295. Ezkerrekoa hezur-muinetaraino

Lehendabizi, “Cestona” jarri nuen bilatzailean, eta 20 minututik gorako bideoak bilatzeko eskatu nion. Berehala joan zitzaidan begia izenburu batera: “Belén Saezmiera Uyarra – Sindicalistes Feministes CCOO PV”. Eta txundituta –benetan txundituta– geratu nintzen ordu erdi eskaseko bi elkarrizketa ikusi nituenean, eta biografia hau (gazteleraz): “Zestoan (Zestoa) jaio zen, Gipuzkoan, 30eko hamarkadan. Bere aita, maisu errepublikarra Burgosen, kartzelan sartu zuten eta 1940an hil zen. Bere ama praktikantearen alaba, ezkerrekoa. Hiru seme-alaba dituzte. Zestoako Eskola Nazionalean ikasi zuen. 14 urtetik 18ra telefonista aritu zen Gipuzkoako Aldundiarentzat. 20 urterekin Arrasaten Telefonican sartu zen eta 1951n Donostian. 1961ean etorri zen Alacantera. Bere lehen harremana Telefónicaren USOrekin da [Unión Sindical Obrera]. 1975ean Bitarteko Sindikal aukeratu zuten. Taldea osoa CCOOra [Comisiones Obreras] pasatu ziren 1976an. Telefonicako Comisiones Obreras-eko ordezkari sindikala da 1982tik 1989ra, eta Rosa Pequeño eta Pilar Mergarrekin militantzia partekatzen du. Abenturazalea eta oso gaztetatik bidaiari handia”.

Irakurle: pentsatuko duzun bezala, ez nuen artasoroetan artoa zein gogotsu datorren ikusten pasa denborarik, baizik-eta, utzi dena, eta irentsi egin nituen bi bideoak. Batean, bere haurtzaroa Zestoan eta gaztetan telefonista gisa egindako lanak kontatzen ditu; bestean, berriz, bere bizimodua Alacanten eta sindikalgintzan ibili zenekoa.

Beti pentsatu izan dut Saezmiera bezalako familiak –eta Erentxun eta beste asko ere gehituko nituzke– halako izaera neutral batekin erakutsi dizkigutela, ez dakit nahita edo nahi gabe: pertsona zuzenak, ordenaren aldekoak, puruak, zer esanik ematen ez dutenak eta, jakina, politikoki ideologiarik gabekoak, neutralak. Eta hara non, ideia aurrerakoiekin, feminismoarekin, demokraziarekin konprometitutako familia oso bat erakusten digun Belenek. Ez ditu xehetasun oso sakonak ematen baina nahikoa, ideologia aurrerakoi hura edukitzea ondo ordaindu zutela ikusteko: kartzelan aita, errepublikanoa, noiz fusilatuko ote zuten beldurrez, bihotzekoak jota-edo hil egin zen arte; harri-txikitzen, behartutako langile gisa, Espainiako hegoaldeko errepideetan, Juan Jose, Maixua,komisario politikoa” omen zena

Belen bera, berriz, “ezkerrekoa muinerainoberak dioen bezala, oso emakume aurrerakoia nabaritzen da ikus-entzunezkoan: oso bidaiaria, “Zestoako lagun batekin [gizonezkoa] joan ginen Parisera hilabete batez”. Baita Marokora ere joan omen zen, Kantauriko kostalde osoa eta Portugal korritu ere bai, Brusela, Amsterdam, Italia… Neska gaztea zela, artean modan jarri ez zenean hegazkineko azafata izatea, telefonista izatea omen zen neska gazteen ametsa, eta hartantxe hasi omen zen lanean hemen Zestoan bertan. Inbidia ematen du kontatzen duenean, nola egoten ziren leiho ertzean eserita, Laranjadiko musika eta dantzariei begira, lan finkoko telefonista haiek.

Lan hartan, jada Alacantera joana, saiatuko zen frankismo garaiko askatasun falta haren eta emakumeen lan baldintza kaskar haien kontra borroka, lehendabizi Unión Sindical Obreran eta gero Comisiones-en sartuta buru-belarri.

Baina luzatzen ari naiz, eta berak lehen zatiko dozena bat minututan, Zestoako gauzak aipatzen dituen minututan, gaztelaniaz esaten duena transkribatuko dugu hemen euskarara. Zorionak, Belen, eta urte askotarako. Zuri esker, Saezmiera familiaren historia askoz biziagoa eta ederragoa da dokumentalari esker.

Eta zu, irakurle, segi agudo belen ezagutzera. Lotura honetan ikus daitezke dokumentalaren bi atalak.

 

* * *

Belen Saezmiera hizketan

Zestoan jaio nintzen, aita maisu izan nuen Gipuzkoan, Gaztelatik Gipuzkoara joan zen eta han jaio nintzen ni. Aita Cerezo del Río Tirónen (Burgos) jaio zen. Nire ama jaio zen Beloradon (Burgos). Aita nekazarien semea zen, baina hain zen azkarra, non herrian emakume bat baitzegoen, karrera ordaindu ziona; Magisteritza egin zuen. Nire ama familia hobekoa zen, bere aita herriko praktikantea zelako. Eta nire aita, berriz, bere aita eta denak nekazariak ziren.

[Orduan Zestoara joan ziren] eta han jaio nintzen ni. Nire anaia ere maisua zen, komisario politikoa izan zen eta kartzelatua izan zen. Komisario politikoa izan zen eta maisu gazteena denbora askoan; eta aita, berriz, errepublikarra, eta nazionalak Zestoara iritsi zirenean, familia askok alde egin zuten, familia osoak Bizkaira. Eta aitak amari joateko asmoa azaldu zion, eta amak ezetz. Ama oso emakume lasaia zen, oinak lurrean zituena eta aita, berriz, idealista. Eta orduan aitak bakarrik alde egin zuen. [Errepresalien beldurrez edo Errepublikari laguntzeagatik?] Ez zuelako ezer jakin nahi nazionalekin eta Bizkaira joan zen eta Bizkaiko herri batean maisu ibili zen. Orduan, indar nazionalak aurrera joan ahala, Santanderrera joan zen eta Santoñatik gertu ibili zen maisu. Eta 37a iritsi zen, eta ihesa gero eta [zailagoa zenez] bada joandako asko gelditu egin ziren. Eta orduan 37ko irailean, nolabait esateko, entregatu egin behar izan zuen. Eta epaiketarik gabe kartzelan sartu zuten 37ko irailetik 39ko irailera arte. Bi urte epaiketarik gabe. Zestoan jarraitzen genuen nire ahizpak eta ni; nire anaia San Rokeko kontzentrazio-esparruan zegoen, Cadizen, errepidean harria txikitzen, eta argiaren bizitasunak, argi horretara ohituta ez zegoenez, begi-bistan eraso zion, eta orduan erizaindegira pasatu zen, eta erizaindegian medikua konturatu zen gizon kultua zela, eta esan zuen “baina zuk…” eta gero esan zuen “nik hau guztia eramango duen jendea behar dut” eta orduan harriak txikitzeari utzi eta bulegora pasatu zen begien gauzatik eta guzti horregatik. Eta gero, amaitu zuenean, askatasuna eman zioten eta maisu jarraitu zuen. Baina nire aita, kartzelatik irten ondoren, irakasletzatik kendu egin zuten, eta 39ko irailean irten eta 40ko apirilean hil zen, gripe bat hartu zuelako. (…) Espetxean egondako bi urteetan, goizero brigada bat ateratzen zen papertxoarekin, eta bi urte eman zituen pentsatzen bere izena esango zutela [heriotzara kondenatutakoena, ezta] eta gripe txar bat hartu zuen.

Nik eskola nazionalean ikasi nuen [han Zestoan] eta 14 urterekin ikasteari utzi nion lanean hasi nintzelako [Eta hori zuk nahi izan zenuelako izan zen, edo…?] Beharra zegoelako. Nik ikasi nahiko nukeen, baina batxilergoa egiteko eta hori Donostiara joan behar zen, eta nahiz eta Zestoa Donostiatik 42 kilometrora egon eta goizean joan eta arratsaldean itzuli, nik ezin nuen [etxera dirua ekarri behar zen]. Nire ahizpa josten hasi zen. Zestoan – gauza bitxia da – bainuetxea zen, eta jende asko etortzen zen, bete egiten zen eta 15 hotel zeuden Zestoan. Eta Telefonoa Diputazioarena zen, ez zen Telefonicakoa orduan (51. urtera arte ez zen Telefonicara pasatu), eta telefono-zentralean eta bainuetxekoan beste herri txikiagoetatik ekartzen zituzten telefonistak. Eta telefonoko zentrala kiosko bat zeukan plaza batean zegoen [Laranjadi], eta ostegunetan eta igandeetan musika bandak jotzen zuen. Eta kanpotik zetozen telefonistek, oso ederrak zirenek, leiho-ertzean esertzen ziren animazioa ikusteko, eta guri txikiei zoragarria iruditzen zitzaigun eta esaten genuen: telefonistak izan nahi dugu [urte batzuk geroago azafatak izatea bezala zen] eta orduan 14 urterekin, bada, kasualitatez, banatzaileak 18 urte beteak zituen (banatzailea zen orduan zeuden telegramak, telefonemak eta hitzaldietako abisuak banatzen zituena) eta orduan esan nion nik amari: “Nik, telefonista izateko ibilbidean, izena eman nahi dut”. Familia batzuetako neskatxek nahi zuten, baina nik irabazi nuen oposizioa eta banatzaile sartu nintzen eta 14tik 18ra egon nintzen. Bazen – dagoeneko existitzen ez den gauza bat da – konferentzia-zerbitzua: esate baterako, Madrilgo norbaiten konferentzia-abisu bat iristen zen, adibidez, ahizparekin hitz egin nahi zuena; orduan, ordu batzuetako edo aurreko egun bateko aurreikuspenarekin egiten zen: “bihar 17: 30ean ahizpa mintzalekuan egotea nahi dut”, orduan nik konferentzia-abisu hori eramaten nuen, eta orduan hurrengo egunean, edo arratsaldean, papera goizean eraman bazuen. Gero telegrama, Zestoan telegraforik ez zegoelako: Donostian, Tolosan, Azpeitian, barruti judizialetan, baina Zestoan ez. Orduan telegramak telefono bidez etortzen ziren eta nik eramaten nituen. Eta gero bazen beste leku batzuetan existitzen ez zen beste zerbait: telefonemak. Probintzialak ziren. Telegrama bat, baina ez telegrafoz, telefoniaz baizik. Orduan banatzen nituen eta horrela 18 urte bete arte.

Eta orduan, amaitu nuenean, baziren plaza finkoak, arduradun bat, Consuelo Arin zena, eta gero bi ahizpa, Angelita Trueba eta Teresita, baina aurreragoko batek erretiroa hartu zuen, eta orduan Teresita Trueba, gaueko guardia egiten ari zena, egunekora pasatu zen, eta orduan ni jarri ninduten haren egun librea egiten, astean egun batean, gero oporrak ere bai, eta gero ni geratu nintzen gauetarako.
[Eta oso zaila zen?] Ez oso erraza. Eta, gainera, gauean alarma zegoen, zeren-eta ohetxo tolesgarri bat genuelako, ez zen horrela egotea gau osoan [hau da, eserita]; lo egiten zenuen, lo egiten nuen, baina deiren bat bazegoen… Norbait oso gaixo jartzen bazen edo bakarrik gertatzen zen, medikuari deitzen ziotenean…
Eta gero 20 urterekin… Denbora asko zen telefonistentzako azterketarik ez zegoela. Denbora pasa ondoren, banatzaileak izan ginenontzat hautaketa propio bat egin zuten, ez zen kanpoko pertsonala. Eta orduan, lehenengoan, lehenengo azterketan, nik 1 atera nuen, arrebak 3; 20 bat ginen. Baina gero bigarrenerako ni nagitu egin nintzen eta nire arreba 5.a zen eta ni 7.a. Zarauztarrek Zarautz aukeratu zuten, eta guk… Eibar aukeratu genezakeen, baina oso industriala zen, Tolosa ere industriala zen, Bergara, Arrasate… Eta orduan arreba eta biok Arrasatera joan ginen, urrutien zegoena, baina… esan dezagun Arrasatetik Arabara joan gintezkeela eta Bizkaira joan gintezkeela, probintzia mugakidea zelako. [Zestoan ez zegoen?] Ez, orduan ez zegoen plazarik, irten beharra zegoen. [Zure ama Zestoan geratu zen?] Bai, nire beste ahizparekin.
[Han, Arrasaten, nola hasi zineten bizitzen?] Pentsio batean. Ostatua baino gehiago, gelak zituen etxea zen. Nire ahizpa ez zen ni bezain espontaneoa, edo hain estrobertitua, baina Mariak (etxeko andreak) oso maitea ninduen eta egon ginen hilabete guztietan, igandero arrozesnea egiten zidan. Eta gero Donostian plaza hutsak zeuden eta esan genuen, “ba, bagoaz”. Eta 51n Donostiara joan ginen. Eta han egon ginen 10 urtez, eta 10 urte geroago “berritu edo hil” esan genuen, eta orduan joan ginen (…).

[Aparteko zati batean esaten duena] Nik errazionamendua bizi izan dut. Gogoan dut Zestoako klase-irteeran danbolina, titirititi, danborra jotzen zuela txaperoak edo udaletxeko ordezkariak, eta esaten zuen: “Olioa iritsi da…!”. Orduan, denak abiadan irteten ginen etxera, gure amei esateko olioa iritsi zela, edo beste kaxaren bat iritsi zela…

Belen Saezmiera Uyarraren dokumental zoragarriaren bi atalak ikusteko hemen




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide