288. Ahanztura eta erdeinua

Zendu berria den Antonio Galak idatzi zituen lerro zoragarri batzuk gaurko gai honetarako primeran datozenak: “Eta badakit, hala ere, alferrikakoa dela, baldarra, atzoko loreak iraunaraztea; egun berri bakoitzak bereak ekarriko dituela, eta bere bizinahia. Baina, ihes egin zuten txoriak, lehortu ziren hostoak, egiazki hegan egiten duten eta pasatzen den guztia, nork ahal izango du atxiki? Zein kaiolatan eduki dezakegu gatibu? [Y sé, a pesar de todo, que es inútil, torpe conservar las flores de ayer; que cada día nuevo traerá las suyas, y su afán. Pero, a los pájaros que huyeron, a las hojas que se secaron, a cuanto de verdad vuela y pasa ¿quién podrá retenerlo? ¿y en qué jaula podríamos mantenerlo cautivo?].

Argazki honen izenburua izan zitekeen, ederki asko, “Joan zirenei”, Xabier Lete kopiatuz. Izan ere, jada desagertutako mundu bat ageri baita bertan. Duela 20 bat urte, 52 urterekin, zendutako Bertil Lagerström artista suediarraren argazkia da. Bertil 1982an iritsi zen Zumaiara lehen aldiz, eta ordudanik harreman estua izan zuen Zumaiarekin. Margolari, marrazkilari, bideogile… artista hutsa zen Bertil, zentzu guztietan. Zumaia ez ezik, 80ko hamarkada erdi aldeko Zestoa ere jaso zuen bere argazkietan, zuri-beltzezko begirada bereziarekin.

Joan zirenei, beraz. Azorin idazlea, 1904an Donostia aldetik Zestoara bueltan, Arroara iristen denean harrituta geratzen da: “Trenak geltoki ñimiñoan uzten gaituenean, dilijentzia zahar bat –Teofilo Gautierri gustatuko litzaiokeena– dugu zain”. Teofilorentzat eta Martinez Ruizentzat trena adelantua zen orduan eta dilijentzia atzerapena. Argazkiko Urola trena ikusi izan bazuten auskalo zer pentsatuko ote zuten.

Auskalo zer pentsatuko dugun guk –eta publizitate pixka bat egitera noa– Sabino Legardak eta Iñaki Galdonak, ostegunean, ekainak 15, Urola trenaren makina bat argazki eta pasarte eskaintzen dizkigutenean. Azaldu, mereziko du eta atzera begira eder baten parte izatea.

Bueno, Urola, administrazioak askotan ohi duen bezala, aurrekontu eta mantentze-lan kaskarren ondorioz, eta aurrerapenaren ikuspegi atzeratu bat zela tarteko, abandonu bizian utzi zuten garraioa. Baina, utz dezagun hori oraingoz. Beltz-beltza, burdinazko eta egurrezko beldar baten gisa, hor dago irudiaren erdi-erdian gure tren maitea. Eta horren aldean ahanztura eta erdeinu izugarria jasan du argazkiaren zati handiena hartzen duen fondo grisak.

Zoro-zelaiak daude hor, gaur egun belar txarrez josita ikusten dugun paraje horretan. Ondo moztutako zelaia gune batzuetan; artasoroa bere bizitza-zikloa amaituta eta, beraz, artoak eta babak jasota; eta arbi pusketa bat, ganaduaren belar onduzko menuari freskura pixka bat emateko. Udazken-negua da, eta horrek berorrek geure baitan biltzera eramaten gaitu. Zuhaitz gutxi dago, bakar batzuk besterik ez, ezta sasi askorik ere bazterretan. bazterrak txukun daude. 80ko hamarkada izan arren, oraindik ere nahiko indartsu dago nekazaritza-abeltzaintza.

Argazkia lasaia da, ez du erakusten urte gutxi barru etorriko den aldaketa bortitza: trena pikutara, baserria itotzera, eta Pako Aristik zoragarri esan zuen bezala Aristik: “Sasiak urratu du / gure ametsak umotu zituzten / bide horien edertasuna”. Baina argazkian ez dago horrelakorik. Dena lerro horizontal paraleloak dira: bide ondoko orma, trenbidea, zoroek osatzen dituzten banda horizontalak, goiko pendiza eta goragoko bidetxurra. Etorra bidearen lerro diagonalak, zuhaitzek eta beheko bi zutoinek apurtzen dute, soilik, paisaiaren lasaitasuna. Eta, gainera, goiz edo eguerdi partea da eta, esan behar, etorriko den egun berria aldarrikatzen ari dela argazkia. Ez da, ordea, inozoa gure Bertil. Hemen ezkutuan uzten duen sekretua, alegia, mundu bat galtzear dagoela, agerian oso erakusten du honekin batera egindako beste argazki batzuetan: “País de enchufados”, dio Zumarraga aldeko pareta batek; “Urola bai, despidorik ez” beste batek. Urola hortxe, agure zahar bat bezala, bere azken hilabeteak iritsi zaizkiola jabetuta.

Joseph Roth idazlea (1894-1939) oso sentibera zen bere garaian ziztu bizian gainbehera omen zioan mundualdiaren aurrean. Gauza ederrak idatzi zituen, eta horien artean “La Marcha Radetzky” (1932), etengabeko gainbeheran doan Trotta familiaren historia. Uste dut ondo datorrela gure argazkiarekin, eta nire itzulpen kaskarrarekin utziko zaituztet (jakina, gaztelaniarik). Segi ostegunean Urolako trenaren diapositiba-emanaldira, sinfalta, e!

Garai hartan, Gerra Handiaren aurretik, hemen kontatzen diren gauzak gertatzen zirenean, artean garrantzitsua zen gizon bat bizitzea edo hiltzea. Mundu honetatik norbait desagertzen zenean, ez zen berehalakoan beste bategatik ordezkatzen, hildakoa ahantz zedin, baizik eta hutsune bat geratzen zen bera lehen egondako lekuan, eta haren heriotzaren lekuko izan zirenak isildu egiten ziren, hark utzitako hutsunea hauteman bezain laster. Suak etxe bat irentsi bazuen kaleren batean, sutearen lekua hutsik egoten zen luzaroan, igeltseroak astiro eta arretaz egiten baitzuten lana, eta auzokoek, kasualitatez kaletik pasatzen ari zirela, etxearen itxura eta hormak gogoratzen zituzten orube hutsa ikustean. Gauzak horrela ziren orduan. Hazten zen guztiak denbora asko behar zuen hazteko, eta denbora asko behar zen desagertzen zen guztia ahazteko. Baina existitu zen guztiak bere aztarnak uzten zituen eta garai hartan oroitzapenetatik bizi zen, gaur egun azkar eta sakon ahazteko bizi den bezala”.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide