eta Cañadak erantzuten dio: Egia esan, Borja gizon bat bezala portatu zen. Hain mutil gaztea, hain esperientzia gutxikoa, baina ukabila zaurian sartzeko argitasuna izan zuena. Eta hori ikaragarria da, giza odola ez baita zezenarena bezalakoa. Koloreagatik, testuinguruagatik, konposizioagatik. Hain gaztea izanik, ausardia eta meritu handia izan zuen. Eta bai, Zestoan niri egokitu zitzaidan gauza bera egitea. Bizitzako gauzak zer diren. Baina Valentzian gizon bat bezala portatu zen”. (Burladero, 2020-11-20).

Borja Colladok ere ez zeuzkan bi pasarteak ahazteko, eta Cañada zauritu berritan, Twiter kontuan, bi argazki jarri zituen: “Bederatzi hilabeteko tartea dute bi irudiok; esanahia dute niretzat eta asko markatu naute; batean zuk nire lehen ezbeharretik jasotzen ninduzun, gero zu nire plazan jasotzea tokatu zitzaidan. Orain jabetzen naiz denok elkarrekin egiten dugun familiaz”.

Ikusten duzu, irakurle: 2018an Zestoan zezenak Borja Collado toreatzailea zauritu zuenean, Cañada banderilleroa zuen ondoan, eta, gerora, Cañada zauritua izan zenean, Colladok izan zuen zaurian eskua sartuta odola geratzeko ausardia.

Badira, zekorketen kontra egon eta zezenak toreroak harrapatzen dituenean, izugarri pozten diren pertsonak. Ez zait niri jarrera zuzena iruditzen. Eredugarria da ikustea nola zailtasunean, larritasunean, elkartasuna nagusitzen den eta ez indibidualismoa.

Hori bai, elkartasun hori gizakitik gizakira ez ezik, gizakitik animaliara ere nahiko nuke nik. Sufritzen ari den gizakiak bakarrik ez du merezi gure begirunea; sufritzen duen animaliak ere bai. Baina jendetzak babesten segitzen badu, ez dut nik aginterik zekorketak debekatzeko.

Eta eman behar, herrikoez aparte, gero eta kanpoko gehiago hurbiltzen dela geurera, batez ere frantziarrak. Haientzat, gure plazak xarma eroa dauka: Ces arènes, où l’on peut faire rentrer à peu près 600 personnes au maximum, ont un charme fou”.

Zestoako korridetara joateko modurik onena goiz iristea da, eta barreren atzean, Koiote tabernatik gertu, gelditzen saiatzea. Udal orkestraren sarrera ere ikus daiteke, Amparito Roca, herriko pasodoble ofiziala maisuki interpretatzen duena” (Florent: “Zestoa, la médiévale”. http://al-toro-rey.blogspot.com/2018/09).

Hara… Koiote ataria, tragoxka on batzuk, hondarra, Amparito Roca eta tragedia ukitu bat: mitoa sortua dago jada. Zauriak eta odola benetakoak dira, ordea. Eta elkartasuna ere bai, jakina.

Argazkia: Zestoa, 2018ko irailaren 9a. Ama Birjinaren errukia edo pietatearen iruditeria gogora ekartzen duen argazkia. Collado, minez, eta Cañada laguntzen. Jatorria: https://twitter.com/BorjaCollado13/status/1130701990605086721/photo/1




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide