290. Paradisua eta infernua

Heriotzak zartateko ikaragarri bat ematen dizu beti. Eta desolaziozko izara bat zabaltzen du geure gainera. “Biotzean min dut, min etsia, / negar ixilla darion miña” zioen Lizardik 1930. urtean amona zenaren ehortz-egunean. Asko ari gara entzuten hil-kanpaiak azken egunetan. Denei lagundu nahi nieke beren atsekabean, nahiz eta zaila den “urrutitik” eta hitz hutsekin asko arintzea beren sufrimendua.

Gaur zartatekoa eta tristura Josebarena jakin dudanean etorri zait. Banuen, lehendik, bere gaixotasunaren berri baina azken hilabeteetan pista galdua nion. Gaur sedatuta zegoela eta azkena berehalakoa zuela jakin dudanean, gure bizitza zein hauskorra eta heriotza zein krudela den pentsatu dut. Eta orain hitz hauek, hitz erabili eta topiko hauek idazten ari naizenean, neure buruari galdetu diot zertan ari naizen. Zer behar daukadan besteak ez bezala hemen nabarmentzeko. Baina, tira, lehenengo aldia al da, ba, horrela gure herritar hildakoen adiskideei nire dolumin hitzak idazten dizkiedala? Zer dauka lotsatzeko bihotzetik ateratzen zaizkidan hitzak nire blog honetan zurekin partekatzeak, irakurle?

Kinta berekoak ginen, baina hura hilabete mordoxka gazteagoa, beraz 58 urte. Bagenuen tratua baina ez hainbeste, gaztetan gehiago. Baina ezagutzea merezi zuen pertsona zen. Askotan gertatzen da, bizitzak bat alde batera bestea bestera sakabanatzen zaituztela eta bakoitzak bere bidea hartzen duela; eta ez duzula gehiegitan topo egiten baina, hala ere, estimazioa diozula eta ondo ezagutzea merezi duen pertsona kontsideratzen duzula; eta ezagutzeak asko aberastuko zaituen ustea duzula. Orain alfer-alferrik da, orain oroitzapenak bakarrik geratzen dira, atzo su bizi-bizia izandakoak hurrengo goizerako utzitako su-hondarrak balira bezala.

Ireki nezakeen oroitzapenen liburua gazte-gazte denborako orrialdeetan, han gau batean, Uztapiden, Hermann Hesse aipagai izan genuenekoa (nork ezagutzen du gaur egun Hesse?). Ireki genezake ametsek eta gizarte idealen irudikapenek orduak eta orduak hartzen zituzten garaien orrialdeetan. Baina zer balio dute nire oroitzapen xumeek berarekin orduak eta orduak bizi izan dituztenenekin konparatuta? Hutsaren hurrengoa, egia esan.

Baina gaur arratsaldean, nire bulegoko paper zaharretara hurbildu naiz eta hantxe ikusi dut, Mikel Irurerekin batera, hiru txakur ondoan dituztela. Gazte, oso gazte, guri begira dago ile luzea atzera bilduta, husky bat laztanduz. “30 urteko Iribarri eskalada eta parapentea bezalako arrisku-kirolak gustatu zitzaizkion beti –dio Egineko kazetariak–. Rock taldeen sustatzaile lanetan sartuta dabil azkenaldian, eta gogoratzen du bere bizitzan aniztasuna dela nagusi: ‘Niri gauza desberdinak egitea gustatzen zait; begira, okin gisa lan egin dut, zerbitzari, baserrian, gaztak egiten ditut…’”.

Andoni Canelladaren argazki bera dakar Egunkariak ere: “Raid Balticatik bueltan… Joseba Iribar eta Mikel Irure zestoarrek Finlandiako proba hau bukatu berri dute”. Gauetan hotz handia pasa dute, 27 edo 28 gradu zero azpitik, baina harro ikusten ditugu argazkian. “Dos guipuzcoanos en Finlandia” dio periodikuak. Orrialde osoak beraientzat.

Zer dabilkik begiradan, Joseba? Zer amets dabilkik buruan? Orain Finlandiako zein lekutan hago? Entzuten al duk Gari?

Egun finlandiar bat nahi nuke izan
zurekin hizketan jarraitzeko
zure hitzek on egiten didate
lasaitu egiten naute barren-barrendik

Paradisuaren gaia atera nizun
ta zuk erantzun bai,
paradisuaren fruitu eder asko daude
baina infernua ere hantxe egon daiteke

 

Gogoan izango haugu, Joseba, gure paper xaharretan eta gure oroitzapenetan. Laguntzen dizuet atsakabean familiari eta bere hurbilekoei.

 

Argazkia: Andoni Canellada. Euskaldunon Egunkaria, 1995-04-26




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide