304. Izan ginenaren ispilu
— 2024-01-16Izaten da ba, batzuetan, pertsona ezezagun edo traturik ez duzun pertsona batekin topo egiten duzula, hasten zarela hizketan, eta segituan ateratzen direla gai komunak, gustu berdintsuak, konplizitatea eragiten duten ikuspuntuak, eta berehala adiskide kuttun agiten zaretela…? Bada horixe gertatu zait niri Isabel Azkarateren erakusketa berriarekin.
Ohartarazita nengoen, ez zitzaidan ezezaguna Azkarate, ikusia nuen duela hogei urte Koldo Mitxelenako ganbaran antolatu zuten erakusketa eder hura, eta, oraindik orain, Fermin Leizaola etnologoak telefonoz deitu zidan batean, galdetu zidan ea joan al nintzen Azkarateren erakusketa ikustera.
Beraz, gutxi-asko, banekien zer ikusiko nuen Kutxa Kultur Artegunean (Tabakalera). Joan nintzenean, neure hurbil-hurbileko gauzekin aurkitu nintzen. Foiletoak dioen bezala, “erakusketa honek Isabel Azkarate argazkilariak (Donostia, 1950) 30 urtetik gorako ibilbide profesionalean ateratako argazkien sorta hautatu zabal eta oso zaindua biltzen du. Emakume geldigaitz eta adoretsu honek kamera izan du munduarekin erlazionatzeko eta bere burua ezagutzeko ezinbesteko aliatu.”
Niretzako, erakusketa batera joatea hauxe da, gutxi gorabehera: artelanen eta neure artean solasean hastea, zer gustatzen zait, zer ez, zerk ekartzen dizkit gogora bizipenak, zerk ukitzen du nire bihotza, zer gai jorratzen ditu eta nola, zer bistaratzen du eta zer ezkutatu, zenbat hurbiltzen da edo alderatzen da nire gustuetatik…
Esan bezala, nire gai kuttun asko aurkitu ditut erakusketan. Nire 80ko hamarkadarekin aurkitu naiz, nolabait esateko. Aia aldeko baserri giroan ageri diren mutil koskor horietako edozein izan ninteke ni, eta gurdi-belarrari uztartuta ikusten den ganadua geure etxekoa. Donostia aldeko dendariei ateratako argazki horiek edo Bartzelonako Els Encantseko azokan saltzaile ibiltari haiei ateratakoek gure gaztetako mundua erakusten dute. Beste batzuk, berriz, esate baterako Ameriketan ateratako pertsonai haiek denek, gure bidaiatzeko lilura hura irudikatzen dute, gure kuriositatea beste kultura batzuekiko, beste jende batetiko. Hor daude, baita ere, gure modukoarentzat gozagari, zinema, euskal artista kuttunak… Beste atal batzuk, berriz, nire beste ni-ari egiten diete keinu, akaso alboratuta utzi nuen beste hari: festa giroari, norbere burua nabarmentzeari, dantzari, garaiko alde ilunari… Eta han dago, laburbilduz, gure gaztaroaren kokaleku izan zen Euskal Herri hura, garai zail eta nahasi hura, “demokrazia jaioberri eta hauskor bat indarrean zela”, foiletoak dioen bezala, eta geuri lehen mailan bizitzea tokatu zitzaiguna. Eta zer kasualitate, han daude Azkaratek La Voz de Euskadi egunkarirako ateratako argazki mordoxka bat. Ezingo nuke esan zer dela eta, baina garai hartan egunkari haren irakurle “amorratua” nintzen. Ehiztari azkarren antzekoa omen zen bere fotokazetaritza: intuitiboa, azkarra, bi begi-kolperekin ateratakoa. Oso erakargarria da, niretzat, itxura kasual hori.
Artikulu xume hauei eskaintzen diedan tarteak eta, batez ere, nire trebetasun mugatuak zail egiten dit halako erakusketa aberatsa eta hainbeste sentsazio eta bizipen sortarazten dituena ondo azaltzea. Esan dezadan, besterik gabe, oso mamitsua dela eta asko disfrutatzeko modukoa. Aipatu gabe doa argazkien kalitate artistikoa –bikain-bikaina– baina hori ni baino adituagoari utziko diet.
Ez dakit zer ezagutza zuen Isabel Azkaratek Zestoaz. Senak esaten dit Xabierrek (Unanuek) izango duela haren berri, eta anekdotaren bat ere izan daitekeela tartean. Galdetuko diot hurrengo topo egiten dugunean.
Nolanahi ere, bai, han dago gure herria erakusketan, nahiz eta gure alderik tristeena ekartzen digun gogora. Multzo batean, hiru argazki daude: “ETAk bahitutako Juan Sánchez Sierroren gorpua topatu ondoren. Aizarna auzoa. Zestoa. Gipuzkoa”. Beste toki batean, zeharka ageri da gure herria: “ETAm informazio talde bateko Sabin Etxaide, Iñaki Asteasuinzarra, Josemari Etxaniz eta Agustin Irazustabarrena Baionako Monbar hotelean GALen hilketagatik protesta, Donostiako Zinemaldian”.
Lehen multzoak, oraintxe esan dugun bezala, hiru argazki ditu: Lehenengoan, Gurutze Gorriko bi gizonek eta beste hirugarren batek gorpua daramate izaraz tapatuta esku-ohe batean; guardia zibil pare bat eta kaleko jantzitako poliziak inguruan. Erdiko argazkian guardia zibil bat, bizkarrez, bere trikornio eta guzti, Ertxiña aldera begira; sendoa da, metraileta darama zintzilik. Hirugarrenean, artezilariak bonba-tranparaino iristeko kargak lehertzen, hilotza kendu ondoren.
Azkarateren erakusketan ez da ageri, duela urte batzuk San Telmo museoan ikusi genituen Postigoren argazkietan bezala, Galindorik eta Elorriagarik (ikus, Aztarka. 198. Estoldetako bi arratoi tzar Aizarnan. 2020-08-03). Ez dago inolako beharrik. Horrela, tragedia garbiago ikusten da. Foiletoak dioen bezala, “Laurogeiko hamarkada garai zaila eta nahasia izan zen Euskal Herrian; demokrazia jaioberri eta hauskor bat indarrean zela. Denetarik gertatu zen, eta dena aldi berean. ETAren eta GALen terrorismoa bat etorri ziren euskal industria-sarea suntsitzearekin, eta egoera haren ondorioz gizarte-gatazka gogorrak eta greba orokorrak izan ziren. Euskal gizartea, terrorismoaren eta polizia-errepresioaren biktima, baita gazteen artean heroinaren kontsumoa hedatzeak eragin zuen sarraskiaren biktima ere, manifestazio, ekintza politiko eta aldarrikapen sozialen artean bizi zen.”
Bigarren multzoko argazkian elkarretaratze bat ikusten da Donostiako Zinemaldi giroan. Hainbat pertsonek GALek eraildakoen argazkiak erakusten dituzte, eta horien artean Xabin Etxaiderena ageri da. Garai zailak eta nahasiak, bai, orduko haiek. Zenbat negar egin ote zen 80ko urte haietan, zenbat min? Gabriel Arestik idatzi eta Imanolek zoragarri kantatzen zuen bezala “Etarren amek asko sufritzen dute. / Andre hauen bihotzean kabitzen da / munduko min guztia. / Aitak Lemoako frentean hil zizkieten. / Nebak gartzelatik deserrira ibili zaizkie barreiu. / Eta orain semeak kaminoetan erortzen zaizkie zerraldo… / Etarren amek asko sufritzen dute, / semeak hiltzen dizkietenean eta batez ere / semeek hiltzen dutenean…”
Nolanahi ere, Isabel Azkarateren erakusketa, garai haietako alde ilunak ezkutatu gabe, proposamen alaia da, gozamen handia eragiten duena, mundu ikuskera aberatsa azaltzen duena, eta estetikoki ederra. Otsailaren 25era arte daukazu zabalik, irakurle. Ez zara damutuko.
Egin zaitez bazkide