Albisteak

550 korrikalari inguruk hartuko dute parte aurtengo Kobaz Koba Trail lasterketan

Atzo arratsaldean aurkeztu zuten aurtengo Kobaz Koba Trail lasterketa Udaletxeko areto nagusian. Bertan izan ziren Josetxo Mendizabal alkatea, Juanjo Aranburu Araziko kidea, Jon Izagirre Barefoot kategoriaren bultzatzailea eta Mikel Irure Agiro Mendi Klubeko ordezkaria.

Antolatzaileek azaldu zuten lasterketa honek, lehen gizakiaren bideetatik, iragana bizitzeko esperientzia paregabea eskaini nahi duela. Lasterketaren bitartez gure kultura eta ingurua azaleratu nahi dutela esan zuen Mendizabalek. Aurten lau urte beteko ditu lasterketak eta urtetik urtera kontsolidatzen ari den lasterketa bat dela azaldu zuen. “Urtetik urtera indar gehiago hartzen ari den egitasmoa da eta eduki kultura duenez, erreferente bihurtzen ari da” gehitu zuen.

Dagoeneko lasterketan parte hartzeko dortsal guztiak agortu dira baina oraindik 50 inguru daude itxaron zerrendan. Guztira, 550 korrikalari hartuko dute parte. Urtero legez, bi ibilbide egongo dira; Artzei bidea eta Zaldei bidea. Lehenak, 15km izango ditu eta 258 korrikalari irtengo dira, horietatik 55 emakumeak. Ibilbide honetan parte hartzen dutenek indarrak hartzeko bi anoa puntu izango dituzte. Bestalde, 287 korrikalarik eman dute izena Zaldei bidean eta 26km-ko ibilbidea egingo dute. Hauek lau anoa puntu izango dituzte. Ibilbide luzean, guztira, 17 emakume izango dira. Bi lasterketak kontuan hartuta, 26 herritarrek hartuko dute parte.

Kategoriei dagokienez, emakume eta gizonezkoen kategoriez gain, Barefoot  deituriko kategoria egongo da aurten ere. Parte hartzeko oinutsik edota oinetako minimalistekin joan beharko dute korrikalariek. Desnibelik gabe, orpoa eta aurrealdearen artean (0 drop) eta gehienez 12mm-ko lodiera (%10eko marjina) izan dezakete guztira. Lasterketa honek euren filosofiarekin bat egiten duela nabarmendu zuen Jon Izagirre Eskua-Naturalki-ko kide eta modalitate honen bultzatzaileak. “Gure korrontean, “paleo” deiturikoan, atzera begirada dugu, nondik gatozen jakin nahi dugu nora goazen jakiteko, bai elikaduran, bai bizi estiloan, eta baita korrika egiteko eran ere eta lasterketa honek gure korrontearekin bat egiten du” adierazi zuen.

 

Agiro Mendi Klubeko kideak ibilbidea antolatzeaz arduratzen dira. Mikel Irure taldeko ordezkariak azaldu zuen urtero ibilbidea pasatzen den lurren jabeekin arazoak izan ohi dituztela. “Urte guztian zehar ibilbidea osatzeaz arduratzen gara eta lur jabeei ahalik eta eragozpen txikien sortzeko hobekuntzak egiten saiatzen gara” adierazi zuen. Aurten, Zaldei bideari bi kilometro gehitu dizkiote eta Zaldeiri bat. Aurreko urteetan lasterketen zati bat errepidetik pasatzen zen eta oraingoan, zati hori beste bide batetik egitea lortu dute. “Bide motzak, 600 metroko desnibel positiboa izango du eta luzeak 1.400 ingurukoa” gehitu zuen. Amaitzeko, azken egunetako euria dela eta, bidean lokatz asko dagoela nabarmendu zuen.

Oharra: Aurten ere dutxak Iraetako futbol zelaian egongo dira. Gurutzetik joan-etorrian ibiliko den autobus bat antolatu dute bertara joateko.

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide