280. Francotar ‘euskaltzaleak’

Deserosoa egiten zait frankismo garaian idatzi zuten hainbat pertsona, esaterako Jose Artetxe, akusatuaren aulkian jartzen dituztenean. “Francotar euskaltzaleak” deitu zien horietako batzuei Jon Etxaidek. Gai horretan, oso irakasgarria egin izan zait Susak argitaratuta interneten ere badagoen Joan Mari Torrealdairen Artaziak. Euskal liburuak eta Francoren zentsura. Bertatik hartua da honako pasarte luze samar hau:

Aginte frankistak bultzatu edo babestu dituen proiektuetan sartzeko ez da gerra galdu duen euskaldun asko egon. (…) Erasoaren osteko barealditxoan, legeak uzten zituen zirrikitu eskas haiek baliatuz, aginte frankistarekin nola edo hala kolaboratzeko oso uzkur izan da jendea hemen. Koldo Mitxelena da pausoa eman duen bat, Tovarren eskutik seguruena. Mitxelenarekin batera dabiltza Egan-en Aingeru Irigarai eta Antonio Arrue, azken hau karlista ezaguna. Jose Artetxe, frankistekin gerra egina, eta Patxi Unzurrunzaga, Itxaropena argitaletxeko nagusia ageri zaizkigu Zarautzen Pedro Rocamorarekin [Francoren Propagandako zuzendari nagusia]. Euskaltzaleen eta Administrazio frankistaren arteko harreman gehiago ere seguru egon dela, baina, orokorrean, elkarrenganako uzkurtasuna eta mesfidantza izan dira nagusi. Frankismoak egin bide zituen irekitze-saioei ez zieten usain onik hartu, itxurakeriatzat hartu zituzten abertzaleek, batez ere exiliokoek. Tranpatzat. Edozein lankidetza erraz jo zen kolaborazionismotzat eta traiziotzat.”

Deserosoa, esan dut. Izan ere, zer jarrera hartu frankismo garaian bete-betean lan bikain askoa egin zuten zestoarrekin? Bistakoenak aipatzearren, Joan Erentxun edo Juan Jose Saezmiera, kolaborazionista batzuk?, Axun Arrazola “Francotar euskaltzalea?

Sanchez Erauskinek dioen bezala (El nudo corredizo. Euskal Herria bajo el primer franquismo), “karlista, monarkiko eta eskuindar euskaltzale batzuk tradizioaren, hizkuntzaren edo ohituren su sakratuari nolabait eusten saiatzen dira, eta, alde batetik, nolabaiteko euskaltzaletasuna (gai historikoak, geografikoak eta kostunbristak) Erregimenarekin bateragarria dela erakusten dute”.

Bistako kontua da Francoren erregimenaren kultura-politika, zentsura zorrotz batean oinarritu zela: herrietako agintariek sarri-sarri bidalitako txostenen bidez, gobernadore zibilek biztanleen jarrera, elkarteen eta kultura-bizitzaren berri zehatza zuten eta, jakina, abertzaleen aldetik etor zitezkeen mehatxuena ere bai. Jaialdi eta jarduera kulturalen antolaketaren atzean ezkutaturik, eta baita elkarteetan ere, abertzaleen interes politikoak ikusten zituzten beti.

Baina zentsuraz harago, euskal probintzietan erregimenetik hurbil zeuden sektoreak, karlismotik eta eskuin monarkikotik zetozenak, euskalduntasunaz zuten ikuspegia Espainia berrian integratzen saiatu ziren, jendea erakartzeko eta abertzaleen kultur proiektu isildua ordezkatzeko (ikus, Lamikiz). Erregimen frankistak, batez ere Gipuzkoan, espainiar euskaltzaletasun osasuntsu bat praktikan jarri nahi izan zuen. Bide horri “utopia erregionalista” deitzen dio Sanchez Erauskinek.

Hasiera batean, Real Sociedad Vascongada de Amigos del País (garai hartan Consejo Superior de Investigaciones Científicas erakundearen ordezkaritza zena) eta beste zenbait erakunde erabiliko dituzte, plataforma gisa, asmo horretarako. Erakunde horietan, euskal eskuinak urte horietan eratu zuen diskurtso kontserbadorea sustatzen saiatuko dira: kultura elitista, euskaldunek Espainiako nazioan parte hartzeari buruzko ideiak, kultura katolikoa azpimarratzen duena eta iragan inperial loriatsua goraipatzen duena.

Euskal intelektual liberalek edota abertzaletasunarekiko behar zen bezalako “odol-garbitasuna” frogatu ezin zuten hainbatek beste inolako aukerarik ez zuten ia-ia, beren ikerketa eta sormen lanarekin jarraitzeko, aipatutako kultur elkarte eta ekimen frankisten sare horietan parte hartzea baino.

Bada, kultura frankista vasco-español berria sortzen hasi, jende berria erakarri eta proiektu abertzale edo separatistaren aurkako alternatiba martxan jarri nahi zutenen artean legoke –frankismoaren hasierako urte haietan bai behintzat– Zestoarekin zerikusi zuzena daukan pertsona bat: Fernando Aranburu Olaran. Ez da Aranburu familiako seniderik ospetsuena –Jesus, falangista, hainbat hiritan Gobernadore Zibil izandakoa, da ezagunenabaina bere “euskaltzale” ikuspuntua oso interesgarria da hemen hitz egiten ari garenerako.

Kontua da Fernando Aranburu Gipuzkoako Diputatu Nagusia zela 1941eko azaroaz geroztik. Aranburu, tradizionalismoaren belaunaldi berrietako gizona (artean ez zituen 30 urte), erreketeen kapitaina, agintari frankisten aurrean protestatzera ausartu zen lehen kargu publiko probintziala izan zen, gerraren ondoren Gipuzkoari emandako tratuagatik (ikus, Luengo). Hori bai, ez du publikoki egingo, modu pertsonalean baizik, inolako publizitaterik gabe, eta protesta baino gehiago da errespetuzko eskaera, politika frankistari gorazarre eta laudorioz betea. Eskaeraren gai nagusia Kontzertu Ekonomikoa itzultzea zen. Aranbururentzat, Kontzertua indargabetzea “behin-behineko neurri bat izan zen, gure gerraren interes handiek ezarria”, baina “zirkunstantzia haiek gure Gurutzadaren amaiera loriatsuarekin gainditurik”, ba, Kontzertu Ekonomikoa berriro itzultzearen alde azaltzen da. Jakina, interes hori ez zen politikoen kontua bakarrik; eskari hori finantza eta industria-elite garrantzitsuek babesten edo bultzatzen zuten.

Baina Kontzertuaren eskaera bera bezain inportanteak dira txostenaren beste hausnarketa batuk, lehen aipatu dugun euskalduntasun ikuspegia Espainia berrian integratzeko saiakera ulertzeko.

Lehendabizi Gipuzkoako mapa politikoa egiten du: “1936ko uztailaren 18an, Gipuzkoa hiru talde politikotan zatikatuta zegoen: gorria, separatista eta tradizionalista. [Gorria] hiriburuan eta herri industrialen batean zegoen, bereziki Eibarren eta Pasaian. Alderdi separatistak, aldiz, tradizionalistak bezala, probintzian zuen egoitza nagusia”. Tradizionalismoaren indarra azpimarratu ondoren, Gipuzkoak Francoren alde egin zuen ahalegin izugarria aipatzen du: esate baterako, Azpeitiak 78 hildako eman omen zizkion Gurutzadari eta Azkoitiak 71. Baina, martiriez harago, gipuzkoarrek egindako ahalegin ekonomikoa azpimarratzen du: “Probintziako ekoizpen industrial guztiak zerbitzatzen du [Gurutzada], ejertzitoaren hornidura nagusi bilakatuz (granadak, altzairu bereziak, pikatxoiak, palak, aitzurrak, metrailadore eta kanoiak…) eta gauza bera gure ehungintzako industriari dagokionez”. Eta aipatzen du, baita, gerra finantzatzeko herritarrek eman duten urrea eta dirutza.

Aranburuk dioenez, Gipuzkoak ez du merezi tratu hori, alegia, traidoretzat hartze hori. Gipuzkoa herrialde noblea da, “sanoa eta leiala”, eta separatismoa “lore exotikoa da, guretzat hain arrotzak diren haizeek ekarria”. Hortik ondorioztatzen du probintziak ez zuela merezi jasan duen zigor bikoitza (lehenik gorriek, gero Kontzertua galtzeak), eta “horrek ekarri duela etsipenak bihotz leial asko irabazi izana eta, bestalde, (…) atxikimendu askoren aukera zaildu izana”. Eta horregatik da beharrezkoa estrategia berria: abertzaleak/separatistak zapaltzeko, haiekin desengainatuta geratu direnak erakartzeko eta “euskal kulturak Espainiari egiten dion ekarpena azpimarratzeko”.

Aranbururen ikuspegi karlista/tradizionalistan bistan geratzen da euskal lurraldea aintzat hartu nahia: “Gipuzkoako probintziak eta Vascongadek, Espainiako gainerako lurraldeek ez bezala, nortasun propioa dute” (Y es que la provincia de Guipúzcoa y las Vascongadas, de manera contraria a las del resto de España, tienen personalidad propia). Bai, egia da, Espainiaren barruan, baina “nortasun propioa dute”, esaten du Aranburuk. Bere ustez, probintziak liberalismoak sortuak dira: “Doctrinas políticas, extrañas a nuestra Patria, tales como el centralismo francés”. “¡Qué distinta la realidad histórica de Guipúzcoa; (…) su razón de ser se pierde en la lontananza de los siglos y responde a hechos históricos que por sí propios, le dan sustancia y vida”. Eta aurrerago: “Guipuzcoa, puede decirse, que es el ideal encarnado del estadista y legislador que debe buscar la entraña de su pueblo para dar contenido a su función. Se fundamentaba desde tiempo inmemorial en la base política que corresponde a toda sociedad, es decir, en sus municipios, y era, y así de llamaba, Hermandad de los Municipios guipuzcoanos. De ellos recibía su vida y ellos eran en definitiva el órgano supremo y resto de sus actividades”.

Eta bide horretatik, Gipuzkoaren historiaren ibilbide luzea egiten du Aranburuk txostenean: “Nos hace partícipes y primeros actores en la vida de España y en sus mayores empresas con Ignacio de Loyola, Sebastián Elcano, Oquendo, Churruca, Urbieta, Legazpi, Urdaneta, Garibay y tantos otros, hijos [alabarik ez dago, nonbait] preclaros de España y por lo tanto, honor y gloria de Guipúzcoa, porque en su entraña se formaron para luego entregarse heroicos a la tarea común de la madre Patria”.

Utopia erregionalista hori elikatu zuten karlista horietako batzuek jasango duten gogogabetze eta desilusioa beste kontu bat da; izan ere, frankismoaren makina zentralista, uniformatzaile eta birrintzaileak ez baitzuen horrelako berezitasunik ontzat emateko batere asmorik.

Ez dirudi Arresek erantzun zehatzik eman zionik Aranbururen txosten edo eskaerari. Artean hilabete batzuk eman zituen karguan (txostena 1942eko apirilekoa da) gure herritarrak, baina urrian, Begoñako gertakarien ondoren (karlistak ekitaldi bat egiten ari zirela atentatua jasan zuten), Donostiako egunkariek Gobernadorearen ohar bat argitaratu zuten kargugabetzearen berri emateko. Handik egun batzuetara beste kargu-uzte batzuk gertatu ziren, eta, azkenean, Gipuzkoar tradizionalismoaren sektore garrantzitsu bat, Aramburu bera buru zutela, monarkiara hurbiltzen hasiko zen.

Testuinguru hartan, nola jokatu karlista, monarkiko edo eskuindar ez zirenek? Erentxundarrak abertzaleekin lotura zuten, Saezmieraren aita errepresaliatua izan zen, Axun Arrazolaren familia ere abertzalea zen erabat… Testuinguru hartan, iragan ez hain garbia zeukaten idazleek nola jokatu? Frankismoak uzten zituen zirrikitu eskas haietaz baliatu?, erbestera alde egin?, gizartetik erabat baztertuta geratu? Luzerako emango ligukeen eztabaida.

Informazio gehiago:

LUENGO TEIXIDOR, Félix: La formación del poder local franquista en Guipúzcoa (1937-1945).

LAMIKIZ JAUREGIONDO, Amaia: La acción cultural del franquismo en el País Vasco durante la dictadura: las posibilidades de un sano vasquismo español.

Argazkia: Vicente Martín (Foto Car): El presidente de la Diputación de Gipuzkoa Fernando Aramburu Olarán en un acto en la Diputación. 1941, urtea. Kutxa fototeka. Identif.: 47420137




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide