269. Pardo Bazán eta zestoar txorook

Azken urte hauetan maiz aipatu izan da Galizian Francori oparitu zioten Pazo de Meiras delakoa. Hor ibili dira Francoren oinordekoek hango hainbat ondare bereganatu nahian baina, tira, auzitegiek buruarekin erabaki dute: izatekotan, alfonbrak –gustu txarreko alfonbra korriente batzuk– omen dira diktadorearen oinordekoenak, beste ezer ere ez.

Etxe hori, Erdi Aroko itxura eduki arren, XIX. mendearen amaieran eraikia da, eta Emilia Pardo Bazán idazlearena izan zen. Baina Pardo Bazánek –eta zeharka Meiras Dorreek– ba al dute zer ikustekorik gure herriarekin? Ba, oso zeharka bada ere, idazleak badu loturatxo bat Zestoarekin, oraintxe ikusiko dugun bezala.

Lehendabizi, azal dezagun, ordea, zein zen Emilia Pardo Bazan (Wikipedia jarraituko dugu). 1851n Coruñan jaioa eta 1921ean Madrilen zendua, idazle, saiogile eta kazetaria izan zen. “Egile erabat emankorra izan zen, kontuan hartuta 41 eleberri (nabarmenena Los pazos de Ulloa), 580 ipuin baino gehiago, ehunka saio eta 7 drama eta 2 sukalde-liburu idatzi zituela. Feminismoaren inguruan ere eman zuen bere iritzia, garai hartarako oso jarrera aurrerakoia azalduz. Bere eta beste batzuen ekimenez, Real Academia Galega fundatu zuten 1906an, galiziera arautzeko eta bultzatzeko asmoaz. Hala ere, bere lan guztiak gaztelaniaz egin zituen. Pardo Bazán andreak, hilabeteak pasatzen zituen Meirasen, eta berak Torre de la Quimera deitzen zion lekuan zeukan liburutegia. Ez dakit zer egingo duten orain Franco bizi izandako etxearekin baina ematen du idazlearen bizitza ezagutarazteko zentro bihurtu nahi dutela. Egokia iruditzen zait.

Karlistak eta beren ikuspuntuko egunkariak gerra bizian zebiltzan 1888an, eta Pardo Bazánek, beti gaurkotasunezko kontuez eta polemikaz betetako gauzez interesaturik, karlismo posibilista edo moldagarriago baten alde egin zuen La Fe egunkarian. Ez dugu mamia gehiegi azalduko hemen, irakurlea ez aspertzearren, baina, besteak beste, erlijio-interesak eta konstituzio-askatasuna bateratzea helburu zuen alderdi bat zeukan buruan idazle galiziarrak. Ikaragarrizko zalaparta eragin zuen, eta Don Karlos errege karlistak berak atera behar izan zuen plazara, bere aldekoen arteko kazetaritza-erasoak eteteko eskatuz. Azkenean, ordea, borroka hain zen beroa ezen tradizionalismoan zatiketa bat sortu zela, karlismoaren eta gerora alderdi integrista bezala ezagutuko zenaren artean.

Gerra horretan zestoar batzuk ere tartean ziren, laster ikusiko dugun bezala. Zestoar horiek ez zuten sekula Pardo Bazanen orrialde bat baino luzera gehiagoko ezer irakurriko –edo agian hori ere ez–, baina hark ordurako entzuna zuen Cestona hitza behin baino gehiagotan. Esate baterako, 1884ko maiatzean, Antonio Machadori (poeta ezagunaren aita) gutuna bidali zion Folk-lore elkarteen berri emanez: “Galiziako prentsaren solte batzuk bidaltzen dizkizut Folk-lorearen martxa ikus dezazun, eta ohartarazten dizut oso aurreratua dagoela Euskal Herriko, Puerto Ricoko eta Kubako elkarteen antolaketa. Arana adiskideak idatzi dit, esanez, Zestoatik itzultzen den bezain pronto hasiko dela Euskal Herrikoa antolatzen, eta horretarako, araudiak eta abar bidali dizkiot. Folk-lore, estatuan XIX. mendearen amaieran, Errestaurazio garaian, sortu ziren eskualdeko elkarte folkloristak ziren. Jose Ignazio Arana, berriz (1838-1896), Azkoitian jaioa zen eta jesuita, idazle, poeta eta ikertzailea: Gurera etorri ohi zen udako oporrak hartzera: “Baina ez urruti, baizik etxetik oso gertu, Zestoako Gesalagara (…) ez eta denbora asko, hamar egun”. Sakonduko dugu hemen, hurrengo batean, gure Arana eta Zestoaren arteko harremana. Kontua da –berriro ere hariari helduz– gutunean azaltzen duen bezala, idazle galiziarra jakitun zela Zestoa eta bainuetxeaz.

Eta, itxura guztien arabera, jakitun izateaz aparte, etorri ere etorri zen hona. “Atzerrira joan baino lehen, gure herria ezagutu behar dugu”, esaten omen zuen; ez da aholku txarra auskalo noraino joan arteko onik izaten ez duen makina bat bidaiari kaskarrentzat. “Euskal lurraldeari Iberiako esmeralda deitu beharko litzaioke”, idatzi omen zuen. Eta, azkenik, Donostia, Zarautz, Zestoa, Azpeitia ibilbidearen amaieran, Loiolako San Inazioren santutegia bisitatu omen zuen, dio ikerlari batek (http://quefluyalainformacion).

Kontuak kontu eta esanak esan, Pardo Bazanek 1888ko apirilean karlismoari buruz idatzitako gauzek egonezin ederra sortu zuten Zestoako handikien artean: “Hau sinatzen duten tradizionalistek, Zestoako (Gipuzkoa) bizilagunek, betebehar saihestezina dutela uste dute –susmagarri gisa geratzea nahi ez bada behintzat– protesta egiteko La Fe egunkariak Pardo Bazán andrearen artikuluak txaloz argitaratu eta bere egin izanagatik”.

Eta segidan, egunkariaren aurka direnak eta ez direnak botatzen dituzte, nik hemen laburtuta eta erdara batuan jarriko ditudanak grazia ez kentzearren: “¿Hasta cuándo que un partido que ha derramado tanta sangre y hecho sacrificios heroicos y sinnúmero amando primero que todo a Jesucristo y buscando como fin de todo el triunfo de Jesucristo, sea perturbado por ese malhadado periódico y sus secuaces, puñado de hipócritas y farsantes que, alardeando de carlismo, declaran sin rebozo se contentan y aspiran en primer término al triunfo del último de los lemas de nuestra bandera, con desprecio de los sacrosantos derechos de Dios y de la Patria?

(…) En el inexpugnable torreón ó baluarte donde ésta ondea no pueden permanecer más que los que ante todo y sobre todo buscan el reinado social de Jesucristo, y por consiguiente el triunfo de los tres lemas en el mismo orlen en que están escritos. Atrás, pues, los mestizos, así de casa como de fuera. Atrás uniones imposibles. Atrás el periódico La Fe, digno de volver a ser arrojado al desprecio de los leales, si es que no prefiere morirse de vergüenza, para no resucitar jamás. Basta de confusiones: hora es de que concluya tamaño escándalo: necesario se barra la casa arrojando fuera toda inmundicia mestiza sin consideración de ningún género, si se quiere que haya paz en ella. Con este motivo tiene el honor de ofrecerse de Vd. atentos seguros servidores que besan su mano”.

Hortxe ikusten da, ederki asko, zer izan zen integrismoa eta nondik etorri zen “euskal faxismoa”. Eta bukaeran datoz sinatzaileen izenak: Agustin Aizpuru (itxura guztien arabera, notarioa), Víctor Ibarra (medikua), Juan Echaide (bainuetxeko nagusia) eta Pedro Diaz (medikua). “Pronto recibirá Vd. protestas de Azpeitia y Azcoitia con numerosas firmas”, diote mehatxu moduan-edo (El Siglo Futuro, 1888-05-24). Berriro ere, Zestoarrak aitzindari, azpeitiarrekin eta azkoitiarrekin konparatuta.

Beste “zestoar” bat ere ibili zen, sua pizten, Pardo Bazan zela-eta. Barojak, hain idazle eta pertsona eredugarria gauza askotan, Pardoren kasuan arma kaskarra eta miserablea erabili zuen: bere fisikoari apuntatzea; Es de una obesidad desagradable”, alegia, gizentasun desatsegina du. Lotsagabe halakoa, gure Baroja! Gero ederki jasan behar izan zituen berak hor goian aipatu ditugun zestoar integristen ezpatakadak.

Kontuan kontu, Baroja eta integristak alde batera utzita, aurrera aterako da gure idazle galiziarra, gure Emilia Pardo Bazán. Burua jaitsi eta lurrari begira egon beharrean, jarrera aktiboa hartuko du, parte hartuko du solasaldietan, aurreko puntan jarriko da antzerki estreinaldietan eta literatur kritikarik garratzenak argitaratuko ditu. Lurrikara bat da. Izaera paregabeko emakumea, kritika eta burlak burla, berak jarraitu egiten du eta idazle gisa maisulanen bat dauka eskuartean. Gizonentzat gordetako errekonozimendu hori bilatzen du.

Pazo de Meiras delakotik frankista okupak kaleratzea lortu denez, ia berandu baino lehen berari eskainitako museoa ikustea daukagun berak eraikitako etxean.

Bere Zestoako bisitaldiaz, berriz, jakin-min ikaragarriarekin nago eta ea hurrengo batean aukerarik daukagun aztarrika egin eta emaitza oparoagoa lortzeko.

 

Argazkia: “Gedeón” aldizkariak, 1900ean, argitaratutako marrazkia (http://hemerotecadigital.bne.es).

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide