289. Aniztasuna
— 2023-06-28Zein zaila den herri baten edo pertsona baten nortasunean ados jartzea! Batzuentzako pertsona serioa eta langilea den bat beste batentzat txorogaizto bat izan daiteke. Gauza bera gertatzen da herri izaerarekin ere: batzuentzat herri abegikorra dena guztiz arbuiagarria izan liteke beste batentzat: “Zure herrialdean atzerritar sentitzen zaren Gipuzkoako herri horietako bat da Zestoa” ABC egunkariko kazetariarentzat. “Gaztelania erabat desagertu da kaletik, eta farola bakoitzean, horma bakoitzean, presoak hurbiltzea, espetxetik ateratzea eta independentzia eskatzen duten ETAren aldeko kartelak daude. Udaletxean ikurrina baino ez dago, eta plazako balkoiren batean terrorista baten argazkia dago zintzilik. Bi kanpotarren etorrera herriaren erdigunera mesfidantzaz hartzen dute bizilagunek, eta haiengan iltzatzen dituzte beren begiradak”. (Pablo Muñoz: “Alivio en los feudos batasunos”. ABC.es 2006/04/01). Tira, betiko topikoa.
Guztiz bestelako iritzia zuen Enrike Zurutuza albaitariak (Ataun, 1917 – Azpeitia, 2010), botikako Mari Karmenen aitak. Hark ondo baino hobeto ezagutzen zuen gure herria eta gehiago fio naiz ni harekin ABC-koekin baino. Abeltzaintzaren dibulgatzaile zen partetik, hainbat aldizkari espezializatutan parte hartu zuen, ikastaroak eta hitzaldi franko eman zituen, garaiko prentsan kolaboratu ere bai eta ezin ahaztu irratian hainbat urtez eskaini zituen euskarazko irrati elkarrizketak Manuel Oñatibia albaitariarekin batera. Baina Zurutuzak, batez ere, baserriz baserri ibili behar izan zuen, ez Baroja bezala zaldi kaskar batean, baina gainerakoan antzeko, eta, ondorioz, ondo ezagutzen zuen zestoarron izateko modua. Horregatik fidatzen naiz mila aldiz gehiago berak esandakoaz ABC-koenaz baino.
Bada Enrikerentzat, garai batean, anfitrioi bikainak ginen zestoarrak: “Euskaldunok egiazale fama daukagu, baina hitz gutxikoak omen gara, zakar samarrak, zeremonia gutxikoak. Zestoarrak guztiz bestelakoak direla esango nuke nik. Udaldi exotikoaren mundutxoa eskola aparta izan dute oso erakargarria den jendetasun (don de gentes) batez janzteko. Gizonezkoa edo emakumezkoa izan, han bere lanpostuan –dendan zein artisautzan edo lantegian– benetako zestoarrak, klase eta maila guztietako jendearekin tratatzen ohitua izaki, nolabaiteko maiordomo ingeles itxura hartzen du. Edukazio onekoa, beti laguntzeko prest, hitz egiten egokia eta gozoa, inoiz aldrebes ibili gabe, gauzak bere helburu eta nahietara eramaten dakiena. Esango genuke San Ignazioren diplomazia-modua erabiltzen duela: Berearekin sartu eta zeurearekin irten”.
Izaera hori, alegia, jendetasunarena da gehien nagusitu dena, batez ere bainuetxe-bizitzari buruzko literaturan. Errepikakorra izango naiz baina hala deskribatzen du Azorinek bainuetxeko langileria: egokia eta diskretua, zuzena, ikaragaitza, serioa, isila, hiritarra, keinu dotorekoa… Hala irudikatzen gaitu Walter Starkie irlandarrak ere, eta “publizitate agente abil gisa” definitzen du herriko tabernari bat. 1980ko hamarkadan ere, artean, bizirik dago irudi hori prentsan: “Zestoaren ezaugarri nabarmenetako bat da zestoarren izaera abegikorra eta festazalea. Zestoar bakoitzak harrotasunez esan dezake anfitrioi eta hiztun aparta dela”. Don de gentes, beraz, Zurutuzak zioen bezala.
Baina ez da hori irudi bakarra. Badugu zestoarrok ere –edo denak ez bada, mordoxka batek bai– liskarzale historial ederra, eta horren adibide dira gure agiri zahar eta bertako auzi franko. Taberna giroan eta edanean askotan, handikien pribilegio eta lehentasun kontuengatik beste batzuetan. Badu Begoña del Tesok kontakizun bat periodikuan –fotokopiatu nuen bere garaian baina datarik ez nion jarri– “Ya me habéis muerto” izenburuarekin, Arroako Joseph de Yrure eta Azkoitiko Bernardo de Ydiaquez liskar batean murgildu zirenekoa Zumaian: “Tiráronse estocadas sin cuento. Rompiose el acero del de Arrona. Arrinconole el de Azkoitia y fiero le estoqueó en el estómago” eta abar eta abar. Ekarriko dugu hona beste batean.
Antzeko beste pasarte bat Zestoan bertan gertatu zen. Joan Hortiz de Basurto izeneko batek auzi kriminala izan zuen Joan Garcia de Leizaola, Lili etxeko jaun eta jabea, eta San Joan de Leizaola ilobaren aurka, elizan lehentasun-arazo bat izan eta haren aurka erasotzeagatik. Zestoako justizia arruntak Leizaola osaba-ilobei leporatu zien Joan Hortiz de Basurto jaunaren aurka ados jarri eta konjuratu izana bera hiltzeko. Gertaera San Mateo egunean izan zen, Zestoako elizan, meza nagusiaren orduan. Gertakari hori ere xehatuko dugu gehiago hurrengo batean.
Liskarzaleak eta labana errazekoak, beraz. Eta berriro Zurutuzarengana itzuliz, baita azeri ederrak ere, oraintxe ikusiko dugun bezala. Zumaia eta Zestoaren arteko mugak zirela-eta, antzina San Lorente ermitan izandako liskarrak ditu aipagai albaitariak. Berari utziko diogu hizketan: “Dirudienez, garai batean, bien arteko muga [San Lorente] ermitaren paretik pasatzen zen: aurrealdea bere aldarearekin Zestoari zegokion, eta atzealdea sarrerako atearekin Zumaiari. Biak auzitan zebiltzan eta zestoarrei –garaipena erregutzeko seguruenik– ez zitzaien ermita hartantxe meza egitea baino gauza hoberik bururatu. Joan ziren, bada, agintariak eta kabildoa, baina zumaiar haserretu batzuk sarrera oztopatzen zuten, eta beren herriko atetik Zestoako inor ez zela sartuko, botatzen zuten desafioa. Egoera korapilatsu hartan, zestoarrek, moderatuagoak, eta mutur-joka hasi beharrik gabe, konponbidea aurkitu zuten. Ermitak leiho txiki bat du aldare gainean, beraz, Zestoako partean. Ondoko baserritik ekarri zuten eskailera luze bat eta berarekin pasa ziren barrura. Dirudienez, apaiza lodi samarra izan behar zuen eta lanak izan omen zituzten leihatilatik barrura sartzen. Elizkizun errukitsua ospatuta lasai-lasai itzuli ziren, aho zabalik lagata zumaiarrak. Gaur egun, ermita hura eta baserria Zestoakoak dira. Ongi balio izan zien mezak”.
Tira, esaera zaharrak dioen bezala, zenbat buru hainbat aburu, eta guk hemen esan dezakegu zenbat buru hainbat izaera. Izaera nazionala, herri izaera eta kontu horiek ondo asko desmitifikatu zituen, orain dela hamarkada asko, Julio Caro Barojak, bat bakarrik aipatzearren. Historia-liburuek zabaldu zuten ideia bat izan zen –eta da, gaur egun ere– izaera nazional edo herri baten izaera hori. Komunitate bat eratzen duen ideia edo mito bat besterik ez da, ordea. Mito bat, jendearen begirada mordo batekin osatutako puzzle bat besterik ez: herri bakoitzak bere burua nola ikusten duen, mito bat nola asmatzen duen eta nola elikatzen den, eta nola proiektatzen den, une bakoitzean dabilen haizearen arabera. Ideia hori topikoan elikatzen da, eta jakintsuek, bidaiariek, poetek, antzerkigileek eta abarrek erabiltzen dute. Baita guk ere.
Zorionez anitzak gara, eta hala segi dezagula.
Argazkia: Indalezio Ojangurenen argazkia. Gipuzkoako Foru Aldundia. www.guregipuzkoa.eus
Egin zaitez bazkide