Albisteak

[ERREPORTAIA] Bidaiatu nahi? Sara Matsutani. Filipinak

Uztaileko zenbakian proposatu dizkizuekin bidaietan, azkena da Sararen hau. Gozatu!

Filipinak: paradisua errealitate bihurtzen den lekua

Sara Matsutani Arrizabalaga

2016a zen, 24 urte nituen eta azken bi urteetan, ikasketak amaitu eta lan munduko errealitatea ezagutzetik nentorren. Banekien zer edukiko nuen aurrerantzean helduen bizitzan, baina, aurretik hainbat gauza egin nahi nituen, bidaiatu, besteak beste. Beraz, orduan nuen lanpostuari uko egin, motxila hartu eta Asia hego-ekialdera abiatu nintzen. Lau bat hilabeterako aurrezkiak nituela kalkulatu nuen eta hasiera puntua Filipinetan kokatu nuen, ondoren inprobisatzen joateko asmoa nuen.

Aurretik erronka handiak nituen. Bertigo sentsazioa ere banuen; izan ere nahiz eta lehen hilabetean nire lagun min Manuela izan nuen bidaia-lagun hortik aurrera abentura bakarka bizi beharko nuen eta horrek zirrara eragiten zidan. Oso ziur nengoen erabakiaz eta esperientzia berri hura bizitzeko gogotsu nengoen.

Guztiz arrotza zen herrialde bat izatetik nire kuttunenetako bat izatera pasatu da Filipinak. 7.101 uhartez osatutako herrialdea da, historian hainbat herrialderen inbasioak izan ditu, tartean Espainiarena. Horren eragina nabarmena da. Katolizismoa, bizi ohiturak eta hizkuntza dira horren erakusle. Tagaloa da Filipinetako hizkuntza ofiziala, ingelesarekin batera. Tagaloan ez da ia ezer ulertzen, baina zenbakiak eta asteko egunak gaztelaniaz esaten dituzte. Hegoaldean chabacanoa hitz egiten dute, gaztelaniatik sortutako kreol hizkuntza, eta han, jakina, are nabariagoa da gaztelaniaren eragina.

Hona hemen Filipinen inguruko bost gako:

1. Oso katolikoak dira, baina elizetako ate guztietan “iglesia ni cristo” jartzen du.

2. Edozein lekutan aurkitu zaitezke oilar batekin, leku batetik bestera eramaten baitituzte, ez dio axola orduak, edozein unetan abesten dute. Oilarren borrokak legezkoak dira oraindik han, eta zoratuta dituzte oilar gaixoak.

3. Oilarren kukurrukuengatik ez bada karaokeak esnatuko zaitu. Haien pasioa da karaokea, ongi edo gaizki abesteak, ez dio axola.

4. Postaletako hondartza paradisukoak errealitatean existitzen dira eta Filipinetan daude.

5. Irribarreen herrialdea da. Ezagutu dudan jende irribarretsuena bizi da han, beti umore onez eta adeitsu zuzentzen dira egoera dena delakoa izanda ere. A, eta ahaztu gabe… ilunabarrak bru-ta-lak! Bereziki Siquijor uharte magikoan.

 

Bidaiako nire bizipenak kontatzen nondik hasi… Manila hirigunean hasi genuen bidaia eta iparraldera joan ginen, mendietara. Arroz-soroak ikusi genituen eta ondoren Kalingen tribua ezagutu genuen, banbuzko orratzekin tatuajeak egiteagatik ezagunak, besteak beste. Bidean lur jauzi bat tarteko, ia ez ginen iritsi, baina azkenean lortu genuen eta 88 urte zituen tribuko buruzagi zen emakumearen etxean amaitu genuen. Bazkaltzeko txakur haragia eskaini zigun. Uhartez jauzi egin eta El Nidora iritsi ginen, paradisua, festa, lagun berriak, hainbat abentura uhartez uharte, Siargao uharteak harrapatu gintuenekoa adibidez; hain gustura geunden han, uhartetik irteteko hegazkina bi aldiz galdu genuen. Erronka berriak gainditu nituen eta motoak gidatzen aditu bihurtu nintzen. Bestelako mundu bat ere deskubritu nuen ur azpian. Nire beldurrei aurre egin eta urpekari titulua atera nuen. Gabonak filipinar estiloan ospatu genituen (gau osoa karaokean topera), urte berria hondartzan hasi nuen eta egunsentiren bat edo beste gaupasaz, eta ehunka ilunabar ikusi nituen.

Hainbeste maitemindu nintzen herrialde horretaz, duela bi urte berriz itzuli nintzen. Hara bidaiatzeko gogoak piztu bazaizkizue lehenbailehen joan, bigarren bidaia horretan turismoa ikaragarri masifikatzen ari zela ohartu nintzen. Dena dela, masifikazioa oraindik ez da hainbeste iritsi leku batzuetara. Beraz, prestatu lehenbailehen motxila eta ez ahaztu ni ere han sartzea!




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide