281. Lurra arina izan bekie

Beste behin ere, Pio Barojarekin gora eta behera ibili garen honetan –zin egiten dizut, irakurle, beste puska batean lasai utziko dugula gure On Pio– jende frankok galdetu dit kanposantuez. Nonbait, Pío medikuak kanposantutik hainbat zestoarren buru-hezurrak hartu eta azterketa antropometrikoak egin nahi izatea bitxia iruditzen zaio jendeari. Garai batean, oso modan egon zen antropometria, “gizakiaren neurketaz” arduratzen zen zientzia, izan ere, garrantzitsutzat jotzen zuten giza arrazen arteko ezberdintasunak ezartzeko. Aranzadik ordu asko eskaini zizkion zientzia horri eta, besteak beste, El Pueblo Euskalduna. Estudio de Antropología, argitaratu zuen 1889an. Bide batez esanda, bertako erretratuetan, Arroako neska gazte polit bat ageri da. Aranzadik ondotxo zekien Zestoako berri, 1902an, lsidora Odriozola Etxeberria neska gazte zestoarrarekin ezkondu zen eta.

Bueno, baina gaitik ateratzen ari gara. Kanposantuen kontuan galdetu didate irakurle batzuek –batez ere, eliza ondoko kanposantuez– eta goazen azalpenetara. Elizaz kanpoko hilerriak eraikitzea eta, ondorioz, elizetan ehorzteko debekua Espainiako koroaren osasun-kezka handienetako bat izan zen XVIII. mendearen amaieratik. Eliz barruko hilobien higiene-baldintza txarrek eta haietatik eratorritako arriskuek egoera hori zuzentzera bultzatu zituzten agintariak.

XVIII. mende amaieran, behin eta berriz agindu zieten herriei hilobiratzeak ateratzeko elizatatik, eta kanposantuak eraikitzeko elizatik kanpo. Baina herrietan, hainbat arrazoi tarteko, ez zegoen horretarako borondaterik. Zestoan ere ez, dirudienez. Nazkatuta, Pascual Rodriguez de Arellano korrejidoreak, 1806ko ekainean, gutun zorrotz bat bidali zion Zestoako Udalari: “Se me ha pasado por la superioridad el más enérgico e insinuante oficio reconviniéndome la gravísima inacción que se padece en los pueblos del distrito de mi jurisdicción acerca de la construcción de cementerios”, eta korrejidoreari agindu zioten eman zitzala agindu zorrotzenak eta utzikeria hori konpon zezala berehala. Korrejidoreak, berari egin bezala, berak ere astindua eman zion Zestoako alkateari: denborarik galdu gabe hasi zitezela lanean, eta hamabostean behin eman ziezaiola, sinfalta, egindako lanen berri; eta besteen erruz korrejidoreari errieta egin ziotenez, berak ere zorrotz jokatuko zuela alkatearekin (“me será indispensable usar de todos aquellos medios, más eficaces y sensibles para activar este asunto”).

Ordukoan, izan zuen eragina errietak, nahiz eta hiru urte beharko ziren Zestoako eta Aizarnako kanposantuak bukatzeko. Bietan, kanposantua elizaren kontra egitea erabaki zuten. Biak 1809an hasi ziren eraikitzen, eta Aizarnako kasuan, agiriak badauzkagu jakiteko nori eman zitzaion proiektuaren ardura: Ignazio Bizente Errastiri, (maestro perito de Azpeitia); agian, Zestoakoa ere berari enkargatuko zitzaion bi hilerriak batera egin ziren-eta. Errastik adierazi zuen, Aizarnako hilerria egiteko baratze izandako lursail bateko hormak aprobetxa zitezkeela; elizaren iparraldeari itsatsita zegoen lursailarenak, hain zuzen. “Lursail horrek hirurogei hilobi jartzeko lekua dauka, zazpi oin luze eta hiru oin zabal ditu; hilobi kopurua nahikotzat jotzen da [Aizarna bezalako] herri batentzat, urtean bataz beste sei edo zazpi pertsona hiltzen baitira”.

Behin tokia erabaki ondoren, lehenengo lana izan zen buelta guztian harrizko horma eraikitzea edo, hobeto esanda, egokitzea, badirudi-eta lehen ere bazegoela pareta legea. Karlos IV.aren garaiko Zirkularrak (1804), nahiko garbi adierazten zuen hormak behar bezain altuak izan beharko zirela, pertsonak nahiz animaliak sar ez zitezen. Behin lursaila ondo harresitu ondoren, hurrengo urratsa izaten zen eremura hondarra eta karea eramatea.

Bestalde, herri nagusietan kapera eraikitzea gomendatzen zen, horretarako ermita bat aprobetxatzerik ez bazegoen behintzat, baina herri txikietan nahikoa zen barrutia hesitu eta erdian gurutze bat jartzea. Horrelaxe egin zen bai Zestoan baita Aizarnan ere (“el maderamen empleado en trabajar la Cruz” esaten da kontu-liburuan). Gaur egun Aizarnan dagoen Karmengo Amaren ermitatxoa, beraz, geroago eraikitakoa izango da.

Gure artxibo historikoko kontu-liburuetan, nahiko zehatz ageri dira Zestoako zein Aizarnako lanak eta gastuak: Aizarnan, 45 eguneko lanak izan zituzten ofizial zurginek eta harginek, eta eguneko sei erreal (reales de vellón) kobratu zituzten. Pioiek, berriz, 71 eguneko lanak egin zituzten, eguneko lau erreal kobratuz. 27 eguneko lana izan zen materiala garraiatzea, idi eta gurdiekin, eta haiei zortzi erreal ordaindu zitzaizkien eguneko. Errasti, proiektuaren zuzendaria, berriz, 33 egun ibili zen lanean eta hari ere zortzi erreal ordaindu zitzaizkion eguneko. Horri guztiari materiala gehituta (karea, egurra…) 1.322 erreal kosta zitzaion, guztira, Aizarnako kanposantua eraikitzea Zestoako Udalari.

Zestoakoari dagokionez –elizaren kontra zegoenaz ari gara, ez oraingoaz– lan gehiago izan zuten, besteak beste, lursaila berdindu (desmontar e igualar el terreno) eta harrizko horma berriak egin behar izan zirelako (104 eguneko pioi lana). Ate buelta ere, Aizarnakoa baino kuriosoagoa egin nahiko zuten, eta horretan harginak lan pixka bat izan zuen. Proiektuaren zuzendaria ere 50 egunetan ibili zen han (Aizarnan 33an). Kontua da, 2.457 erreal inguru kosta zitzaiola, guztira, herriko kanposantua Udalari.

Ordutik aurrera, Udalari zegokion hilerriak administratzea, zaintzea eta kontserbatzea, baina lursailaren jabetzaren kontuan oso eremu irristakorrean sartzen gara. Izan ere, badirudi Elizak ehorzketarako eskubidea baino ez zuela laga, eta inoiz ez jabetza. Nolanahi ere, dirudienez (Naiz egunkari digitala), 1990ean immatrikulatu ziren “Jasokundearen parrokia eta hilerria”.

Arroan eta Zestoan, XIX. mende hasieran egindako hilerri haiek txikiak geratu ziren –eta etxebizitzetatik hurbilegi, oso– eta, ondorioz, leku airosoagoetara aldatu zituzten. Aizarnakoa dugu, beraz, zaharrena, urte amaieran 214 urte beteko dituena.

 

Argazkia: Aizarnako eliza. Vicente Dávila (1990)




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide