296. Bizitzaren ondo-ondoan egiten du habia heriotzak
— 2023-08-23Antzina, etxeko jauna edo etxeko andrea hiltzen zenean, erleei ematen zitzaien abisua, etxeko andrea edo nagusia hil zela eta argizari ugari egin zezatela esanez. Argizari nahikoa elizan, etxeko hilobiaren gainean, sekula falta ez zedin argia. Nahiko argizari heriotzan argia izateko. Beste toki batzuetan, doluzko zapi beltza jartzen omen zen erlauntzen gainean.
Gaur ez dago horrelakorik, gaur ez dago argizaririk hildakoentzat, baina estimatuko nuke Pilarrek, etxeko erletxoek emandako argizariarekin kandelatxo bat piztuko balu noizean behin.
Orain ohitura haiek hutsaren hurrengoak juzgatzen dira baina lehengoek jarraitu zituzten, gizaldi eta gizaldietan, eta haiei esker bizi gara geu ere neurri batean. Terry Eagleton idazleak dioen bezala, “hemen egiten dudana da nire aurrekoen defentsan hitz egitea, eta haiek beren bizitza eskaini zioten sinesmena hutsala eta baliogabea zela salatzen dutenen aurka” (Terry Eagleton, Razón, fe y revolución).
Manuel-eta ondo asko konturatu ziren baserri mundua gainbehera zihoala. Haiek baino lehen, jada XIX. mendeko iraultza industrialarekin, konturatuta zegoen beste hainbat jende baina, 1960ko hamarkadaz geroztik, jendea lanera eta bizitzera kalera zihoala ikusita, haiei esnea eta haragia eskaintzea aukera ona izan zen gure inguruan baserriari, gutxi-asko, eusteko. Europan sartuak ginen (1986) eta gure baserriak berritu beharra zegoen Europan lehiakorrak izan nahi bagenuen. Zorioneko lehiakortasuna…! 1985ean ganaduaren saneamendu kanpainak hasi ziren, eta ondo gogoan dute baserritar askok beren ganadutegi osoa hiltegian hiltzera behartuak izan zirela. Eta aurrekoaren aztarna txikienak ere desinfektatzera. Dena ezabatzera, iraganik gabeko bizitza berri bat hasi beharko bagenu bezala. Zorioneko aurrerapena!
Bai, etorkizuna omen zegoen jokoan eta etorkizuna agintzen zitzaien baserritarrei Europan sartzean. Etorkizunaren aldekoa zen Manuel ere, baina ez edozein moduzko etorkizunaren aldekoa, ez nekazaritzaren industrializazioak eta masifikazioak ekarriko zigun etorkizunaren aldekoa. Beste eredu bat nahi zuen, txikiaren eta elkartasunaren eredua, eta bere bizitzako makina bat adibide eman daitezke hori erakusteko. Eta makina bat lan egin zuen bide horretan.
Niri ez dagokit hemen Manuelek bizi zen bitartean egin zituen ekarpen denak xehatzea –eta agian isil-isilik egotea nukeen egokiena– baina nagoen erakundean nagoelako eta bertan 36 urte laster egingo ditudalako, zilegi zaidala uste dut Zestoako Udaletik egin duen ekarpena bi hitzetan jasota uztea. Eta “bi hitzetan” esan dudanez ez naiz asko luzatuko. Manuelek Zestoako baserritarrei egin dien ekarpen nagusia izan da, baserria ondo ezagutzen zuen pertsona izaki, baserritarren bizi-baldintzak hobetzeko etengabeko lana sustatzea. Zenbat errepide eroso, lehen lokatza besterik ez zirenak; zenbait ur-eramate, lehen tuntux bat ur iristen ez zen makina bat baserrietara; zenbat aholkularitza baserritarrei, zenbat obra eta proiektu… Irakurleren batek ergelaren ateraldia egingo dit: Manuel bakarrik? Jakina ezetz, jakina beste herritar eta zinegotzi asko etengabe saiatu zirela baserritarrei laguntzen baina batek ez du kentzen bestea. Baserriarentzat urte kritikoetan izan zen zinegotzi Manuel (80ko hamarkada); urte dezente egin zituen inplikatuta udalean; aurrekontuak ere aukera handiagoa ematen zuten orduan hamar urte lehenago baino; baserri mundua ondo baino hobeto ezagutzen zuen… Horrek ez du heroi egiten Manuel, eta besteak gutxietsi ere ez, baina bakoitzari berea aitortzea gizalegezkoa da. Eta horri erantsiko genioke, tarte luzeagoa edukiko banu eta, batez ere, dauzkadan baino datu gehiago edukiko banitu, nekazari-kooperatibagintzan egindako lana, erle munduan…
Azkenik, horri denari erantsi behar zaio –eta horrek neu ukitzen nau zuzenean– Zoroperi egunean egiten den azokaren sortzaile nagusia bera izatea. Bera zen sustatzaile 1986eko abenduaren 26an antolatu zen lehenengo azoka harena, Barazki, Fruta eta Lore Lehiaketa harena. Baita 1997an (oker ez banago) hasi zen Urolako Ezti Lehiaketaren sustatzaile nagusia ere. Zenbat urtetan egin genuen bat biok azoka haietan. Beti agertzen zen benetako produktuen alde, bertakoaren alde, bakoitzak bere etxean landatutako produktuen alde (eta ez tranpatan auzokoei erositakoen alde). Plazera izan zen berarekin momentu haiek partekatzea eta hura guztia nolako ilusioarekin bizi zuen ikustea.
Zorigaitza beti zain, ordea: belarrak ontzeko primerako arratsalde bero batean iritsi zitzaigun zoritxarreko albistea, eta denok buelta eman ezinik geratu ginen. Zenbat aldiz etorri zaidan harrez gero burura urteroko momentu hura: Manuel eta Pilar tablero eta asto batzuen bila, umil-umil, goxo-goxo, eta gero han, oihal eder baten gainean, beren eztiak, argizariak, beren produktu kuttunak jartzen modurik delikatuenean.
Hutsunea, zuloa, falta izugarria, nola ez ba… Eta galderak etengabe, nola ba?, nola leike? eta hau egin balu? eta bestea egin balu? Geure buruari jartzen dizkiogun makuluak, ulertu ezin denak eragiten digun korapiloa askatu nahirik.
Segi aurrera, Pilar, zaindu Manuelek hainbeste maitatu zuen dena, eta oroitu bera egunero. Eta etorri, sinfalta, abenduaren 26an plazara, zure etxeko ale delikatuenak guri erakustera. Egun hartan, Manuelen oroimena gure artean izango da. Doluminak familia osoari.
Argazkia: Danbolin. 2018ko abenduaren 26ko azokan Pilar eta Lluisa Etxeberria. Poetak produkturen bat erosi dio Pilarri.
Eta irudia oraingoxea balitz, imajina genezake Lluisa bere poesia hau errezitatzen Pilarri: “Bizitzaren ondo-ondoan / egiten du habia heriotzak / eta, izotza balitz bezala, / bozkarioa urtu egiten da. / Absente eta urrun, ez daude gure eskura / ez musua ez zeinuak… / Bizitasunak urtzen zaizkigu, argitasuna oinusten / zaigun honetan eta denborak ihes egiten die / jadanik hemen ez direnei”.
Egin zaitez bazkide