273. Burgesia

Garai batean bageunde, ur-sasoia amaitzeko hilabete inguru faltako zitzaigukeen. Argazki honen garaian, ia 6.000 urzale etortzen ziren herrira, eta ia 400.000 botila ur saltzen ziren. Bainuetxeak argitaratua zuen ordurako bere sustapen-dokumental mutu zoragarri hura, zeinetan, bertako jendetzaz gain, herriko kultur giroa ere ederki asko erakusten den.

Aspaldi esana zuen Album-salón delako aldizkari batek: “El juguete nos espera: ¡A Zarauz! La playa de las elegancias, el emporio de la crema está au grand complet. Pero ¿qué vida se hace? Paseos en coche, excursiones a San Sebastián, a Cestona, a Loyola, y sobre todo tresillo, mucho tresillo, y poker.”

1929ko uda da. 12 hotel ordurako: Bainuetxea, Arozena (bainuetxeko txaletean), Urola, Asunzion, Karmelo, Lizaso, Artetxe, Oiartzabal, Kristina, Alkorta, Kerejeta, Blasa. Handik gutxira eraiki zituzten, Zurbano, Estazion eta Irure.

Orduan ez zen orain bezalako haruntz-honunzkorik (orain ba ote da hamabost egun toki berean pasatzen duenik?) eta lasai hartzen ziren gauzak argazkian ikus daitekeenez. Esan bezala, 1929ko udan gaude. Urola hotelaren ataria. Ezerk baino lehen atentzioa ematen duen gauza da terraza bat egotea leku horretan. Egia esan, gaurko begiekin ikusita, ezin dugu imajinatu hain toki txiki, zaratatsu eta arriskutsuan terraza bat jartzerik, baina 1929an kontuak bestelakoak ziren. Lasai ederrean daude gure urzaleak. Lasaitasuna da, nolabaiteko titulua jarri behar bagenio argazkiari, hitzik egokiena. Urzaleak lasai, atzeko autoa are eta lasaiago, eta errepidean dagoen autobusa batere kezkarik gabe, quien como yo, bidea oztopatzeko beldur handirik gabe. Lasai daude atzeko hotelak –Asunzion, Karmelo, Lizaso, Artetxe– eta are eta lasaiago Ertxiña. Eulirik ere ez da mugitzen, esango genuke. Mendiaren magalean, artasoroak nabarmentzen dira –eta zelairen bat– beste ezeren gainetik. Ez zen leku hori, orain bezala, etekinik gabekoa. Kale-etxeek, animalia bat edo beste zituztenek, gauza asko lantzen zituzten, eta hor, Gurutze aldetik Akoara zihoan bidea estrategikoa zen. Beranduagoko gauzak badira ere (60ko hamarkada), hor errepide bazterrean mediku-etxea eraiki zenean, nonbait Akoarako bide hori asko kaltetu zuten, han dagoen eskailera hura egiteko, eta laster ziren lursailak zituzten herritarrak udaletxeari kontu eske: bidea oztopatuta izaki, ezin omen zutela gurdiekin joan lursailetara, eta hango belarrak, artoak eta gainerakoak bizkarrean jaitsi behar izaten zituztela… eta, tira, kexa ugari. Ez izan, nonbait, udalaren ardura eskailera egin izanagatik bidea itxi izana, eta Gobernadorearengana zuzendu zen alkatea bide hura konpontzeko eskatuz. Hala, denborarekin gauzak baretu egin ziren berriro.

Baina 1929ko argazki honetan, Ertxiñako magala lasai demonio dago, eta handik pasatzen den bidea ere bai. On-bide zinema ere hor dago, ikusleen zain, atzean, baina atentzio gehiago ematen du auto eder horrek eta ondoko errotuluak: “Gasolina”. Surtidorea ote zen bertan? Beste elementu apaingarri polit bat ere bada argazkiaren goi aldean: atearen gainean dagoen lanpara, “Urola” errotuluarekin. Azkenik, eserlekuei erreparatu nahi nieke. Guretan, zeharo galduta dagoen estiloa; ez, ordea, Frantzia aldean, non, egurra eta zumitzaren konbinazioz lortutako itxura mantentzen duten, nahiz eta egitura burdinazkoa izan eta zumitza plastikozkoa.

Lau gizonezko eta zazpi emakume daude argazkian. Garaiko gizartearen lekuko bikaina. Goazen ikustera… Eskuineko bibotedun gizon argala egunkaria irakurtzen ari da, hankak luzatuta. Ez du, nonbait, asko kezkatzen urrian etorriko zen (zitzaion) 1929ko crack-a deiturikoak. Ameriketako Estatu Batuetako burtsaren historian balore-merkatuak izan duen beherakadarik katastrofikoena izan zen, eta sekulako krisia ekarri zuen, Depresio Handia bezala ere ezagutzen den krisialdia. Egunkaria duenaren ondoan dagoen burges harroa, orain lasai dago baina etorriko zitzaion purua ahotik kentzeko aldartea bere negozioak behera eta behera hasitakoan (garai hauetan hasi ziren Zestoako zementu fabrikak ere etengabeko gainbeheran). Puru-erretzailearen ondoko emakumeak, berriz, ño! uzten badit irakurleak pixka bat sarkastikoa izatenmantsoagatik jango zukeen odolki-korda ederra, babarrunetan ederki berotuta. Eta ondoko agure xaharra ere, egunkaria leitzen, porroa erreaz, egoera ekonomikoaren kezka handirik gabe. Laugarren gizonezkoari, berriz, ezkutatu samarra dagoenez, ez diogu tanketa handirik ematen. Txokolatea hartu dute, antza denez. Hasiko zaizkiok ipurdiak odolki jaleari, bai demonio!

Emakume gehienak, ohitura zen bezala, puntua egiten, Penelope garaikideak bailiran. Penelope, Odiseako pertsonaia, hogei urtez zain egon zen bere senarra Ulises Troiatik itzuli arte. Bere senarra kanpoan zen bitartean, Peneloperi ezkongai mordoa agertu zitzaizkion. Azkenerako, ezkontzeko promes egin zien, baina ehuntzen ari zen oihala amaitzen zuenean. Egunez ehuntzen zuena, ordea, desegin egiten zuen gauez, eta horrela, 20 urte behar izan zituen oihala bukatzeko, justu Ulises etxera itzuli zen unera arte. Andre hauek ere, Ulises eder baten zain ote daude? Zeinek jakin. Honez gero, Josafateko zelaian daude denak.

Nola laburtu irudia? Alde batetik, honelako irudietan ageri den giroak eman zion bizitza eta dinamismo berezia (kulturala eta ekonomikoa) gure herriari. Baina, bestetik, aurpegi horiek, gorpuzkera horiek ikusita, garaiko burgesia txepela datorkigu gogora: burges aberatsak, gustu gutxikoak, ongi kokatuak, prokuradoreak, militarrak, apaizak, oparotasunez eta erosotasunez inguratuta. Zein ederki deskribatzen zituen burges haiek François Mauriac-ek: “Bihotzeraino iristen ez zen emakume zaharraren erlijioa arbuiatzen zuen. Arau multzo bat, infernuaren aurkako aseguru-polizak, zeinetatik Elizabethek klausula bat bera ere ez urratzea zaintzen baitzuen, arreta zikoitza beti behar bezala egoteko Jainko infinitu batekin, zehatz-mehatz, Fiskoa balitz bezala” (Despreciaba la religión de la anciana, que no llegaba al corazón. Conjunto de normas, pólizas de seguros contra el infierno, de la que Elizabeth cuidaba de no violar ninguna claúsula, mezquino cuidado de estar siempre en regla con un Ser infinito, minuciosamente, como si fuera el Fisco).

Ez da argazkian ez Robert Lagave gazterik, ez Paule de la Sesque neskatxarik, ez azken modako automobilik. Baina glamourraren faltan gure iraganaren lekukotasun polita eskaintzen digu. Eta argazkiari esker, geu ere kafe bat hartzen senti gaitezke orduko lasaitasun hartan.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide