293. Zestoan Maurilian bezala

Italo Calvinoren “Hiri ikustezinak” liburu zoragarrian ageri diren hirietako batean, Maurilian, bidaiaria hiria bisitatzera gonbidatzen da, eta, aldi berean, hiria lehen zen bezala irudikatzen zuten posta-txartel zaharrak ikustera: plaza bera, oilo bat autobus geltokian, musika-kioskoa zubiaren tokian, bi andereño guardasol zuriekin lehergailu-fabrikaren lekuan. Herritarrak ez dezepzionatzeko, ordea, bidaiariak postalen hiria goraipatzen du eta antzinako hura gogokoagoa duela oraingoa baino. Hala ere, herriak postaletatik oraingora arte izandako aldaketekiko tristura kontu handiz azaltzen du: onartuz oraingo Maurilia handi eta oparoak grazia galdu duela Maurilia zaharrarekin konparatuz, baina hala ere grazia galdu hori orain postal zaharretan goza daitekeela. Eta lehen, berriz, Maurilia probintziano hartan ez zela benetan ezer atseginik ikusten, eta are gutxiago ikusiko zatekeela gaur egun, Maurilia berdin geratu izan balitz. Eta, nolanahi ere, metropoliak erakargarritasun hau gehiago duela: izatera iritsi denaren bitartez, nostalgiaz gogora daitekeela zer zen.

Calvinoren ikuspuntua oso egokia da Zestoarako ere, eta gaur aurkeztuko dugun argazkiari begiratzeko. Egia esan, “ai, zer plaza polita!” esan dezakegu, bi aldiz pentsatu gabe, gure ingurukoak ez dezepzionatzeko, baina gure barruak esaten digu Zestoa orain argazkian bezalakoa balitz, ez genukeela atsegin handirik sentituko. Eta hala da: Koioteneko –barka diezadate– kaka kolore hori ikusita, Torileko hormen beltzune negarti horiek ikusita, plaza aparkaleku gisa ikusita, edo nonahi zintzilik ageri diren argindar kable horiek ikusita benetan arrazoia eman behar diogu gure alde zaharra “défraîchi”, hau da maiztu, distirarik gabeko ikusten zuen gidaliburu frantziar hari (Pays Basque / Guide Bleu).

Zaharkitua da, baita, argazkiarekin datorren testua ere, Pilar de Cuadra idazlearena, oso garai hartakoa (1960ko hamarkada bukaera). Gipuzkoako herriei buruzko faszikulua da nik hona dakarkidana. Ez dakar zein den argitaratzailea ezta data zehatza ere. Testua [esan beharrik ez, erdara batuan] ondo hasten da, irakurlea galdekatuz: “Zer da Zestoa? Galdetuko genuke Jainkoaren mundu horietan. Eta esango ligukete: bainuetxe bat. Baina guk, gipuzkoarrok, badakigu hori ez dela egia. Zestoa bainuetxea ‘ere’ edo ‘gainera’ bada. Hori da bere lehen publizitate-elementua; baina Zestoako hiribildu oso noble eta leiala askoz ere gehiago da; bertako uren ahalmen sendagarria baino –eta hori asko da– zerbait maitagarriagoa eta baliotsuagoa”. Artikuluaren gainontzekoa da, ordea, maiztua edo défraîchi: mendi tontorrak, tenplarioak, Aizarna, Juan I. erregea, hiribildua erre zenekoa, jauntxoak, armarriak… eta Pio Baroja. Intuizioak kale egiten ez badit, Erentxunen iturritik hartutako ura (hor ez dago likore destilaturik). Hori ote zestoarrok dugun “zerbait maitagarriago eta baliotsuago” hori?

Baina ez gaitezen hain erraz errenditu. Maketazio soil baina modernoa du faszikuluak eta orrialde oso bat burtsako baloreei edo antzeko elementu ekonomikoei eskainia. Atzean aurrezki kutxaren bat ote dagoen susmoa hartu diot. Eta aurrezki kutxek, PPkoek Arnaldo Otegiri buruz esan zuten bezala, ez dute haririk gabe josten (Berriaren Estilo Liburuari zor diot esaldia) eta badago, bai, argazkian zaharkitu usainetik harago zerbait berria eta alaia. Antzeman al diozu, irakurle?

Bai, 1960ko hamarkada amaierarako, alegia, argazkiaren garairako, erabat martxan zegoen frankismoak –eta frankismoa esaten dudanean, uste baino euskaldun gehiago zeuden tartean– bultzatutako “mirari ekonomikoa”. Eta horren seinale dira argazkian ageri zaizkigun bost autoak. Josetxo Mendizabal arroarrari eta auto zaleari zor diot (eskerrik asko!) ibilgailu denak identifikatu izana eta hemen segidan kontatuko ditudan hainbat xehetasun.

Eskuinetik hasita, lehena Renault 4a da. 1961ean egindako turismo familiarra, Renault Cuatrolatas ezizenaz ezagutzen genuen.

Hurrena, berriz, aipatu genuen aurreko Aztarka batean, Blasa hoteleko udatiarrei buruz hitz egiterakoan: Renault Dauphine bat da. “La delfina” deitzen omen zitzaion Espainian. 1956ko martxoan aurkeztu omen zuten, ofizialki, Genevan eta, Espainian 1958an hasi omen ziren ekoizten Valladolideko Fasa Renault lantegian. Josetxo ondo gogoratzen zen “El coche de las viudas” deitzen omen ziotela. Izan ere, motorra eta trakzioa atzekoak zituenez, portaera txarra eta aurreikusi ezina omen zeukan bihurguneetan eta bustitzean.

Kotxe horia Seat 600a dugu. Mitikoa hori ere. Seicientosa SEAT espainiar autogileak ekoiztu omen zuen 1957 eta 1973 urteen artean.

Atzekoa, berriz, niretzako erabat ezezaguna, segituan eman zion tankera Josetxok: Citroen 11 Ligero. Citroën Traction Avant (literalki “aurreko trakzioa”) Espainian Citroën 11 Ligero bezala ezagutzen zen. Citroën auto fabrikatzailearen gama salduenetako bat izan zen. 1934ko apirilean aurkeztu omen zen, eta argazkian besteen aldean antigualekoa badirudi ere, bere garairako auto moderno eta aurreratu gisa sortu zen.

Eta atzean, torilaren kontra dagoena, Volkswagen Transporter-a da. Garai edo bizimodu baten sinboloa, bere diseinu mitikoa gaur egun pop kulturaren parte dena. Bere boomik handiena, zalantzarik gabe, 60ko hamarkadan izan zen, eredua bere osagai mitiko guztiaz hornitu zuen garaia. Bere prezio baxuak hippie komunitatearentzat balio zuen garraiobide gisa, eta bizitzeko. Bizitza nomada eta diseinu psikodelikoak ezin hobeto ezkontzen ziren furgoneta honekin. Bakearen sinbolo eta usoekin, ibilgailua etengabe pertsonalizatuz, edonora iritsi zen, eta, nola ez, garaiko musika jaialdi garrantzitsuenetara, esate baterako, Woodstockera (1969). Argazki askotan ikus daitezke honelako furgonetak hainbat gazteren etxe bihurtuta (Cincodias.elpais.com 2015/08/12).

Auto horiek, batez ere Volkswagen txuri-urdinak, sekulako modernitatea ematen diote argazkiari, Zestoaren irudi maiztu horren aurrean. Hemen sumatzen da estatuko herrialde garatuenetan, 1959 eta 1973ko petrolioaren krisiaren artean, gertatu zen gorakada ekonomikoa edo aurrekaririk gabeko hazkundea, estatu espainiarreko gizarte-egitura eraldatu zuena. Garai hartan –asko sinplifikatuz, esango nuke telebistari eta kotxeei esker– kontsumo-gizartea Zestoaren barren-barreneraino sartu zitzaigun. Gainera, herrian milaka turista –horietako asko dirudunak– uda pasatzen egoteak eta haien kontsumo ohiturak “publizitate” bikaina ziren zestoarren kontsumo nahiak pizteko. Haiek kotxe ederrekin etortzen ziren, eta guk zergatik ez genuen ba eduki behar… Haiek arropa dotoreak zekartzaten, eta guk zergatik ez ba… Horrela etorri zen, gurera ere, Pasolinik-eta oso aspaldi aurreikusi zutena: kontsumismoak ez gintuela zoriontsuak egingo.

Baina hori, beste upeleko sagardoa da. Guk hemen Maurilian bezala egingo dugu: Maurilian, bidaiaria hiria bisitatzera gonbidatzen da, eta, aldi berean, hiria lehen zen bezala irudikatzen zuten posta-txartel zaharrak ikustera”. On egin dagizuela.

Post-scriptum: argazkiko kotxeei dagokionez, Mikel Arregik argitu dit argazkian ageri den kotxe horia ez dela Seat 600 bat baizik-eta Seat 800 bat. Irakurleak jakin dezan, Seat 800a seiscientos-aren bertsioa da, baina lau ateko karrozeriarekin. Azkar eta poltsikoko telefono bidez ikusi genuen argazkia Josetxok eta biok, eta gaizki identifikatzearen errua nirea da, harena baino. Pozgarria da nire idatzi horiei horrelako oharrak egitea, denon artean herriko historia aberastu egiten dugu-eta. Mila esker, Mikel.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide