271. Utikan lehorgailuak

Asko disfrutatu izan dut egunkaria irakurtzen, eta, batez ere –ondo egindako egunkarietan– diseinu grafikoarekin gozatzen. Jada ez du merezi egunkaririk erosterik; ireki orduko konturatzen zara eduki dena digitalean dagoela askoz lehenagotik. Amorrua ematen du. Hala ere, ia beti erosten dut asteburuetan baten bat, diseinuari erreparatzeko eta ondo maketatutako argitalpenek duten xarma dastatzeko. Egunkariari begira nengoen batean, titular bitxi batekin egin nuen topo: “Ez dugu lehorgailurik erabiltzen, baina osasun publikoa daukagu: arropa eguzkitan esekitzeagatik Estatu Batuen eta Europaren arteko gerra kulturala. Etxetresna elektriko horrek ezarpen handiagoa du Estatu Batuetan arrazoi geografiko eta kulturalengatik, eta Twitterren gertakari diferentzial handi bat bihurtu da” (El País, 2022-08-04). Eta polemika bitxi horren adibideak jartzen ditu. Estatubatuar batek, esate baterako, harrituta honela dio: “Ezin dut ulertu nola ez daukazun lehorgailua; zer gertatzen da arropa-garbiketa egin nahi baduzu eta euria ari badu? Zer gertatzen da arropak azkar lehortu nahi badituzu? Beste herrialde batzuetan bizitzeak infernua izan behar du”. Beste batzuk, berriz, gustukoa dute eguzkitan lehortutako arroparen sentsazioa.

Jakina, gure ohiturak –eta ez estatu Batuetakoak– lehenesteko lehen arrazoia da aparailu horiek gastatzen duten energia mordoa. Horrela bada, hemen ez ezik, Estatu Batuetan bertan ere, arropa eguzkitan lehortzea ingurumenarekiko sentsibilitate keinu gisa hartzen da gero eta gehiago.

Gure ohiturak, nahiz eta lurralde euritsua izan, arropa era naturalean lehortzearen aldekoak izan direla uste dut. Gure baserrietan, normala zen dozena bat metroko arropa zabaltzeko lekua edukitzea. Beti ez zen izango nahi zen orientazioan jartzeko aukerarik, baina hegoaldea zen egokiena, bistakoa denez. Gure etxean hegora begira, Goikosorora joateko bidexka bazterrean, zen arropa esekitzeko lekua duela hogei bat urtera arte, eta orain ekialdera begira daukagu.

Uda garaian eta udazkenean ez da problemarik izaten gehienetan arropa ondo lehortzeko baina euri garaian izaten dira kontuak. Horretarako, bazen ganbara zaharrean, teilatupean, arropak esekitzeko eta elikagaiak lehortzeko (artoa, babarruna…) erabiltzen zen toki aproposa. Sakapetik, alegia, teilatuak hormaren gainean atseden hartzen duen lekuan, gapirioen artean sortzen den zirrikitu edo hutsunetik, airea sartzen zen ganbarara, eta derrepente lehortzen zen han arropa. Azkarrago lehortu nahi bazen, berriz, ekonomika gainean, aldenik alde, hiruzpalau alanbre egoten ziren luzatuta eta hura besterik ezin zitekeen erabili negu beltz hezean arropak sikatzeko.

Izaten zen –eta izaten da oraindik ere– kontuan hartu beharreko hamaika gauza kanpoan zintzilikatzerakoan: eguraldiaren jitea lehendabizi; kontuz ibili behar da gero, asko moduzko eguraldi aldakorrekin. Eta kontuz ibili behar da –oso kontuz ere– segun eta haizea nondik datorren, alde hartatik etor daitezkeen enemigoekin. Esango dut –argi eta garbi hitz egiteko– areriorik nazkagarriena zenbait ukuilu zulotik etorri ohi den simaur usaina izaten da; zenbait haizerekin, ukuilu usain sarkor horrek harrapatzen badizu arropa, galdu zara, irakurle; hortxe ibili beharko duzu ez dakit zein kaka zulotik atera berria bazina bezala. Hala ere, arropa goizeko ihintzetan jartzea da erremediorik bikainena ukuilu edo tabako kiratsa kentzeko.

Elementu estetiko gisa, gauza ederra eta zoragarria zen izara zuri-zuri mordoxka ikustea zintzilika zelai berdean. Orain arropa askoz koloretsuagoa da garai batean baino, baina hala ere eder geratzen da baserri ertzeko lokarrietan zintzilik. Bide batez esanda, banderak ematen dute, baina Erri de Lucak dioen bezala “bandera inorena ez den trapua da, blai egiten jarritako zapi bakarra, euria ari duenean, eta emakumeen eskuak garbitutako arropak babestera joaten direnean” (L’ospite incallito / Apopilo porrokatua). Eta hau ere bide batez esanda: Erri de Luca Napolin sortua da eta han klasikoa zen –gaur egun pixka bat galdua baldin badago ere– kale estu eta zaharretako balkoietan arropa multzoak eta multzoak ikustea lehortzen.

Gaur egun, hiri eta herri askotan, arrazoi estetikoengatik, arropa kalera begira zabaltzen duenari isunak jartzen dizkiote. Baina duela hamarkada batetik aurrera indarra hartzen joan omen da da right-to-dry (lehortzeko eskubidea) izeneko mugimendua, zeinak lege horiek ezeztatzea proposatzen omen duen, arropa eguzkitan esekitzea legezkoa izan dadin. Tira, zer pentsatua ematen du.

Ni hemen, 2006ko urriaren amaiera aldeko arratsalde eguzkitsu batean, Arteaga aldera joan nintzen Jone Bergararekin batera (hark atera zidan argazki eder hau). Ordurako zenbait jakintsu hasia zen esaten danbolin txoko usain desfasatua hartzen ari zela, eta, beraz, gure aleak pixka bat egurastera joan ginen. 16 urte pasa eta gero ere, oraindik bizirik dago gure aldizkari maitea, arropa lehortu berria bezain usaintsu. Ezin gauza bera esan Arteagakoek arropak lehortzeko eraili ohi zuten esekileku ederraz; hura modernitateak aspaldi irentsi zuen; modernitate iruzurtiak, ordea, Joseph Roth-en zeluloidezko koral haiek bezalakoak, “pizten direnean, infernua inguratzen duen suzko gortina bezain urdinki erretzen direnak”.

Tira, urte askotarako izan daitezela gure arropa esekilekuak eta utikan lehorgailuak.Eta segi danbolin irakurtzen.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide