Albisteak
[JARDUNIAN] Miren Etxeberria: “Jende asko etorri da gure jatetxera. Guk ez diogu garrantzirik ematen, ordea. Kale garbitzailea edo kondesa izan, berdin dio”
— 2021-11-09Autoa hartu, eta Iraetara etorri gara Jone Bergara eta biok. Frontoi parean autoa aparkatu, eta 10:00etako kanpaiekin batera ireki du Miren Etxeberriak (Iraeta, 1948) etxean dituen leiho txikietako bat. “Oraintxe noa behera”, esan digu Etxeberriak, eta berehala ireki dizkigu Errota etxeko ateak.
Etxeberriak Iraeta jatetxean eman du bizi osoa lanean. Bertako jangela pribatura eraman gaitu lasaiago hitz egiteko, eta, jatetxeko kontuez gain, haurtzaroko bizipenak, gerra garaiko kontuak, kirolarekin duten lotura… denetarik kontatu digu Mirenek.
Iraetako Errota etxean bizi zara egun, Miren. Hemen jaio al zinen?
1948ko azaroaren 10ean jaio nintzen, Iraetan, etxe honetan bertan. Errota etxean jaiotako hirugarren belaunaldia naiz. Hemen jaio, eta bizi osoa eman dut mugitu gabe. Lana ere bertan egin dut. Etxean lana egin behar zen. Ez naiz damu.
Nor izan zen hemen bizi izan zen lehen belaunaldia?
Gure aitona morroi etorri zen Itziartik hona, janaren ordainetan lanera. Aitonaren arreba, berriz, jauregia zaintzera. Etxe honetako nagusia hil zenean, nire aitona ez zen jabe izan, errentero baizik. Azken errenta duela 26-27 urte ordaindu genuen. Niri saldu zidaten zaharrena nintzelako eta hemen egiten nuelako bizitza. Nire amari ez, ez zelako hemengo alaba.
Eskolarik ba al zegoen Iraetan zu haurra zinenean? Zer giro zegoen garai hartan?
Gu miserikordiara joaten ginen egunero, txiki-txikitatik. Hiru anai-arreba ginen, eta anaia bikiak iritsi ziren ondoren. Bertan jaten genuen guztiok. Oroitzapen onak ditut.
Zentral elektriko bat zegoen garai hartako Iraetan, errota, denda txiki bat eta estankoa. Taberna ere bai. Etxe honen atzean zaldi aldaketak egiten zirela ere gogoan daukat.
Nik ezagutu nuen errota martxan zegoela. Industrialdeak hauts eginda utzi ditu, ordea. Ederra zen, oso. Iraetako zubia dagoen horretan presa zegoen, eta ubide batetik jatetxeko jangela azpira iristen zen. Hor, lurpean, kristoren makineria dago, turbinak eta… Jangela azpian, harrizko arkuak daude. Arku horietako batean, osabak burdinazko kaxa batean gordeta utzi zituen armak-eta. Venezuelatik deitu zigun ea topatu al genituen galdezka. Auskalo non dauden…
Modesto Etxeberria zure aitona frankistek indarrez kanporatutako Errepublika garaiko azken udal ordezkarietako bat izan zen. Orain gutxi omendu dituzte. Modestoren bi semeak soldadu bidali zituzten, baina ez ziren biak bueltan itzuli…
Nire osaba eta aitaren senide guztiak Venezuelara joan ziren gerra ostean. Gure aitona etxe oneko semea zen. Nazionalista zelako, balorea zuen guztia kendu zioten: irratiak, txanponak… Gainera, udaletxeko langile batzuek aukeratzen zuten nork joan behar zuen eta nork ez gerrara. Gure etxetik bi bidali zituzten: Jexux eta Joxe. Sei urte eman zituzten Balaguerren, Lleidan. Bakarra itzuli zen; bestea tiroz hil zuten. Nire seme zaharraren emaztea Balaguerrekoa da. Bere aitaginarrebak lagun historialari bat du, eta orain gutxi topatu dute bere gorpua hilerrian. “Joxeba Etxeberria Erkizia” izenekin dago marmolezko hilarri batean. 18 urte zituzten; ume batzuk ziren. Gure aitak gutxi hitz egiten zuen hildako anaiaren inguruan. Politikara ez dedikatzeko esaten zigun.
1775 inguruan, Iraetako burdinola fanderia bihurtu zen. 1850ean oraindik indartsu jarraitzen zuen. Zuk ezagutu al zenuen lantegia?
Lana egiten bai, azken langileak ezagutu nituen. Paperetan jartzen duenaren arabera, Holandako moila egiteko eramaten zen kristal berezia egiten omen zen hemen. Gaur egun, zonalde hori oso arriskutsu dago. Bi zulo handi daude…
Fabrikako langile asko etorri zirela eta, 14 etxe multzo edo kolonia horiek eraiki ziren.
Etxe hau herriko taberna zen. Pareko ostatua eta bihitegia ere bazeuden. Etxe multzo horiek gerora egin zituzten langileentzat. Ostatuan arropa garbitzeko harria zegoen. Nik ezagutu nuen hori martxan. Sei bat harri zeuden, eta gure ama-eta oheratu aurretik joaten ziren oihalekin lekua erreserbatzeko. Oihal bakoitzean familia edo etxearen izena jartzen zen. Goizeko seietan joaten ziren bertara arropa garbitzea. Ondoren, aitak biltegian egin zion bat eta, ondoren, garbigailua erosi zuten. Mantak ez zituen, ordea, inoiz garbigailuz garbitzen.
Iraeta jatetxea 1910ean zabaldu zuten Modesto Etxeberria eta Maria Erkizia zure aitona-amonek. Belaunaldiz belaunaldi jarraitu du gaurdaino. Nork erakutsi zizun sukaldean?
Ez du eskolarik honek. Atzo galdetu zidaten azkenekoz: non ikasi duzu? Ama eta amamarekin. Biak udaran Zarautzen markesarekin egoten omen ziren lanean. Sukalde tradizionala zen. Menuarekin hasi ziren aitona-amonak.
Jatetxea laugarren belaunaldiaren eskuetan, Jon Goikoetxea semearen eskuetan dago 2013tik. Sari potoloak lortu ditu: BMW Más Gastronomia saria, Repsolen eguzki saria…
Gure ama jubilatu zenetik semeak hartu arte egon nintzen ni. Batzuei kosta egiten zaie 70 urterekin erretiroa hartu eta semeari batuta ematea. Nik lehenengo egunetik egin nuen, eta askatasun osoa eman nion. Semeak elektronika ikasketak egin zituen fraideetan. Amaitutakoan, aitak esan zion: jatetxea saldu edo itxi berdin-berdin egingo dugu. “Nik hartuko dut”, esan zuen semeak. Jonek ere amama eta biokin ikasi du kozinatzen. Nik txiki-txikitatik esaten nien bi semeei astearteetan afaria prestatzeko. Betitik sartu diegu hezurretaraino sukaldea. Jon bakarrik ez; bi semeak dira oso sukaldari onak.
Karlos Arguiñano etorri zen duela hiru bat urte. Terrazara joateko eskatu zidan. Nahiago nuen tiro bat momentu hartan (barrezka). Etortzen zen lehen aldia zen, eta txipiroiak eskatu zituen, tradizional erara prestatuak. “Semeari nork erakutsi dio txipiroi hauek egiten?”, galdetu zidan. “Amamak”, erantzun nion nik. “Aaaaaaa, horrela, horrela, horrela”, erantzun berak. Horrekin bakarrik, dena ulertu zuen. Joni bi urtetan eman diote Gipuzkoako sukaldari tradizional onenaren saria. Pozgarria da, oso.
Batuta semeari eman arren, ez zara sukaldetik oso urrun ibiliko, ezta?
73 urte egingo ditut, eta lanean jarraitzen dut eguerdietan. 13:00etan hasten naiz, jendea etortzen hasten denean. Semeak eta biok ia hitz egin ere ez dugu hitz egiten. Begietara begiratuta bakarrik ulertzen dugu elkar.
Azken urteetako sariekin, izen hobea irabazi al du jatetxeak? Arguiñanoz aparte, etorri al da jende ezagun gehiago?
Zestoan izan ezik, beste leku guztietan eta betidanik izan du izena jatetxeak, beti izan da “Errotakua”. Medikua, Donostia Ospitaleko pediatriako zuzendaria, urtetan etorri izan da egunero. Aurtengo udaran, Pedro Sanchez Espainiako presidentearen bigarrena ere etorri da, adibidez. Enpresariak, pilotariak, Arkonada Realeko futbol jokalari ohia, Arguiñano eta bere semeak, Katalunian izen handia duten sukaldariak… Jende garrantzitsu asko etorri da jatetxera. Guk ez diogu garrantzirik ematen, ordea. Kale garbitzailea edo kondesa izan, berdin dio. Tratua beste guztiei bezalakoa ematen zaie. Etxe honetan ez da bereizketarik egiten. Horrela ikasi izan dugu beti. Bezero batzuk familiakoak bihurtzen dira azkenean, etxekoak.
Jatetxearen dekorazioa deigarria da oso. Museo bat dirudi. Janaria bezala oso tradizionala. Nondik datorkizu bildumazaletasuna?
Osaba batengandik. Lehen oparia osabarena izan zen: aitzurra barrikak egiteko, barrikei barrua jateko. Hark ekarri, eta asko gustatzen zitzaidan. Juantxo Olaizola lehengusuak, behin, goizeko bostetan deitu zidan telefonoz Zestoako zaborrontzi batean traste pila utzita zegoela esateko. Aldatu gabe, pijama eta mantala jantzita kotxea hartu, eta Zestoara joan nintzen.
Altzariak baino gehiago, lanparak, mesanotxeak… gustatzen zaizkit. Hartutako guztia zaharberritu egiten dut. Logroñoko plazan igandero egoten da azoka bat. Miserikordiako eskolako mahai bat aurkitu nuen 80 euroan. Ederki zegoen. Non ekarri, ordea? Pena askorekin, baina han gelditu zen. Objektu gehienak opariak dira. Nik gutxi erosi ditut.
Hau guztia garbi mantentzea ez da erraza izango. Uzten al diozu norbaiti objektu hauek garbitzen?
Ezta pentsatu ere! Gauza hauek guztiak nik bakarrik garbitzen ditut, beste inork ez. Hemen ez da ‘Prontorik’ sartzen; ‘a lo antiguo’, argizaria eta galtzerdi zaharrarekin igurtziz. 8 orduz uzten dut ondoren.
Objektuen artean sagardoarekin lotutako koadro bat ere badago. Sagardoa egiten al zenuten hemen?
Bai, dolarea genuen hor alboan. Industrialdea egiteko, bota egin zuten guztia. Lurrak saldu zituzten jabeek; ez ziren gureak, eta dena bota zuten. Nik ezagutu nuen sagardotegia martxan. Sagardoaren historiaren berri ematen zuen artikulu bat etorri zen behin. Han azaltzen zen Zestoako hainbat baserritan familia bakoitzak urtean zenbat sagardo litro ekoiztu zituen. 1931-1931 urteko datuak dira. Asko gustatu zitzaidan. Artikulua hartu, Zumaiako inprentara joan, eta zerbait polita egiteko eskatu nion bertakoari. Atzeko argazki hori jarri zion.
Dolarea bakarrik ez. Frontoi bat ere bazegoen, aitak Txikito de Iraeta bere ilobari egindakoa. Frontoi txiki bat zen; bertan ibiltzen ginen. Iraetako frontoia nahiko berria da.
Txikito de Iraeta al da familiako kirolari bakarra? Herri kirolekin ere baduzue lotura zuzena.
Kirol afizioa badaukagu, baina kirolaria Txikito de Iraeta bakarrik familian. Herri kirolekin bai, badugu lotura. Gure aitita ezkondu zenean, Itziarko harrobia zuenak Errota harria oparitu zion. Bat eta bakarra dago. Galduta ere ibili zen. Entrenatzeko eraman zuten, eta bueltatu ez. Aitari esan zioten non zegoen, eta bueltan ekarri zuen. Niri askok eskatu didate. Ez dut uzten ordea, ezta… Hemendik horra eta handik hona. Urtean behin irteten da. Iraetako festetan Urrezko Aizkorak antolatutako herri kirol saiorako. Baliorik ez du berez harriak, horrelakoak berehala egiten dituzte gaur egun, baina balio sentimental handia du niretzat.
Realeko armarria, jokalarien argazkiak sinatuta… Futbolzaleak ere ba al zarete?
Aita oso futbolzalea zen. Ama ez, nahikoa zuen lanarekin. Gu bostok ere nahiko zaleak gara, agian anaia bikiak ez hainbeste. Ni naiz familiako okerrena eta anaia ere bai.
Senarrari esaten nion: erretiratutakoan, Realari eta Donostiako Orfeoiari jarraituko diegu. Europako Kopan Hamburgen egon ginen finalaurrekoetako neurketa hori ikusten. Harrezkero, Europa osoa korritu dugu. Donostiako Orfeoiarekin, autobusez harakinak, tabernariak, arotzak… ibili ginen Europan zehar. Giro zoragarria. Suitza, Italia, Frantzia… Vienako Urteberri eguneko kontzertuan ere izan ginen. Orfeoia eta Reala.
Naiara Olaizola
Egin zaitez bazkide