279. Neguaren esperoan

Negu beltzaren nostalgiko bihurtzen ari gara. Gure gurasoek aipatzen dituzten garai bateko izotz-kandela haiek desagerturik daude gure bazterretatik. 1956ko otsail hartatik pasa diren sei hamarkadetan, hemen ez da inoiz halako hotzik ezagutu. Glaziazio txiki bat izan omen zela, diote egunkariek. Hilaren hasieran bota zuen elurra ia martxora arte ez omen zen desagertu toki askotan. Harrez gero, nostalgiak harrapatzen gaitu sarritan. Ez dugulako orduan bezala baserrian lanean ibili behar, ez dugulako, batez ere, orduko arroparekin ibili behar. Gure aitak –orduan 23 urteko mutil gazte zaildua– sarritan esaten du: “Orain bezalako arropa izan bagenu orduan…”. Tira, su epel ederrean eta nahi adina erosotasunekin, erraza da negu beltzarekiko nostalgia izatea. Nostalgia txepela, ordea, ez benetakoa.

Hotsak omen datoz, ba, egun hauetan, eta lerro hauetara elur pixka bat ekartzea pentsatu dut. 1953ko neguan ateratakoa omen da. Indalezio Ojanguren eibartarrak (1887-1972). Argazkilari eta mendizale ezaguna izan zen Ojanguren; ondo ezagutzen zuen gure herria, nola herrigunea, hala Arroa aldea eta Aizarnako bazterrak (pena daukat ez dagoela Akoan ateratakorik). Trenez etorriko zen Zestoara, eta Aizarna aldea bisitatzera zihoan baten aterako zuen argazki eder hau, bidetik asko atera beharrik gabe.

Zumaiarrak eta guk zorte handia daukagu, gure mugakide azpeitiar, azkoitiar eta itziartarrek ez daukatena: guretik baino ederrago ez da inondik ikusten Izarraitz. Historian zehar, makina bat bisitari berehala jabetu izan dira horretaz, eta deskripzio eder askoak utzi izan dizkigute eta marrazki bikainak egin ere bai. Ondo gogoan daukat nola jartzen duen Joan Mañe y Flaquer idazleak, karlistada ondoren (1879) idatzitako El Oasis,: viaje al pais de los fueros liburuan, “Zestoara etorrita Izarraitz mendiko tontorrerako txangoa egin behar da; mendi honetan ugari dira kolore guztietako jaspe meategiak […]. Mendi honen ikuspegi bat ematen dizut, Pedro Egañaren etxetik hartua.” Pannemaker-ek grabatutako ikuspegi zoragarria da.

Izarraitz ederra, beraz, baina argazki honetan, elurrez jantzita. Aiakelu, bainuetxe gaina, Idiakaitz aldea eta argazkiaren lehen planoa elurrik gabe daude, eta horregatik are ederragoa da argazkia kontraste handiagoa egiten duelako. Zoragaria da argazkia. Errepara iezaiozu, irakurle, zein lerro eder erabiltzen dituen konposiziorako: lehen planoko mendi-ertza eta Izarraitzena paraleloak dira; Izarraitzen Azpeitia aldeko ertza, Aiakelu eta Baioko bidea ere lerrokatuta daude, eta Idiakaitz aldeko pinudia eta Miserikordiako sailen arteko muga ere bai. Nolabait esateko, lerro diagonal mordoxka bat zabaltzen dira argazkian, Izarraitzen triangelu-isuria indartzeko. Gero, berriz, tonuen bidez edo argitasunari esker, lau plano nabarmentzen ditu: aurrekoa (Miserikordiako lurrak), Aiakelu/Idiakaitz, Izarraitz elurrez jantzia eta, azkenik, mendiaren atzeko zeru zabala. Ematen du edozeinek atera dezakeela horrelako argazkia baina horixe da Ojangurenen meritua: erraza baino errazagoa dela irudikatzea baina, berez, oso emaitza zaila izatea. Proba ezazu zeuk, irakurle.

Argazkiak, oso xumea eta soila dirudien arren, elementu mordoa jartzen dizkigu begi aurrean, hainbat gauza ikertzeko. Ordurako hasita zeuden lur jabeak pinua landatzen, bainuetxeko zenbait lursailetan ikusten den bezala. Hala ere, lur gehienak nekazaritzarako erabiltzen ziren artean, eta zuhaitz gutxi dago toki “onetan” (lehen planoa eta Idiakaitz aldea dena landa lurra da). Baioko bidearen goialdeko eta azpialdekoak galsoroak dira seguruenik, eta negua denez, ereinda egongo dira dagoeneko. Behealdean, berriz, alegia Miserikordia gainean, arbia ageri da, itxura guztien arabera. Ezkerraldekoa, sagastia dela ematen du. Nekazari mundu horren erdian, argindar postea dago, gaur egun etxe ez oso handi batean gastatzen den argindarra baino ahalmen gutxiagorekin.

Zoragarria argazkia, ez oso desberdina Barojak deskribatzen dituen haietatik: “Gogoan ditut goizak, herriko medikua nintzenean, zaldi gainean irteten nintzenean bisitaldiak egitera. Herri koskorra lozorroan zetzan, etxeak gau beltz hezetik ikusgai agertzen ziren; behe-laino urdina erreka-zuloan, berehala puskatan desegiten zena. Mendian gora nindoan zaldi gainean bide-zidorretatik, laino artean, ezertaz ere pentsatu gabe. Askotan, tontorretik, ibar osoa gandu zuriz estalita ikusten nuen, baina goian eguzki bete-betea zegoen, eta zerua zafiroak bezain urdin; batzuetan, behe-lainoak arin mugitzen ziren arbola biluzien artean, adaburu beltzek kea ziruditelarik, eta ganduak inguratu egiten ninduen berriro.

Oroitzapen ezin ezabatuzkoak dira mendietako gandu haiek niretzat; ahaztu ditut beste gauza asko; gorrotoak eta maitasunak, mesedeak eta mespretxuak, arrastorik utzi gabe igaro dira nire ondotik; gandu haiek, berriz, betiko jabetu dira nire arimaz; ez dira inoiz ateratzen kanpora, ez dira inoiz aterako”. (Fantasías Vascas, 1941).

Negu beltzaren nostalgiko bihurtzen ari gara, gezurrezko negu beltzaren nostalgiko, su-epel goxotik Ojanguren eta Baroja lagun ditugula, urrutira ikusten dugun neguaren esperoan.

 

Argazkia: Indalecio Ojanguren. “Izarraitz. Izarraitz desde Cestona” (1953). Gipuzkoako Foru Aldundia. AGG-GAO_OA03737

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide