286. Biografia heterodoxoak
— 2023-05-09Alejandro Carral (Eibar, 1920-1989) erabat ezezaguna zen niretzat. Famatua izan behar zuen, ordea, bere garaian eta bere izaera polifazetikoaren adibide dira han eta hemen ageri diren ezaugarriak: pertsonaia berezia, eibartar ospetsua, Eibarko txinparta, ahalmen fisiko ezin hobeak baina zaintza fisikorik gabekoa, estrobertidoa, ludikoa, sekulakoa, bitxikeria eta aldrebeskeria ugariren egile… Urteko edozein garaitan, hotz edo bero egin, alkandora hutsik agertzen omen zen, txapela jantzita eta purua ahoan zuela.
Alejandro gaztetan pilotaria izan zen (Jose Agustin Larrañaga, Eibarko pilotariak). Lehendabizi afizionatu mailan eta, ondoren, profesional mailan, 1942tik aurrera. Esaten dutenez, berezkoak zituen ahalmen fisiko ezin hobeak, baina ez dirudi asko zaintzen zenik fisikoki.
Pilotari izateaz aparte, aizkolari gisa ere aritzen zen hainbat jaialditan, eta hori gutxi balitz, torero ere ibilitakoa omen zen: “Eneko Anduezak, Peña Taurina Pedrucho Eibarresa-ko presidenteak, adierazi duenez, ‘Alejandro Carral beti izan zen pertsona herrikoia, eibartarraren jatortasun ereduarekin bat egiten zuena eta mundu guztiarekin konektatzen zuena. Antolatzen zen edozein zekorketatan toreatzeko prest agertu zen beti, Eibarren antolatzen ziren proiektu askotarako dirua biltzeko’. (Alberto Echaluce, El Correo, 2006-05-20).
Horrez gain, Carralek eskopetak pabonatzeko tailer bat zuen. Pabonatzea zera izaten da, eskopeta azalean oxido ilunezko geruza sortzeko prozesu industriala, piezaren itxura hobetzeko eta haren korrosioa saihesteko.
Tira, historial horrek denak biografia bikaina egiteko materiala emango lukeen arren, gure Carralen ospea askoz gehiago ere zabaldu zen: Enrique Bernedok dioenez (Eibar, herriaren arima, 81 zenbakia) “Carralek, aldarte ona zeukanean, sabel-dantzaren bertsio oso berea ematen zigun, mantel batez apaindua eta bere aurpegia beltzez tindatua, bere lanagatik (eskopeta-kanoiak pabonatzea bere tailerrean, Koliseoaren atzean)”. Antza denez, dibertimendua ez zen falta izaten Eibarren.
Eta dibertimendua izan zen, garaiko Espainia frankistako moral itxi hartan, Carralen alderdirik ezkutuena, gaueko giroan eta zalapartan bizi ez zirenentzat behintzat. “Espainiako vedetteen euskal erregea” deitzen zioten Carrali, eta horrekin dena aurreratu dut. Esaten dutenez, “Jan eta edan” tabernan, eibartarrentzat kultu-lekua eta erreferentzia, ateak itxita antolatzen zituen Carralek bere jaiak han hurbileko Amaya antzokian aritzen ziren konpainientzat, emanaldia amaitu ondoren, eta edozein egunetan egunero mila kafe zerbitzatzen ziren, eta Fariak berriz kajoika saltzen ziren.
Carralen azken erromantze sekretua, klandestinoa eta habaneroa Juana Bacallao abeslari eta dantzaria izan omen zen (berezko izena Neris Amelia Martínez Salazar, 1925ean jaioa Habanan). Teatro Argentino izeneko horrek errebista musikalak eskaintzen zituen Iberiar Penintsulako herrietan zehar arropa arineko neskekin eta emakume-manerako gizonezko dantzariekin. Goren-gorena zen parranda gauetan.
Ikusten den bezala, benetako pertsonajea gure Alejandro Carral hau. Eta irakurlea segituan konturatuko zen bezala –Aztarka hauek nahitanahiez eduki behar dute lotura gure herriarekin– ezin eduki osagai aproposagoak gure herrian lur hartzeko. Jakinekoa da “Cosas de Cestona, ora pro nobis”, eta nola iristen ziren –orduan gehiago orain baino, esango nuke, turismoa eta gure herriko irekitasunaz baliatuz– gurera munduko perlarik bitxienak. Gure Alejandro Carral pilotaria, aizkolaria, enpresaria, toreatzailea eta, batez ere, bizizale bat izaki, ez litzateke harritzekoa edade pixka bateko zestoar batek baino gehiagok ezagutu izana bera. Hala balitz, biziki eskertuko dizkiegu argibideak.
Kontuak kontu Gasteizko Carabanchel tabernan gertatutako hilketaren ondorengo historia bat da Carral eta Zestoa lotzen dituena. 1955eko otsailean sei gizon hil zituzten han baina luze joango litzaiguke kontatzea (Irakurri, esate baterako:Txema Ramirez de la Piscina, “Carabanchel”, Berria, 2023-02-12). Beraz 1955eko otsaila.
Gure iturriak, ordea, abendua aipatzen du eta, beraz, 1956ko abendua izango zen Carral eta Zestoa elkartu zirenekoa: “(…) Kontaiozu, Alexandro, Zestoako abenduko igande hartakoa. Gogoratzen? Gipuzkoa eta Euskadi osoa lur jota zeuden Gasteizko Carabanchel tabernan izandako hilketa sadikoen ondorioz. Zenbat egunkari saldu ziren orduko hartan, batez ere “El Caso”, kronika gorriaren goizeko erromantikoa. Badakit nazka-nazka eginda zeundela horretaz guztiaz. Euskal munduan gai bakar bihurtu zen. Hala, harategira joan zinen. Kilo bat gibel erosi zenuen. Burusoila eta txapelera arte zikindu zenuen zeure burua materialarekin. Harakinari aizkora uzteko eskatu zenion –‘Une bat besterik ez da’, esan zenuen–, eta arropa zikinduta taberna hurbilenean sartu zinen oihuka: ‘Hamar hil ditut eta Euskadi erdia hil dezaket. Kabroi asko dago aske!’ Ene, zer izan zen hura! Jendea leihoetatik irteten zen, eta bitartean zuk, lasai, zure hirugarren Farias-a pizten zenuen. Beste garai batzuk ziren. ‘Gazteen erokeriak’, zure ustez”. (Santiago J. Santamaria, Alejandro Carral, el ‘Rey de las Vedettes de España’, murió de amor por Juana Bacallao, El Bestiario, 2019-08-27).
Erraz irudika dezakegu Carral, esate baterako, kale-kaintoiko edo Erdikaleko Karmelo Etxaberen edo Iriondoren harategian sartzen eta han harekin batera hurbildu ziren lagunei esaten: “Egin behar diagu ederra”, eta harakinari –ez harritu lehendik ezaguna izatea– ozenki kilo bat gibel eta aizkora eskatzen. Gero, sartu denda-barrura, zikindu bere burua dena odolez eta, esaterako, Txoko edo Koiote tabernara ziztuan joaten eta han zeuden denak ihes betean jartzen: “Hamar hil ditut eta Euskadi erdia hil dezaket. Kabroi asko dago aske!”. A ze, zalaparta armatuko zuen! Zenbat horrelako broma egingo ote zituzten 1950-60ko urte haietan!
Alejandro Carral Eibarren ezaguna omen zen –Santiago J. Santamariak esana– ezinezko maitasunengatik, maitasunak eternala izan behar zuen gizartean, ezaguna omen zen gaztetako aldrebeskeriengatik eta asteburuetako bisitengatik Bilboko “Cortes”-etara, alegia, Bilboko puten auzora, Pilar Primo de Riveraren Falange Españolako Sección Femenina-k eta hango jainkojaleek baimendutako puten auzunera.
Beren “biografia heterodoxoa” lotsarik gabe erakutsita edo disimuluan gordeta, klandestinoki, era horretako pertsona franko hartu izan ditu Zestoak, eta esango nuke asko aberastu gaituela horrek. Gure herriarekin harro egoteko beste arrazoi bat.
Egin zaitez bazkide