287. Estandartea

Duela egun batzuk, “King Corp. El imperio nunca contado de Juan Carlos I” liburuaren argitalpenaren kontura, hedabideek, besteak beste, Borboiak “luxuzko erlojuekin zuen obsesio surrealistaz” hitz egiten zuten (Naiz egunkari digitala).

Erdi Aroko arbasoek ere biltzen zituzten hain gauza lurtarrak, baina orduko moda santuen erlikiak biltzea zen. “Santutasun zatien” bilduma egitea, errege kristau baten kasuan, mundu osoari erlijio-debozio sakona adierazi eta fedearen aitzindari bezala aurkeztea zen. Gainera, erlikia garrantzitsuak edukitzeak pribilegiozko estatusa ematen zuen eta babes berezia bermatzen zuen. Garai jakin batzuetan, subirano batzuk lehia bizia izan zuten euren artean horrelako bildumak egiteko garaian.

Jakina, parrokiek ere, oso apalak izan arren, beren erlikia bilduma zuten eta nabarmena da, adibidez, Zestoan dugun Kristoren gurutzearen ezpala edo lignum crucis-a edo Arroan aspaldi zegoen erlikia bilduma aberatsa –ez dakit gaur egun ere baden–.

Geuk ere –zestoar zibilok, edo hobeto esanda euskaldun eta espainiarren historia inperialista eta kristaua loriatzen zutenak– bageneukan geure erlikia kuttuna, 1884. urtean zeresan ugari eman zuena orduko komunikabideetan: Navas de Tolosako estandartea.

Navas de Tolosako bataila –Wikipedia dixit– historiografia arabiarrean “Al-Iqāb-eko bataila” deitua eta kristauetan “Ubedako bataila”, 1212an gertatu zen, eta Gaztela, Aragoi eta Nafarroako erresumetako tropek eta Leon eta Portugalgo erresumetako boluntarioek osatutako armadak aurka egin zien almohadeei Jaen inguruan. Kristau tropen garaipenarekin amaitu zen, eta Birkonkista deiturikoaren bataila garrantzitsuenetakotzat jotzen da, baita iberiar penintsulan musulmanen presentziaren gainbeheraren hasieratzat ere. Nafarroako armarriko kateak bataila hartan Antso erregeak hautsitakoak dira.

Bataila hartan, dirudienez, euskaldun frankok hartu zuten parte, eta horien artean Esteban Aizarnatea aizarnarrak. Baita Azpeitiko Etxaniz etxeko zaldunek ere. Lope Isastik dioenez, Joan Beltran Iraeta jauna izan zen Gipuzkoak Gaztelako Alfontso VIII.ari (1158 – 1214) mairuen aurka gerra egiteko emandako soldaduen kapitaina. Dena den, albiste horiek ez dira guztiz fidagarriak (Iñaki Azkune).

Kontua da, Jaengo paraje haietan 1212an ibilitako estandarte bat Zestoako udaletxean gordetzen zela “desde tiempo inmemorial” eta XIX. mendeko une batean galdu ote zen zabaldu zela.

Sua El Noticiero Bilbaino egunkariak piztu zuen 1884ko irailaren 10eko alean: “Oso prozesio handia egin zen atzo, hilak 6, Itziarko Ama Birjinaren santutegira, Aia, Urdaneta, Altzola, Errezil, Bidania, Goiatz, Zestoa, Aizarna, Iraeta, Arroa, Aizarnazabal, Oikia eta Zumaia herrietatik; lau mila erromes baino gehiago –gizon zein emakume– itzuli ziren, atzo iluntzean, bakoitza bere jatorrizko tokietara, eta ia herri guztiek Ama Birjinaren irudia zuten estandarteak edo banderak zeramatzatela, eta Zestoako hiribildu honek bereziki hiru bikain. Sentitzen dugu horien artean ez genuela ikusi gure tertzioek Navas de Tolosa delakoaren batailara eraman zuten zaharra eta erdi zulatua, euskal handitasunaren erlikia ezin ederragoa, zeina orain dela urte gutxi aurreikuspen gutxirekin Parisera bidali zen, hartan oinarrituta orain eramaten den estandarte berria egin zezaten. Estandarte hori aberatsa eta luxuzkoa izan arren, ez da Navaseko zaharra bezalakoa, eta gutun honen egilea harritu egiten da nola Zestoako herriak, edo erregearen gobernuak, gure enbaxadore ilustratu Silvela jaunaren bitartez, ez dituen behar bezalako gestioak egin frantsesentzat ezer esan nahi ez duen, baina guretzat gipuzkoarrontzat egundoko esanahia eta balioa duen sekulako altxor historiko hura aurkitu eta berreskuratzeko”.

Handik egun batzuetara, hainbat egunkaritan (El Correo Militar, La Época, El Siglo Futuro…), luzeago edo laburrago, gaia pil-pilean dago. El Siglo Futuro karlista-integristak Pedro Egaña jartzen du jomugan: “Egia esan, guri iruditzen zaigu Pedro Egaña jauna izan daitekeela solte [albiste] honen egilea, edo, hobeto esanda, haserre-eraso horren biktima. Estilo txepelagatik, kasketaldi biziagatik.

Garai honetan, prentsa politikoa puri-purian dago, eta nahiz eta tiradak oso txikiak izan, alderdi eta pertsonaia bakoitzak bere egunkaria du boterearen alde borrokatzeko. Horrela, gure estandartearen kontu hori ere aitzakia paregabea da liberal moderatuak (Egaña) eta karlista eta foruzaleak elkarri egundokoak botatzeko.

Pentsatzekoa den bezala, azkenean Etxaide alkatea sartzen da auzian: “Hemen, zuzendari jauna –El Siglo Futuro-ko zuzendariari idazten dio– zera galdetu behar da: Norentzat idazten du dagokigun berriemaileak? Txinako biztanleentzat agian? Horrela dirudi, hain arinki baieztatzen dela ikusirik oinarririk gabeko gertakaria. Berriemaileak faltan botatzen duen estandartea, egia da, Parisera bidalia izan zen, hura ikusirik gaur eramaten den berria egin zedin, baina udala kontu handiz arduratu zen hura jasotzeaz, eta hemen bere zaintzapean dauka, herrialdeko loriak maite dituelako, ez gutxiago Noticieroko irakurleei hain berri bikaina eman dienak baino, plantxa handia eginez, esaten den bezala.

Estandarte hori, ikusi nahi duen orori erakusten zaio, eta bitxia da, halaber, korrespontsalak, gaian zer dagoen benetakoa jakiteko, uste dugun bezala, eginbide batzuk egin ondoren, ez duela aurkitu zintzotasunaren eta egiaren lurralde honetan arima karitatezkorik, berri horiek eman dizkion ezjakin maltzurrak baino zerbait hobea emango zionik”.

Alkatearen gutuna, ondoren, egunkariari “berri horiek eman dizkion ezjakin maltzurra” agerian jartzen saiatzen da. iritsiko zitzaion Egaña izan zitekeela eta hor dihoakio eztenkada: “Nire harridurak gora egiten du, korrespontsalak Pedro Egaña jaunari buruz asko hitz egiten duela ikusita, berarekin adiskidetasunen bat duela pentsatzekoa baita. Nolatan ez zion, bada, korrespontsalak ezer galdetu ministro ohi agurgarriari Navaseko estandarteari buruz? Eta, jakina, ez zion galdetu; izan ere, hala egin izan balu, seguru Egaña jaunak saihestuko zukeela korrespontsal bakar batek ere ez harrapatzea El Noticieroko irakurleak hain albiste faltsuarekin. Ezin dudana erraz azaldu da nola Egaña jaunak, El Noticiero egunkariaren irakurle etengabea eta egunkari horren ohiko korrespontsala izanik, ez duen hain ergelkeria handia deseginez idatzi. Jaun horrek jakin behar du estandartea hemen dagoela. Zergatik ez zaio, bada, bururatu El Noticíero-ri hain arin idazten dion korrespontsala gezurtatzea? Agian Don Pedrori gutxi axola zaiolako udalerri baten izen ona?“

Irailaren azkenetan, Pedro Manuel de Soraluce historialari donostiarrak, La Época egunkariaren bitartez, eskaera luzatzen dio Gipuzkoako gobernadore Francisco Cassa-ri: “Hori guztia dela-eta, gobernadore txit prestuari eskatzen dio Gipuzkoako monumentu historiko eta artistikoen batzordea bildu dezala, honako puntu hauek azter ditzan; [estandartea] hiri honetara [Donostia] ekar dezala, leku seguruan utziz, bandera zahar baina loriatsu hori, beti ere, eman beharreko urratsetan Zestoako Udalarekin bat etorriz, gai garrantzitsu honek hartzen duen bilakaeraren arabera” (La Época, 1884-09-28)

Azkenean, ika-mikatan hilabete bat pasa ondoren, honela ematen da amaitutzat kontua (Época 1884-10-09): “Gure irakurleek gogoratuko dute La Épocak hasi zuela Navas de Tolosako banderaren auzia, denboraldi batez galdutzat jo zen banderaren auzia. Egun gutxi barru, gobernadorea buru duen Monumentu Historiko eta Artistikoen Batzordea Donostian bilduko da, Zestoako bandera horri buruzko datuak biltzeko”.

Urriaren hasieran, Madrilgo Historia Akademia bildu zen (El Día, 1884-10-04) “Bart Akademia honetako Ohiko Batzarra bildu zen, Lafuente jauna buru zela. (…) Batzarrak, azkenean, Zestoako Navas de Tolosako zutoihalari buruzko txosten bat eskatu zion Arteche jeneralari” (Jose Gómez de Arteche (1821 – 1906).

Handik aste batzuetara, gaia lehenaz gain nahasteko, aizarnarrak sartzen dira guda-zelaira: “Iruñeko Lau Buru egunkarira igorritako ohar baten arabera, Navaseko batailako bandera, Zestoako hiribilduaren jabetzakoa dena, Aízarna herriarena da, Cestona Navaseko guduaren ondorengoa baita, eta hiribildu hartako lehen biztanleak aizarnarrak izan ziren. (Dinastia, 1884-10-27).

Hortik aurrera, mutu geratzen dira komunikabideak gure estandarteari buruz. Udal aktetan ere, hitz erdirik ere ez; ez monumentu historiko eta artistikoen batzordea bildu zenik, ezta estandartearekin zer egin zutenik ere. Donostiara eraman ote zuten? Herrian bertan geratu ote zen? Eta zaharra oinarritzat hartuta Parisen egin omen zuten berria, aberatsa eta luxuzkoa, non edo noiz galdu zen?

Historia Akademiak Gomez de Artecheri eman zion enkarguaren emaitzarik ez dugu aurkitu. Akademiaren VI. Koadernoak (1887ko ekaina) aipagai ditu Navas de Tolosa delakoak baina estandarteari buruz ezer ere ez: “Gómez de Arteche akademia-kideak Navas de Tolosako zelai ospetsuan jasotako gezi-burdina batzuk aurkeztu zituen, eta bertaratutako akademikoek atseginez aztertu zituzten. Halaber, borroka ospetsu haren planari eta gorabeherei buruz idazteko proiektua iragarri zuen”. Gure estandartearen aipamenik egiten ote zuen? Sakonago aztertu beharko litzateke.

Tira, egunen batean jarraituko dugu ikerketarekin. Errekonkistaren eta kristau inperialismoaren nostalgikoak ez garenez, ez digu loa kenduko. Oraingoz.

 

Argazkia: Desfilea Burgosen, Las Huelgas monasterioan gordetzen den Navas de Tolosako estandartearekin (pendón).




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide