294. Opera italiarra eta gu
— 2023-08-08“A Fernanda, recuerdo muy afectuoso de Concha y de Amalio. Cestona, 17 Julio [1]920”. Aipatu genuen Aztarka hauetan (2019-07-29) Amalio Gimeno Cabañas jauna (1852-1936) eta ez naiz luzatuko. Laburpentxo bat besterik ez. Medikuntza ikasi zuen Valentzian eta 1909tik aurrera 1930 ingurura arte, Zestoako bainuetxeko mediku izan zen. Oso jakintsua. Politikari ospetsua ere bai, liberal alderdikoa. Senataria urte askotan, Hezkuntza ministro, Estatu ministro ondoren, Gobernaziokoa aurrerago, Marinakoa gero… Eta Zestoa aukeratu zuen, 20 urte baino gehiagotan, uda pasatzeko.
Bide batez esanda, ez da negazionistei arrazoia emateagatik baina lehen ere izaten ziren beroak Espainian eta horrek bultzatzen zituen milaka turista gure paraje berdeetara.
Goazen argazkia arakatzera. Hondoan, bainuetxeko Hotel Nagusia. Aurrerago, argazki dena bereganatuz, bainuetxeko lorategia; ez da erraza tankera ematea zer landare ikusten ditugun, baina baso itxura du eremuak, ez orain bezala zuhaitzak bakarrik, inguruko belarrak erraz mozteko moduan. Garai hartan, bainuetxea puri-purian zegoenez, erraz imajina dezakegu hemen lorezain profesional bat, bere sega eta erreminta guztiekin, atari guztiko zuhaitz, zuhaixka eta zelaiak puntu-puntuan jartzen. Ez dira ageri zedroak, atzean daude-eta baina artean txikiak imajina ditzakegu ez dira-eta pare bat dozena urtera iritsi. Lorategiak, garaiko moda jarraituz, Donostiako Gipuzkoa plazan eta horrelakoetan ikusten dugunaren antza zuen, eta tarteetan, itzala edo erdi-itzala, zer nahi, zumitzezko eserleku elegante horiek.
Eta argazkiko protagonistak, hiru. Altueraren arabera aipatuz, Amalio, Concha eta izenik ez dakigun txakurtxoa (zer iruditzen Lili deitzen badiogu?). 68 urte inguru izango ditu medikuak baina sasoiko ikusten da, oraindik ilea suelto –ez dik nire antzik!– eta gizentasun handiegirik gabe. Begizta edo pajarita darama eta trajea, elegante asko.
Conchak, ordea, Amalio Gimenori buruz idatzi genuenean oharkabean pasa zenak, eta aurpegiari erreparatuta Valentziako nekazari “arrunt” bat dirudienak, aipamen berezia merezi du hemen, sorpresa polit bat dakarkit-eta. Izan ere, María de la Concepción Dahlander y Francés (1865 – 1947) –hala du deitura gure andreak– mezzosoprano oso ezaguna izan baitzen. Gustu oneko festa guztietan ezinbestekoa omen zen berak parte-hartzea, eta izugarrizko erakargarritasuna omen zuen (argazkian ez du hala ematen). Hasieran, hori bai, konbentzionalismo sozialak zirela medio, ezinezkoa izan zuen antzokietan antzeztea, baina konbentzionalismo horiek azkenean garaitu ahal izan zituen, 1898an Madrilgo Errege Antzokian jendaurrean aurkeztu zenean, Lohengrin-en Ortrudaren papera interpretatuz (Lohengrin hiru ekitaldiko opera erromantikoa da, Richard Wagnerren musika eta alemanezko libretoarekin). Arrakasta, garaiko kronikek diotenez, erabatekoa izan zen: “Concha Dalhanderri ez zaizkio abeslari bati, aktore bati ematen zaizkion adjektiboak eskaini behar; eszenaren birtuoso horiek baino zerbait gehiago da, beti sortzen baitu artea bere interpretazioetan. Gainera, berezko dotoretasuna du, pertsonaiei arrunta izatea eragozten diena”.
Lohengrin-en ondoren, arrakasta handiz abestu zuen Sevillan, Bartzelonan, Valentzian… Wagnerren errepertorioan espezializatu zen, baina italiar operaren eremuan ere sartu-irtenak egin zituen.
Erraz imajina dezaket gure Dahlander, bainuetxeko publiko hautatuenari italiar opera zatitxoak abesten, hantxe, Antzokiko eskaileratan igota, pianoa lagun zuelarik. Ez genuen besterik behar, non eta gure herri koskorrean: goi-goi mailako medikua eta gainera estatu-gizona eta mezzosoprano-kontralto entzutetsua. Erraz imajina ditzaket bainuetxeko zerbitzariak Italia eta Alemaniako musika arrotz haietaz liluratuta, eta erraz imajina ditzaket, gero, Conchari eta gainerakoei fandangoa eta arin-arina dantzatzen. Hitz batean, kulturak nahasten, norberaren nortasuna galdu gabe. “Tourist go home” esan behar al dugu?
Tira, eta zer esango dugu Lili txakurtxoaz? Orain ulertzen da zergatik begiratzen dion emakumeari hain gozo, miresmenez gainezka balego bezala. Bere zuritasunarekin argazkia piztu, argitu, egiten du. Eta senar-emazteek harremana kamerarekin duten bezala, Lilik bere “amatxori” begiratzen dio, kristalezko negatibo hartan hilezkortuta geratuko zela usaindu ere egin gabe.
Ez da edozein argazkilari, irudi zoragarri hori atera duena. Bisatakoa da zer argilun ugaritasun duen eta zer giro berezi sortzen duen. Horko zera denak, belarrak, zuhaitzak, pertsonak, txakurtxoak, zelaia… denak, hotela izan ezik, joan ziren gure artetik baina argazkiari esker gozatu egin dezakegu. Ondo pasa beroaldia, irakurle.
Egin zaitez bazkide