297. Laranjadi (berriro ere)
— 2023-08-29Laranjadi zuen izena etxe honek. Toki aproposa XIX. mendeko burgesiaren armiarma-sareak pixka bat arakatzeko. Egañatarrak bizi izan ziren urte askotan bertan, edo zehatzago esanda, egonaldiak egiten zituzten bertan. Domingo Ignacio de Egaña y González Cid, Bernabé Antonio de Egaña y Jauregui, Casimiro Javier de Egaña y Cortázar edo Pedro de Egaña y Díaz del Carpio –erdal modura jarri ditut izenak hobeto datorkielakoan– lirateke “alerik” aipagarrienak. Aristokraziak beti egin zuen bezala, garaiko burgesiak ere ezkontzen bidez eta lurrak eta jabetzak metatuz joan ziren beren aberastasunak eta botere-harremanak ehuntzen eta handitzen. Estatuaren adar guztietan zeuden txertatuak, nola Espainiako Gobernuan, hala Gipuzkoakoan, herrikoan, eta, nola ez, Justizian eta Elizan ere bai.
Ez dakigu gauza garbirik baina dirudienez Domingo Ignazioren garaian egin ziren Egañatarrak Laranjadi etxearen jabe. Haren biloba Micaela de Egaña y Díaz del Carpiok, ez dakigu zer arrazoirengatik, Manuel Ruiz de Eguino y Vergara-ri (1811-1894) saldu zion etxea. Manuel, donostiarra izatez, botikaria zen eta urte dezente egin zituen lanean Zestoan. Bere sorterrian ez ezik, Zestoan ere makina bat lursailen jabe zen. Geroago Blasa hotela izango zen azpiko alde guztia berea zen, eta Idiazpiko eskaileratatik Izeta eneraino ere iristen zen bere domeinua. Maria Dolores Lizaso Amilibiarekin ezkondu zen 1848an. Ez zen edozein: Eustasio Amilibia Egañaren iloba, hain zuzen. Abokatu eta politikari liberala zen Eustasio, liberalismoaren figura garrantzitsua Gipuzkoan XIX. mendean. Bestalde, Pedro Egaña politikaren lehengusua zen. Manuel Ruiz de Eguino Zestoako Udalean zinegotzi ere izan zen.
Bueno, bada, 1868ko irailaren 9an, Amabirjin bigarrenean, eta 68ko Iraultzaren edo “Gloriosa” deiturikoaren bezperatan, eskritura egiten da Azpeitian, Nicasio Eizmendi notarioaren aurrean, eta Manuel Ruiz de Eguinok Laranjadi saltzen dio Pedro de Egañari eta hala berreskuratzen du Isabel II.aren ministro izandakoak beren aitonaren garaitatik zeukaten Laranjadi. Egañari salduta ere, lursail handia geratzen zitzaion artean Eguinori, eta handik gutxira bere alaba Maria Casilda Ruiz de Eguino Lizaso eta Agapito Maria Elosegui Ayalak etxetxoa egingo zuten Idiazpiko eskaileraren kontra (1907).
Irakur dezagun eskritura: “Naranjadi izeneko etxe bat, Zestoako hiribilduko Correo kalean kokatua, hamar zenbakia duena. Mugak: iparraldean, kale hori; eguerdian, etxearen alboko baratzea; ekialdean, zortzi zenbakiko etxea, Ramona Zabaleta andrearena; eta mendebaldean, etxe bereko beste baratze triangeluar bat”.
Ez dugu denborarik hartu hobeto ikertzeko, baina Laranjadi, Pedro de Egaña hil eta gero (1885) beste esku batzuetara pasa zen. “Interesgarria zen, arkitekturagatik ez, Isabel II.aren ministro Pedro Egañaren etxea ere –dio Pio Barojak–. Etxe horrek Laranjadi zuen izena, eta kristalezko galeria bat zuen, batez ere liburuz eta historia-liburuxkaz hornitutako liburutegi batekin. Orduan ez ninduten erakartzen horrelako lanek, urte batzuk geroago gustura irakurri eta XIX. mendeko gatazka zibiletako nire eleberrietarako erabili behar nituenak. Zestoako Egañaren liburutegia erabat gainbeheran zegoen; denboraren poderioz, gela hondatu egin zen, eta inguruko estoldaren bat trabatua egoteak kiratsa eragiten zion, eta ez zen atsegina han geratzea. Bestela, Pedro Egañaren liburu eta liburuxkekiko jakin-minik ez izan arren, [Dolores] serora zenez etxearen zaindaria, bazitekeen nik patxadan liburutegian irakurtzea.”
Barojak bere memoriatan dio Zestoan mediku izan eta handik hogei bat urtera Fernando del Valle Lersundirekin topo egin zuela Madrilen. Lersundi Donostiako San Telmo museoko zuzendari zen garai hartan. Lersundik Pedro Egaña aipatu zion nonbait Barojari, eta seguruenik Zestoako etxean egongo zirela Egañaren paperen batzuk. Barojak zera erantzuten dio: bazeudela bera herriko mediku izan zenean; liburutegi oparoa zuela Historiari buruzko liburu eta foiletoz betea baina garai hartan berak ez zituela horrelako liburuak gustuko. Kontuak kontu, Zestoara etortzeko hitzordua jartzen dute biak (1920 hamarkadaz ari gara) baina iritsitakoan Egañaren etxea bazar bihurtuta ikusten dute eta paperak eta liburuak auskalo non zeuden. Alfer bidaia, beraz.
Horixe da, hain zuzen, postal honek jasotzen duen irudia: Laranjadi etxea bazar bihurtuta, “Comercio de Blasa Arceluz de Querejeta” (“Fonda y restaurante”). Leihoetatik begira kanpotarrak, bikoteka zuzen antolaturik; behean, berriz, langileria: nagusia (?), dendaria bata grisarekin, lau neskatxa eta atzean establezimenduko bi neskame, andrea umetxoarekin eta beste neska bat haiei begira eta bi zapata-garbitzaile. Goikoen eta behekoan artean genero bizigabeak (ezkerreko leihokoak ez al dira joko-zalditxoak?)
Argazkia 1918ko uztailean aterea da, atzean jartzen duenez. Etxeak XIX. mendean berritua ematen du, izan ere zaila da horrela irudikatzea-eta XVIII. mendean, Domingo Ignazioren garaian. Kalea galtzada-harri onarekin eta Laranjadi –ai, Laranjadi!– barrenean bizpahiru eskailera mailarekin baina ez, inolaz ere, gerora ezagutu genuen altuerarekin. Zuhaitzak, berriz, tupituak, ez orain bezala erkinduak, tratu txarraren indarkeriaz. Argazki ederra oso.
1920ko hamarkada hasieran, Blasa Hotela eraikitzen hasi zirenean, etxea erdibitu egin zuten eta argazkiaren ezkerraldeko bi leiho ilarak geratu ziren, geroagoko argazkietan ikus daitekeen bezala. Erraza da irudikatzea: ezkerreko erdika hori, Ugarteren kontra dagoen adreiluzko etxeak ordezkatzen du gaur egun, eta eskuineko zatia, eraitsitakoa, aurrezki kutxaren ataria litzateke.
Errepara zein tarte gutxi geratzen den Laranjadi eta botika izandako etxeen artean. Garai batean, seguruenik XIX. mendearen hasierara arte, tarte horretan etxea zen, herritik ateratzeko inolako pasabiderik gabe.
Laranjadi etxea ez zen, postala ikusita behintzat, oso luxuzkoa, baina barrualde dotorea imajina dezakegu eta lorategi aparta. Izango zuen antzik Ruiz de Eguinoren garai berean Umerez medikuak eraiki zuen etxearena eta haren barrualdea ederki asko deskribatzen duenez Barojak, bererekin agurtuko natzaizue: “Etxea errepidearen eskuinetara zegoen, Azpeitira bidean. (…) Bi pisu zituen eta atze aldean galeria handiak kristalezko leihoekin. Aurrean lorategi bat zeukan. Gelak zabalak ziren. Jangelako paretak antzinako paperez estalita zeuden, paper estanpatuz; Ipar Ameriketako konposizio bat zen eta Niagarako ur-jauziak irudikatzen zituen; han, emakume batzuk ageri ziren, paseoan, pamela-kapelekin eta merinakez harrotutako jantziekin. Beste batzuk zalgurdi zoragarrietan zebiltzan, morroi eta gidari beltzekin, kapela luze eta frak urdindun zaldunen ondoan. Eszena horiek gelatako pareta guztiak hartzen zituzten. (…) Urolara begira zegoen baratza oso ederra zen; txermenondo kale bat zeukan, abaniko modura, eta zuhaitz oker bat, ibai bazterrean, ur gaineraino iristen zena; han jartzen nintzen arrantzuan, nahiz eta ez nuen behin ere ezer asko harrapatu.”
Informazio gehiago: Laranjadiri buruz, informazio gehiago eman nuen Aztarkaren 170. zenbakian (2019-12-05)
Egin zaitez bazkide