Urola Erdiko Zientzia eta Teknologia Azoka ospatu da

  • Aurten bigarrenez, Urola Erdiko zientzia eta teknologia azoka ospatuko da Azpeitiko azoka plazan eta eskualdeko ikastetxeek ikasturtean zehar landu dituzten proiektuak aurkeztuko dituzte.
  • Iraurgi Berritzenek –Urola Erdiko garapen eta berrikuntza agentzia-, eskualdeko ikastetxeekin lankidetzan eta Elhuyar Fundazioaren laguntzaz, gaztetxoen artean zientzia eta teknologia gaitasunak sustatzeko proiektua garatu du 2017/18 ikasturtean zehar.
  • Ikasturtean zehar, gaztetxoek euren proiektuen garapenean, Euskal Herriko ikerlari ezberdinekin harremanak izateko aukera izan dute.

HEZKUNTZA GUNEA – IB SAREA

Iraurgi Berritzen, Urola Erdiko garapen eta berrikuntza agentziak eskualdeko eragileen partehartzea nahiz lankidetza bermatzeko artikulatzen duen eragile sarean kokatzen da ekimena. Zehazki, “IB Sarea” deituraz ezagutzen den lankidetza sare honen baitan egituratzen den Hezkuntza Gunean du jatorria ekimenak.

Egun Hezkuntza Gunea, eskualdeko 5 ikastetxeek – Azkoitia BHI, Floreaga Salestar Ikastetxea, Iraurgi Ikastetxea, Azpeitiko Ikastola Ikasberri eta Urola Ikastola – lankidetza sustatzeko duten espazioan datza eta bere jarduera nagusiki DBH eta BHI mailetara bieratzen da.

Guneak, gaur egun eta etorkizunean gizarteak dituen erronkei aurre egiteko ingurune egokia sortzea du helburu. Oro har, guneak, ikastetxe ezberdinek amankomunean dituzten beharrak identifikatu eta hauek asetzeko lankidetza proiektuak sustatzea du jomuga lan talde ezberdinen bitartez. Honetarako, lankidetza espazio ezberdinak gidatu eta proiektu eraldatzaileen garapena sustatzen saiatzen da.

Lankidetzan lantzen diren lan lerroak, 3 oinarri nagusitan egituratzen dira. Batetik, “IB Sareak” eskaintzen dituen aukerez baliatuz, ikasleei eskualdeko eragile sozioekonomiko ezberdinekin harremanak izan eta eskualdeko errealitatea ezagutzeko aukera eskaini nahi zaie. Bestetik, ikasleengan zientzia, teknologia nahiz ikerketa gaitasuna eta zaletasunak landu nahi dira. Azkenik, garatzen diren proiektuen bitartez, metodología berritzaileen aplikazioa sustatu nahi da ikastetxeetan.

PROIEKTUGINTZA ZIENTZIA ETA TEKNOLOGIA IRAKASGAIETAN

Aurten, bigarren urtez jarraian, eskualdeko gaztetxoen artean zientzia eta teknologia gaitasunak sustatzeko proiektua garatu da. Ekimenak, Iraurgi Berritzenen sarearen baitan, orain bizpahiru urte identifikatutako beharrei erantzuna ematea du helburu. Hain zuzen ere, eragile-sarean, ikastetxe, udal nahiz enpresek hauteman dute eskualdean zientzia- eta teknologia-gaitasunak lantzeko beharra, eta, testuinguru horretan, eskualde ikuspegitik, ezinbestekotzat jo da hezkuntzan zientzia eta teknologia gaitasunak sustatzea.

Iaz landu zen ekimenarekin alderatuta zenbait berrikuntza ekarri ditu aurtengo edizioak eta bi fase nagusitan egituratu da hau. Batetik, eskualdeko ikastetxeetan, DBH eta Batxiler mailan zientzia eta teknologia alorrei lotutako irakasgaiak eskaintzen dituzten irakasleei, bi goizeko prestakuntza mintegia eskaini zaie. Bertan, proiektuen gidaritzarako oinarri metodologikoak ezagutzeaz gain esperientzia nahiz proiektu ezberdinak ezagutzeko aukera izan dute.

Bigarren fasean, berriz, ikastetxeetako irakasleek mintegian jasotako jakintzak aplikatu eta ikasleekin proiektu ezberdinak garatu dituzte. Oro har, eskualdeko 8-10 irakasle eta 200 gaztetxo inguru aritu dira proiektu ezberdinen lanketan.

Hauen garapenean zehar, sor zitezken zalantza ezberdinei aurre egiteko Elhuyar fundazioaren gidaritza izan dute. Gainera, Elhuyarrek duen hainbat unibertsitateetako ikertzaile boluntarioen-sareari esker, Euskal Herriko ikertzaile ezberdinekin harremanak izateko aukera izan dute ikasleek. Gaiaren inguruan izan zitzaketen zalantzak argitzeaz gain, hauen esperientzia nahiz eguneroko jarduera zein den ezagutu ahal izan dute.

Azokan, ikasturtean zehar eskualdeko ikastetxeek landu dituzten proiektuak aurkeztu eta erakutsi dira. Azokan, guztira, alor ezberdinetako 6 proiektu ezberdin ikusi ahal izan dira: Basoen dibertsitatea (biologia), Kristalografia (Geologia), Erreakzio kimikoak (Kimika), Ibaien ekologia (Biologia), Prototipogintza (Teknologia) eta Metodo zientifikoa (Matematika tailerra).

Proiektuak, epe luzera jarraipena izan nahi du eta eskualdeko eragile ezberdinen elkarlana oinarri hartuta, eskualdean zientzia eta teknologia sustatzen jarraitzea nahi da.

AZOKAREN PROGRAMA

Ekitaldiaren egitaraua honela osatu da:

  • 12.00-12.15 Ekitaldiaren irekiera
  • 12.15-13.15 Proiektuen aurkezpenak
  • 13.15-13.25 Diplomen banaketa eta taldeko argazkia
  • 13.25-13.30 Agurra