306. Ezkutuan gordetako mundu bat
— 2024-02-27Egun hauetako negu-giro petrala aproposa da oso zinemara joan eta pelikula eder bat ikusteko. Horixe egin nuen pasa den igandean. Negu hurbilak. Gure herriarekin lotura zuzena duten bi gazte izatea zuzendari (Ekain Albite eta Mikel Ibarguren, Nicolau Mallofré eta Adrià Rocaz gain), horrek eraman ninduen Donostiara. Filma ikusi ondoren, beste hiru arrazoi gehitu zitzaizkidan hurrengo egunean, astelehenean, berriro ere filma ikustera joateko, oraingoan Zumaian: pelikula ederra iruditu zitzaidan; nire pelikula kutun baten antza hartu nion; eta Jone Laspiur oso erakargarria eta liluragarria zegoen. Goazen gehiago aletzera arrazoiak.
Besteak beste, Andréi Tarkovski eta Theo Angelopoulos aipatu izan dituzte “inspirazio” gisa baina niri Philip Gröning-en El Gran Silencio etorri zitzaidan burura berehala (honez gero dozena erdi bat aldiz ikusi dut ia hiru orduko iraupena duen filma). Monasterio kartusiar bateko bizimoduari buruzko pelikula da baina uste baino gehiago du ikusteko Negu Hurbila-rekin: “Film bat lengoaian oinarritzen da eta lengoaia denboran oinarritzen da. Uste dut ikusle batek filma ikustean izan dezakeen esperientziarik sakonena denbora sentsazioa izatea dela. Normalean, istorioak ezkutatu egiten du esperientzia hori. Isiltasunari buruzko film batean, denbora esperimentatzea azalean geratzen den zerbait da. Ezer ez da isiltasun horretatik urruntzen” (Gröning. http://saeculorumvalue.blogspot.com 2014-07-19).
Protagonista ezkutatuta dago Zubietan. Euskal Herriak bizi duen gatazka luzearekin zerikusia du, nonbait, baina agian hori ez da funtsezkoena; beste arrazoiren bat izan daiteke, eta filma ez litzateke asko aldatuko. Neska ezkutatuta dago Zubietan eta denbora luze doa. Bitartean, bertakoen bizimodu xumea ere badoa, eta naturaren handitasuna –aldatzen baina ikaragaitz– beti hor dago presente.
Mendiak, basoak, larreak… zoragarri erretratatuak daude. Giro lanbrotsu horrek Sigfrido Koch-en argazkiak ekarri dizkit gogora. Are ederragoak dira barrualdeko argazkiak, ondo aztertutako konposizioa eta zeri erreparatzen dion: bikainak dira etxeko zenbait txoko, antzinako margolarienak diruditenak, zoragarria da kamera objektuei begira jartzen denean –antzinako bodegoiak dirudite–, liluragarriak urre koloreko lasto-fardo horiek, listutako gortina horiek, komoda gaineko bi liburu gorri horiek (orduak eta orduak pasa behar protagonistak etxe barruan ezkutatuta, eta ez da liburu bakar bat ere ageri bere eskura). Horrelako ehunka plano estatiko pasatzen dira filmean, diapositiba emanaldia bailitzan, edo denboraren joana neurtzen duen klepsidra moduan.
Tartean, gizakiaren jarduera dago, presarik gabekoa, “monotonoa”, dena isilunez betetakoa: egurra zerratu eta kargatzea, janaria prestatzea, ardiak bildu eta haiei jana ematea eta azpigarria jartzea –bikain-bikaina artaldea zelaitik etxera ekartzen ikustea–, musean aritzea tabernan, ehizara joatea… eta abestiak zioen bezala “y así pasan los días y yo desesperando, y tú, tú contestando quizá, quizá, quizá”. Parte-hartzaileak ez dira aktore profesionalak, baizik-eta Zubietako herritarrak. Pasolini datorkigu gogora (“la sua predilezione per gli attori non professionisti”. Aktore profesional bakarra dago, Jone Laspiur, bere hauskortasunean bikain, oso bikain. “Jone Laspiur, gogoangarria, ñabarduraz eta emozioz betea”; “Neska gazte misteriotsua”; Jone Laspiurrek zintzo pertsonifikatzen du bere aurpegi eder eta kementsuan”… Erabat ados, kritikak egin dizkion definizio horiekin guztiekin. Hunkitu egiten zaitu, bai.
Azkenean, katarsi modura –eta dokumental itxura hartuta– Zubietako inauteriak betetzen dute pantaila, ordura arte bizitako “geldotasuna” erabat hankaz gora jarriz.
Bukatzeko, pelikulak omenaldi zoragarria egiten dio baserri eta landa-munduari. Paisaiari lehendabizi, gure paisai eder bezain zail eta gogor hari. Baserri eta etxe tradizionalari; neska protagonista bezala ezkutatuta geratu diren ganbarei, garai batean egunerokoak eta oso beharrezkoak eta gaur egun traste zahar bilakatu diren gauzei; modaz kanpo geratu diren bizimoduei (su ondoan hausnarketan; lapikoko kafearen usain berezia, sukaldeko txorroa azpian palankana duelarik urik ez alferrik galtzeko; gaztak egiten sukaldeko goxotasunean…). Hor lanean aritu den taldeak ederki asmatu du ezkutuan, ahanzturan, geratutako mundu bat bistaratzen eta balioan jartzen, eta nola gainera!
Negu hurbilak ez da gaur modan dauden abiada biziko eta zalaparta handiko film horietako bat. “Negu hurbilak egosketa geldoko filma da, eta nahiago du zinemaren izaera emozionalean eta sentsorialean oinarritutako narrazio ez-konbentzionalera hurbildu” dio kritikak. Hala da, horixe du bere alde.
Inperfektua eta xumea da pelikula, xumea izango zen bezala aurrekontua, baina gazteak dira sortzaileak eta hobe larre motzean hastea pagotxa janez hastea baino. Esperientzia honetatik zerbait ikasi badute, eta ez daukat zalantzarik asko ikasiko zutela, etorkizun benetan oparoa sumatzen diet Negu kolektiboko gazte horiei. Denborak esango du.
Egin zaitez bazkide