302. Oroitzen ditugun bitartean

2016ko abenduaren 3a ez zen Inuzente eguna. Egun hartako Aztarkan argitaratu zen lehen aldiz gaurko argazkia. 2026ko abenduaren 14a ere ez zen Inuzente eguna, baina nire buruari ziri ederra sartu nion egun hartako Aztarkan. Erdikalea garbi ikusten omen zen: “Atzetik aurrera hasita, Bizkainoneko etxea (gaur egun Mollergi dagoen etxea), Pagionekoa, Zubia familiarena eta beste etxe bat, (…) udaletxea handitzeko bainuetxeari eta aranburutarrei erosi zitzaien etxea”. Demonio tontoa!

Ale honetako danbolinen azalean jartzea bururatu zaidanean, orduan ez bezala oraingoan agudo bota dit Jone Bergarak hordagoa: “Zuk Pagionekoa dela uste duzun etxean balkoia luzea da, eta argazkiko etxean berriz bitan zatitua. Nire ustez Kaleokerra da, eta argazkia Pio Baroja plazatik aterea da”. Horrelako gauzei erreparatzeko, Joneren begia ez da edozein moduzkoa baizik-eta eskarmentu handikoa. Beraz, segituan eman zidan zer pentsatua.

Kaleokerrera joateak ezer gutxitarako balio dizu, irakurle. Han, zorionez, gustu handiarekin berritu zuten iriondotarrek kale barreneko etxea, baina gainontzekoek –hormigoiaren enkantuetara errendituak– ez dute inolako pistarik eskaintzen. Nola jakin orduan Jonek arrazoi duen ala ez?

Tamalez, ez dago edo guk ez daukagu behintzat garaiko argazki zaharrik (hemengoa 1930ekoa da) Kaleokerra erakusten duenik. Baina ez dago hain atzera joan beharrik pistaren bat aurkitzeko. Inoiz ez da nahikoa goraipatuko Vicente Davilak, Zestoako Udalaren enkarguz, egin zuen “Zestoa Patrimonio Histórico-Artístico” (1990-91; sekula argitaragabea) eta harako atera zituen argazkiak, eta hantxe aurkitu ditugu froga ukaezinak. Goazen aletzera.

Argazkiko gurdiak erdi tapatzen dituen bi leiho zuriak Txomintxikineko etxearenak dira eta hortik ezkerretara Barrenanekoa eta abar. Etxe horrek –garbi ikusten da hemengo argazkian eta Vicentek 90eko hamarraldian egindakoan– bigarren solairuko balkoien euskarriak edo mentsulak ditu. Ohikoenak burdinazko euskarriak izaten dira, eta hala dira Zestoako hamarretik bederatzitan, baina hemen ez. Hurrengo etxea, berriz, eraitsita zegoen Davilak argazkia atera zuenerako baina orubearen zabalera bat dator argazki zaharreko etxearekin. Azkenik, haren ondoko etxearen leiho-jira zuriak igual-igual ageri zira zaharrean eta berrian. Ezkerreko etxea, berriz, hau da ezkerreko neskaren atzekoa, Pio Baroja bizi izandako etxea da, eta horren ertz zuriak ere berdin-berdin mantentzen dira hona ekarri dugunean zein handik 60 urtera Davilak ateratako argazkian. Kaleoker aldera daukan balkoitxoa ere bai. Beraz, ni behintzat erabat konbentzituta geratu naiz.

Baina segi dezagun begira. Argazkia, esan dugun bezala, 1930ekoa da. Hasieran aipatu dugun Aztarkan esan genuen bezala, gurdiaren itxuragatik ikusten da ez dela mende hasierako argazkia. Desagertu dira aspaldiko egurrezko gurpil haiek; hemengoak pneumatikodunak dira. Kaxa, berriz, zerrategi industrial batean egina dela ematen du.

Jakin-mina eragiten digu bi neskak zein ote diren pentsatzen jartzeak. Bertakoak? Udatiarrak? Agian herrikoak dira eta agian ez hil zaharrak eta baten batek ezagutu ditzake? Auskalo.

Argazkiak –beste bat ere badu, laguna, neska berak asto batekin Lizarraizko arkuan ageri direna– nolabaiteko artifizio-kutsua du, antzerki-pose bat balitz bezala. Lepoko zapi horiek naturaltasunez jarrita daude? Behia, gurdian uztartu gabe dagoena, zertarako dago hor? Ez al da dena baserri giroko itxurazko argazki bat? Deigarria den beste gauza bat: zergatik bi neska, eta ez bi mutil edo mutil eta neska 70eko postaletan ageri diren bezala? Pintoreskoagoa eta finagoa geratzen da horrela?

Kontuak kontu, ezkerreko etxea salbuetsita, gainerako dena desagertua dago gaur egun: Kaleokerreko etxe eta kale-baserriak zimenduetaraino eraitsi zituzten, kaleko lauzadura aspaldi berritu zuten, gurdiak auskalo zein su-ekonomikatan bukatu zuen bere ibilbidea, behiak aspaldi jasan zituen hiltegiko azken arnasak, eta neskatxak, berriz, fandango eta arin-arin franko dantzatu dituzte honez gero… Josafateko zelaian.

Tira, esaten dute oroitzen ditugun bitartean bizirik izaten direla gauzak. Tira, horixe egin nahi izan dugu lerro hauetan. Ondo pasa jaiak!




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide