292. Belar artean harria

Land art deitzen da. Land art edo earthwork-awikipediak dioenez– arte garaikidearen korronte bat da, paisaia eta artelana lotuta daude bertan. Naturan dauden elementuak material gisa erabiltzen dira: zura, lurra, harriak, harea, haizea, arrokak, sua, ura, etab. Artelana naturan sortzen da eta bertan mantentzen da, batzuetan lan txikiak izan daitezke, bestetan, ordea monumentalak.

Ez dakigu argazki honetan ageri den esku-hartze artistiko honen egileak “arte”, “land art” edo zer kontsideratuko duen sorkuntza hau edo, besterik gabe, barrez ariko ote den lerro hauek irakurtzen. Kontuak kontu, 20 urtetik gora dira han Aizarna aldeko Kaidade Haitz inguruko harresi batez baliatuz, Eneko Aristik, orduan Arte Ederretako ikasleak, burutazioa izan eta egin zuela.

Goitik behera, lerro zuzenean, dator harresia; hala egongo zen belaunaldiz belaunaldi. Orain eta leku honetan, ordea, lerro zuzena eten egiten da eta bereizi. Bi esanahi baditu behintzat: etetearena bata, markatutako lerro zuzenetik ez ibiltzearena; pasabidearena bestea, hau da, berez harresiak elkartezinak egiten dituen bi guneak komunikatu egiten dira. Esanahi gehiago ere izango ditu, ikusle bakoitzaren etorriaren arabera.

20 urte baditu argazkiak. Harrezkero ez naiz handik pasa. Ez dakit oraindik zutik dagoen artelan xume bezain bitxia. Nork daki. Lan hura egin zuenean, Aristi ez zen seguruenik kontziente zenbateko tradizioa zuten mendietan animaliei eusteko hesi haiek, eta zer nolako esku-hartzea egiten ari zen aspaldiko ohitura edo tradizio hartan. Oraintxe esplikatuko dut zehatzago zer esan nahi dudan.

Badut urrea bezala gordeta, inor gutxiri mailegatuko niokeen liburu eder bat, besteak beste, gai hauei buruz aritzen dena: John Seymour-en Artes y oficios de ayer. Seymour-en (London, 1914 – Wexford, Irlanda, 2004) deskribapen zehatza zaila da (berriro Wikipedia): “idazlea, esataria, ekologista, minifundista eta aktibista zen; kontsumismoaren, industrializazioaren, genetikoki eraldatutako organismoen, hirien, autoen aurkako errebeldea; eta honako hauen defendatzailea: independentzia, erantzukizun pertsonala, autosufizientzia, alaitasuna (janaria, edaria, dantzan eta kantuan), baratzezaintza, Lurraren zaintza”.

Seymour-ek dio, zenbat harri klase hainbat harresi mota daudela, baina harriak bi multzoetan banatzen direla bakarrik: harlanduzkoaren tankerakoak direnak eta ez direnak. Ba omen dira naturan harlanduzkoak diruditen harri klaseak, alegia, bloke angeluzuzenak. Ohikoagoa izaten omen da, ordea, geruzatan hausten den harria, hau da, harri bakoitzaren beheko eta goiko aldeak paraleloak dira, nahiz eta alboek edozein forma izan dezaketen; klase horietakoa da hemen, esate baterako, arbel gorria edo beltza. Azkenik, izaten dira harrizko bloke informalak, non aipatuko genukeen gure bazterretan hain ugaria den kare-haitza. Informazio iradokitzaile ugari ematen du gure lagunak baina luzatzen ari naiz eta liburua irakurtzera bideratuko zaitut, irakurle. Ez nituzke aipatu gabe utzi nahi, ordea, berak jartzen dituen adibide zoragarriak: Ingalaterrako mendebaleko granitozko hormak, gurean kare-haitzez egindakoen itxurakoak; Yorkshireko harri-koskorrekin egindakoak, Ernio inguruan daudenak bezalakoak, kare-haitz txikiarekin eta tentekako harriekin errematatuta; Exmoor-eko hareharriarekin egindako hormak, kostaldean hareharriz egiten dituztenak bezalakoak (horiek ere tentekako harlauzekin errematatuak); eta Northumberland-eko kare-haitzez eginak (kare-haitz ia laukizuzena, goian errematearekin). Esan behar da harri soilez egindako harresiez ari garela, inolako argamasa edo lurrik erabili gabe eraikitakoak. (Bueno, irakurle, segi segituan liburutegira eta galdetu Seymour jaunaz!).

Garai batean, gu jaio baino urte gutxi lehenago, horrelako harresiz beteta zeuden gure bazterrak. Baserrietan gorde izan ditugun argazki bakanetan argi eta garbi ikusten dira nola harresiz josita zeuden gure soro, zelai eta mendiak. Ia lursail bakoitzak zeukan bere harrizko horma perimetrala, ia bide guztiek zuten horma bi alboetan. 1960ko hamarkadan, ordea, baserri bideak egokitzen hasi zirenean, horma horiek gaurko hormigoizko bideen zimendu edo oinarri izateko erabili ziren. Mendietan geratu ziren, eta daude oraindik, harriz egindako hesiak, kilometroak eta kilometroak.

Liburuetan-eta, batek baino gehiagok goraipatzen ditu antzinako gure harrilan horiek baina gutxik Patrizio Zearrotek baino liluragarriago. Zearrotek –socio correspondiente de la Academia de Medicina de Madrid, Médico ex-titular de Bilbao– bere Investigaciones analíticas y observaciones médicas sobre las aguas de Guesalaga, comunmente llamadas de Cestona memoria-txostenean (1822. urtea), bainuetxe inguruaren “argazki” zoragarria ematen digu: “Inguruan dena da mendi, zuhaizti, muino eta ibar txiki ongi landuak, eta lurra belarrez estalia dagoenez, nekazarien –lurraldean baserritar deitzen zaienen– ganadu asko dago, eta nekazaritzan bezain trebetasunez jarduten dute artzaintzan. Gune estu hartatik irtenda, alde guztietara bide txarrak daude Azpeitira eramaten duena izan ezik, lurraren izaerari erreparatuta hain kaskarra ez dena. (…).
Jendearen etengabeko joan-etorriak, baserriek (…) burdinolak eta zubitxo ugari bezain errepikatuek paisaia dibertigarria osatzen dute, eta ibiltariaren arreta erakartzen dute. Han, biztanle haiek lanerako duten maitasuna noraino iristen den nabaritzen da, eta harresiei begira, lurrei eta harkaitzei eusteko eta
uholdeek [laborantzak] suntsi ez ditzaten (…), erakunde liberalek zuzendutako gizakiaren boterea miretsi behar da.” (Ez ahaztu, irakurle, Hirurteko Liberalean gaudela, 1820-1823). Eustorma gisa egindako hormak aipatzen ditu Zearrotek, egia da, baina animaliak ez pasatzeko ere baziren.

Tira, Zearrotek erakunde liberalei ematen dizkie eskerrak, horren guztiaren sustatzaile gisa, baina hemen liberalak izan baino askoz lehenago –bide batez esanda, gutxi eta moderatuak izan ziren hemen liberalak– eraiki zituzten harrizko horma horiek. Ernio eta mendi aldekoak, haiek denak saroiak izaki, auskalo noiz eraikitakoak diren…

Tradizio horren denaren ondoan, kare-harriz edo hareharriz eraikitako lerro luze-luze haietako batean, gure Aristik etena sortu zuen, debekatutako lekuan pasabide bat, mende eta mendeetako tradizioa berrinterpretatuz. Harri-gurutze moduko bat. Belar artean harria.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide