301. Inkontzientearen beldurretatik irtendako izakiak
— 2023-10-30Bada Iraeta aldean txoko bat, handik pasatzerakoan inor ez duena uzten oharkabean. Sabea zeharkatu eta zubia igaro eta segituan dago. Batzuei beldurra eragingo die lekuak, beste batzuk erakarri egingo ditu, gehienok halako sentsazio nahasi bat sentitzen dugu handik pasatzerakoan.
Lekua ezagutzen ez duenarentzat, komenigarria da deskripzio txiki bat egitea. Esan bezala, Iraetako Sabea eta Sallubiko zubia pasa bezain laster, txabola bat dago, eta han inguruan, Mugitza aldera hartuta edota Ibañarrieta aldera zoazela bazter guztiak eraldatuta edo apainduta daude han-hemenka aurkitutako erabilerarik gabeko objektuekin. Hemen harri mordoxka batekin egindako tumulu antzeko bat aurkituko duzu, haruntzago auto pneumatiko bat zuhaitzean zintzilik, barruan landare bat duela; hurrengo berriz, errepide bazterretan egon ohi diren kono laranja horietako bat zintzilik… Tartean –toki dezentetan– animalien buru hezurdurak jarrita dauzka, era berezian, eta haien zuritasunak nolabaiteko ezinegona eragiten du. Ibañarrieta aldera zoazela, aldapa izugarrizko hormigoizko bidearen erdi aldera, bazter batean, arku bat dago ezpelez egina eta arkuaren barruan bi eserleku plastikozko eta mahaitxo bat, oker ez banago, buruz ari naiz eta. Baina denetan politenak, nire iritziz, tokian-tokian dauden belar metatxo koskorrak dira. Zelaian zehar dezente daude, baina horien aldean ederrak dira meta-ziritik zuhaitz adarrei zintzilikatuta dauden metatxoak: haize pixka bat dabilenean, bueltaka ibiltzen dira meta edo izaki berezi horiek.
Ez nuen ezagutzen gauza harrigarri horien egilea; inoiz ikusi genuen han txabola aldean baina ez zigun inoiz hizketalditxo bat egiteko aukerarik eman. Gaur jakin dut Luis Lazkano Lazkano zuela izena. Ez dakit ezer haren berri, bere biografia, bere burutazioak… Ez dakit nondik zetorkion inspirazioa edo, besterik gabe, bere barrutik ateratzen ote ziren forma xelebre horiek. Ikusi ote zuen noizbait Julio Medem-en “Vacas” filma? Ba ote zuen aditzera Vicente Ameztoy artista? Nola “bere artelan askotan naturak, literalki, gizakia irensten zuen eta biak nahasten ziren amesgaiztozko benetako izakietan, deliriotik eta inkontzientearen beldurretatik irtendako munstro eta izakietan?”.
Amos Oz idazleak –ai, zenbat ari naiz akordatzen Oz-ez egun hauetan Palestina eta Israel gerra bizian dabiltzan honetan– bere “No digas noche” eleberrian zioen bezala, “Hizketaldi bat sortu behar nuen. Hona gonbidatu, nire etxera. Hitz egiten saiatu. Bere bakardadearen ondotik igaro eta ez nintzen gelditu” [Debí haber propiciado una conversación. Invitarlo aquí, a mi casa. Tratar de hacerle hablar. Sólo pasé junto a su soledad y no me detuve].
Egilea batere ezagutu gabe geratu gara, beraz. Bere azken artelan bereziena bailitzan, bere azken performance bat bailitzan, bere kreaturen ondoan eman du azken arnasa. Bere lan berezia eta xumea, ordea, hor geratzen da gure artean.
Handik zehar egindako paseo denetan nire lagun izandako eta hango gauza bereziei buruz hainbat hizketaldiren konplize izan dudan Vicente Davilak, albistea jakin bezain laster idatzi zidan: Qué destino final, bajo un árbol. Poético y trágico. Descanse en paz. Qué va a ser de ese paraje? Lo devorará el tiempo, como tantas cosas [Zer bukaera, zuhaitz baten azpian. Poetikoa eta tragikoa. Bakean izan dadila. Zein izango da inguru horren etorkizuna? Denborak irentsiko du, hainbeste gauza bezala].
Garibayk duela bost mende idatzitako bertso zahar batek dioen bezala, Mila urte igarota / ura bere bidean. Lurra arina izan bekizu, Luis.
Argazkia: Ohiana Calparsoro
Egin zaitez bazkide