308. Aizarna borborka

“Munduak borborka pasatu zuen 1960ko hamarkada”, zioen Jon Artanok danbolinen, 2016ko maiatzean: “Frankismoaren presio-heltzea ere lurrun parrastadak botatzen hasi zen, aldaketa haizeei barruan eutsi ezinda”.

Eta, bai, irakurle, presio-eltzea ikaragarria zen garai hartako Aizarnan ere, alegia, 1969ko hamarkadan. Alde batetik, betiko balore tradizionalak artean bizi-bizirik zeuden. Han bizi ziren, Aizarna idilikoan, bere garaian –ez aspaldi, 20 bat urtetxo lehenago– Falange Españolaren probintzia-buruarengandik gutuna jaso zutenak, zeinean gurasoei beren semearen “heriotza heroikoaren” berri ematen baitzitzaien, “caído gloriosamente en el Frente de Vizcaya por Dios y por la Patria”. Han zebiltzan, Santa Engraziako bidea inauguratu behar zela-eta, 1954ko abuztuaren bukaerako egun batean, Vallellanoko kondeari, behar zen bezalako garaipen arku bat altxatuta, ongietorri bero askoa egin ziotenak eta zinta gorri-horia ebakitzeko ohorea eman ziotenak, tartean Epelde bertako apaiza, Azkoitia Zestoako bikarioa eta kontaezin adina “zuriko”. Han zebiltzan, bukatzeko, herriko jauntxo edo handiki guztiak herrian zer hitz egiten zen eta zer egosten zen guztiz kontrolatzen zutenak, denak batere aldatu gabe jarrai zedin. Eta denak, nola Aizarnakoak hala kanpokoak, beraien mende egon zitezen.

Garaiak aldatzen zihoazen, ordea, eta gizartearen presio-eltzearenaz gain Elizaren presio-eltzea ere borborka zebilen. Behingoz, frankismoaren eltzea eta 68ko maiatza baino goiztiarrago irekitzea erabaki zuen lapikoa Elizak, lehertu baino lehen. Vatikano Kontzilioak (1962-1965) sekulako iraultza eragin zuen gizartean eta jende guztia zorabiatuta bezala ibili zen.

Aizarnara ere iritsi ziren zipriztinak. 1958ko abuztuan hartu omen zuen don Migel Atxagak Aizarnarako bidea, arreba Iñaxi etxekoandre zuela. Moral kontuetan betiko ikustegi tradizionalista eta zorrotza zuen hark baina gai sozialetan eta batez ere identitate kontuetan bazuen aldaketarako borondatea. Bikote gazte gutxi ibiliko ziren, garai haietan Aizarnan, elkarren ondoan hizketan, are eta gutxiago musu inozente bat emateko imintzioan. Atxaga ez zen atzean eta isilik geratuko: errieta ederra egin eta bakoitza bere etxera; hori bai, ezkondutakoan, eta bankete bikaina bazen tartean, apaiza lehenengo lerroan, irribarre ederrarekin; Jainkoaren eta tradizioaren izenean, “por Dios y por la Patria” lehen esan dugun bezala, baina kasu honetan “patria” Euskal Herria zatekeen.

Baina Atxagaren beste alderdiari begiratuz, alderdi militanteari, berari zor zaio Amuriza Aizarnan kantatzen jarri izana, baita, Artanok zioen bezala, beste mito baten debuta ere: “1965eko santakutz bezperan Gazteriaren Eguna ospatu zuten Aizarnan, eta Lourdes Iriondo kantariaren estreinaldia izan zen hura”.

Arlo sozialean, kooperatiba bat osatu zuten Aizarnako lau-bost baserritarrek, eta han hasi omen zen lanean Atxaga: ukuiluak berritu behar baziren, goldaketan egin, belarra bildu… “Traktoreko txofer ona nintzen ni”, adierazi zion berak Elixabete Garmendiari (Mikel Atxaga. Senezko kontalaria, hitzez eta idatziz).

Eta Garmendiari kontatu zion beste pasarte hau ere, moral kontuetan hainbeste eskrupulu zeuzkan gizonak politikan arinago jokatzen zuela ondo erakusten duena: “1968 inguruan izango zen, Gipuzkoan hamasei apaiz atxilotu zituztenean. Haien artean Zestoakoa [Manuel Etxaniz]. […] Goizean goldean ari nintzela pentsatzen nuen iluntzean zer esan elizan atxiloketa haiek salatzeko. Eta nik orduan ETAko bi neuzkan etxean gordeta, neska-mutilak. Eraman nituen urruti, hutsik zegoen baserri batera. Baina hara jana eramatera joan behar. Azkenean, ekarri nituen berriz etxera”.

Tira, egiten zara ideia orokor bat, irakurle, nolakoa zen Aizarna hura ezta? Tradizioa eta status quo-a alde batetik, eta aldaketa politikoa bestetik, zein baino zein Aizarnan.

Garai hartakoa, zehatzago esateko 1960ko abuztukoa, da argazkia. Zestoar txoroon gauza dela turismoa eta urzaleen kontua iruditu zaigu beti baina gure bazter idilikoetara ere iristen ziren turistak. Arroako santanatako erromeria famatua izan behar zuen baina Aizarna ere gustatzen zitzaien kanpotarrei bistan denez. Fitxatuta dauzkagu argazkian ageri diren batzuk eta hortik dakigu turistak direla. Bide eta momentu desberdinetan iritsi bazaizkit ere, bere garaian argitaratu nuen beste baten multzo berekoa da argazki hau, hain zuzen ere “Blasa atariaren lasaitasuna” izeneko artikuluari erantsi nion argazkiaren laguna (Aztarka, 242. zenbakia, 2021-11-16). Aizarnakoan ageri diren pertsona batzuk eta Blasakoak berak dira.

Aizarna beti bezalakoa dago eta ez dago. Elizak, kantoikoak, Erretoretxeak… ez daukate mila diferentzia ordutik. Eliza mugatzen duen horma hori, gaur egun ez dagoena, aipagarria da eta orduko boterearen seinale eta kanpoko lur pusketa haiek zeinenak ziren garbi adierazteko. Esan behar da, esate baterako, elizak bezalako esparru sakratu horiek lurralde bortxaezinak zirela, eta, beraz, ezin zirela sartu edozein modutara, baimenik gabe segurtasun-indarrak eta horrelakoak. Gauza bera gertatzen da unibertsitatean ere, eta Salamancan ikasi genuenok nonahi ikusten genituen ikastetxeetako ataritan antzina-antzinako katez egindako hesi sinbolikoak, zeinak ez zeukaten igarotzerik segurtasun indarrek eta jende arrotzak. Jakina, ohitura hori Frankok haizea hartzera bidali zuen eta pare bat adibide emateko,

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide