282. Kirolari ahaztuak

Ez naiz oso kirolzalea eta kulpa handia dauka horretan eskolan izan genuen kirol “heziketak”: izaera militarreko “heziketa” hura, lehiakorra, umiliagarria, ahulak betirako lotsatzea eta konplexuz betetzea lortzen zuena… Tira, maisu haiei esker gutako asko kirol kontuetarako guztiz anulatuta geratu gara.

Agian, kirol ikuspegi zaharkitu horrek zerikusia du orain azalduko dudan kontuan. Liburu eder bati esker ezagutu dut XX. mendean erraketistek bizitako bazterketa sistematikoa. “Raquetistas. Gloria, represión y olvido de las pelotaris profesionales” du izenburua Olatz González Abrisketa antropologoak kaleratu duen liburuak (Sans Soleil ediciones, 2022).

Kontrazalean dioan moduan “emakumeek, gutxienez 1917tik 1980ra arte, maila profesionalean jokatu zuten pilotan. Hainbat hamarkadatan, haien arrakastak gizonezkoenak gainditu egin zituen frontoietan, soldatetan eta ikusle kopuruan. (…) Liburu honek euskal pilotaren historia omisio batean oinarrituta dagoela erakusten du: erraketisten omisioa; estatuko hiri guztietan ez ezik, Kuban, Brasilen eta Mexikon ere jokatu zen kirol bat ahaztea. Sei hamarkadatan jarraian, jatorri desberdineko mila emakume baino gehiago, gehienak euskaldunak, pilotatik bizi izan ziren eta ospea eta aitorpena lortu zuten. Hala ere, jokoan zeuden proiektu nazionalak kantxetatik eta oroitzapenetatik ezabatu zituzten”.

Eta galdera hau egiten du Gonzalez Abrisketak: “Orduan, zer gertatu zen haietaz ezer ez jakiteko?”. Garai hartako dokumentuen eta lekukotasun batzuen berrikuspen sakon baten bidez, liburuak oso bestelako kirol-panorama bat berreraikitzen du, kirola beti gizonen esparrua ez zela izan erakutsiz.

Gerra ondorengo Sección Femenina delakoak, jakina denez, oso balore tradizionalak bultza zituen frankismo garaian, non emakumearen figura emaztearen eta ama otzanaren rola betetzera mugatzen zen; otzantasuna gauza guztien gainetik. Emakumea etxean, leku pribatuan.

Frankismoak ez ezik, euskal abertzaleek ere ez zuten erraketa bere nazio-eraikuntzarako proiektu berrian sartu, Abrisketak dioenez. Antza denez, “Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuaren antagonista gisa zeukan jarrera sendotu nahi zuen, eta, horretarako, irudi borrokalari bat proiektatu behar zuen, eta horrek bere kultura-adierazpenak –besteak beste, kirola– maskulinizatzea eskatzen zion”. Gizon euskaldun indartsua, borrokalaria eta maskulinoa. Emakumeak, berriz, Toribio Altzagaren antzezlan batean bezala “emakume elizkoi eta onak”.

Kontua da –beti ere, Gonzalez Abrisketaren lanak jarraitzen ari naiz– gizonen ikuspegi matxista horren aurrean, mugimendu feminista ere ez omen zela bere onenean ibili: “Feminismoak [etxekoandrearen askapenean lanpetuta] ez zuen aldarrikatu, praktika hori aktibo zegoen garaian, erraketisten papera. Apatia horrek ahalbidetu zuen diskurtso kontserbadore eta nazional-katolikoek kontzientzia nazionala menderatzea (…). Feminismoa ez zen gai izan, hasieran faxistek eta gero euskal nazionalistek, erraketista profesionalei emandako papera garaiz berraztertzeko. Euskal pilota eta bere modalitate guztiak gizonezkoenak baino ez ziren, eta emakumeak gizonezkoen erakusketa- eta kontsumo-objektu gisa baino ezin ziren sartu”.

Laburbilduz, Gonzalez Abrisketak erraketisten eta orduko gizartearen azterketa sakona egiten digu eta, lehen esan bezala, bestelako kirol-panorama bat berreraikitzen du.

Luzea litzateke liburu guztia aletzea hemen, baina, finean, kirolaren eta erraketisten historia egiten du bost kapitulutan: Euskal pilotaren eta erraketaren sorrera; 20 eta 30eko hamarkada, erraketaren zabalkuntza; 40ko hamarkada, erraketa gerra ondoren; 50eko hamarkada, feminitatearen mistikari aurre eginez; eta 60 eta 70eko hamarkada, profezia autokonplitua. Horrez gain, sarrera oso interesgarria eta amaiera edo ondorioak daude, eta, epilogo gisa, “Valenciako erraketistak” atala, Helena Patricio eta Victor Agullok egina.

Oso liburu beharrezkoa, landua, eta –esan beharra daukat, inor izutu ez dadin– oso irakurterraza. Gainera, letra hutsek atzerakoa ematen dietenentzat oso argazki ederrak ere baditu.

Niri, ordea, poz handiena bertan Gloria Agirre, Txikita de Aizarna, agertzeak eman dit. Ezin dudanez gehiegi luzatu, Gloriari buruzko pasarte nagusia bakarrik txertatuko dut hemen. Neuk euskaratua da, eta barka, beraz, akatsak.

Gloria frontoitik gertu bizi zen, eta gogoratzen du txiki-txikitatik entzuten zuela pilotaren soinua, eta han korrika joaten zela, gizonak jolasean ikustera. Arratsaldero, eskolatik irtetean, puntura jokatzera (kanporaketa-joko bat) geratzen zen, ikaskideekin batera: “neskek interesik ez zutela ikusita, mutilekin ibiltzen nintzen”. Orduan konturatu zen gehienak baino trebeagoa zela, eta haiekin eskuz jokatzen hasi zen. Hamabi edo hamahiru urte zituela, Aizarnako gizon talde batek partida bat antolatu zuen Santa Kruz jairako, maiatzaren hiruan, bera eta herriko lagun bat Zestoako biren aurka.

Gogoan du herri osoa Zestoara joan zela “galtzada erromatarra” deitzen zioten bidetik, beraiek pilotan ikusteko, baina galdu egin zuten, eta gero Aizarnan Mendekoste aldera irabazi zuten errebantxa.

Orduan, Zestoako alkate Fidel Lizasok Mutrikuko erraketa bat oparitu zion, baina ez zion jaramon handirik egin, “han inork ez zekien-eta frontoian erraketaz jokatzen zenik, teniserako zela uste zuten”.
Baina Zestoako gizon batek, Florentino izeneko batek
[Florentino Alkorta “Exkerra”], Madrid frontoian kantxero izan zenak, behin eta berriz esaten zion Madrilera joan beharko zukeela jokatzera, han erraketistek diru asko irabazten zutela-eta. Eta berak pentsatu zuen: “ai, nik hemen jokatzen dudanarekin… erregina nintzela uste nuen, beste inork baino gehiago jokatzen nuela… denei irabazi behar diet “. Aizarnako bere amaren dendan prentsa artikulu bat aurkitu zuen, Eibarren eskola bat zegoela zioena, eta argazki bat gogoratzen du: “igual izango ziren zortzi edo hamar neska Madrilera erraketan jokatzera joaten zirenak. Orduan hasi zen “etxean lata pixka bat ematen … eta hasieran, ba, tira, ez zuten entzun ere egin nahi […]. Baina iritsi zen une bat non ni ausartu nintzen Anabitarte jaunari gutun bat idaztera[Ildefonso Anabitarte Ansa Frontón Madrid-en jabea zen]. Anabitarte Gloriaren aitarekin harremanetan jarri zen, eta aita Hondarribira joan zen, han pasatzen zuen-eta uda Anabitartek. Berak ez zuen elkarrizketa hura ikusi, baina badaki Anabitartek bizileku bat aurkitzeko konpromisoa hartu zuela, “beste bi lagunekin izango zena, bi neska oso jator, hemengoak, bi pilotari ziren, bata Soroa eta bestea Areso […], apopilo bizi ziren (pentsio batean, haietaz arduratzen zen andre batekin) eta tira, hara joan nintzen”.

1963ko irailean, Gloria Agirrek trena hartu zuen Tolosan, Rosa Soroa pilotariarekin (Miguel Soroa eskulariaren iloba eta Jose Maria Soroa pilotariaren alaba). Hilabete batzuk geroago, 1964an jada, Gloriak Chiquita de Aizarna izenarekin debutatu zuen, eta denborarekin erraketako azken figura handia izango zen.

 

Zoaz, irakurle, liburua erostera ez zara damutuko eta. Bestela, egun gutxi barru, hor izango duzu liburutegian Amaia Garateren prestutasunari esker.

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide