Albisteak
[TTAK!] Ez da gaztea izan behar galduta egoteko
— 2021-11-23Peru Iparragirrek Argian idatzitako erreportajea:
Mikel Ibarguren, Edurne Azkarate eta Intza Alkain dira Formol Laborategiko kideak. Haien belaunaldiari buruzko Album antzezlana estreinatu berri dute Azpeitiko Antzerki Topaketetan, eta beste hamaika emanaldi iragarri dituzte dagoeneko. Zintzotasun ariketa bat egin dute, geruzak kenduz muinera heltzekoa, hortik egiteko haien kontakizuna, nahi duten eran ikertzeko gure izana eta nahi duten eran esateko esateko dutena.
Aulestiko ADEL ArteDrama Euskal Laborategia urteroko zita da antzerkizaleentzat. Jendea ezagutzeko eta gauzak martxan jartzeko lapiko aproposa, Edurne Azkarate Sobrinok (Oion, 1993) dioenez. 2019ko topaketetan antzokian sartzeko ilara egiten ari zirela joan zitzaion Mikel Ibarguren Egibar (Zestoa, 1995), zerbait egin behar zutela esanez. Ibargurenek eta Azkaratek lehenagotik ezagutzen zuten elkar, Kamikaz Kolektiboaren Käffka antzezlanean aritu ziren elkarrekin. ADELen ezagutu zuten Intza Alkain Ibarguren (Lasarte-Oria, 1995). Hari egin zioten zerbait horren parte izateko proposamena, topaketetan eskuratutako e-posta helbidera idatzita. Hirurek zuten zerbait sortzeko gogoa. Azkaratek zuzendari lanetan aritu nahi zuen, esaterako. Gogoa eta grina edukita ere ez da erraza elkartzeko unea eta modua topatzea. Aulestiko aitzakiari tiraka topatu zuten.
Donostiako Tabakaleran elkartu ziren lehen aldiz, eta asanbladak izan ziren lehen bilerak. Asanbladak erabakitzeko zer egin nahi zuten, nola egin nahi zuten. Zerotik hasten ari ziren, eta bide guztiak zabalik zeuzkaten. Estetikan eta kodeetan bazuten adostasuna, baina gaia falta zitzaien. Gazteen inguruan asko hitz egiten dela, orain millennial etiketa ere erabiltzen dela, haien belaunaldiaren inguruko gogoetetan topatu zuten esan nahi zutena. Hiru gazte prekariok haien kontakizuna haien ahotsetik kontatu nahi dute lehen antzezlanean. Ez dute, hala ere, belaunaldi osoaren bozeramaile izan nahi. Horregatik, pertsonaletik ari dira, haienetik.
Lehenago zeukaten erabakita lehen antzezlana bilakatuko zenaren izenburua taldearena baino. Asko ziren aukerak: Millennials, Matxura, MDMA, Formol… Elkartea formalizatzeko garaia heltzean zirt edo zart egin behar eta Formol izan zen bozkatuena. Zentzua hartu du, ordea. Ez zioten “ekoiztetxe” edo “antzerki konpainia” abizena jarri nahi, hortik Formol Laborategia.
Elkartu eta berehala hasi ziren lanean. Lehen aldiz zerbait esateko aukera ere bada, nahi dutena eta nahi duten eran esatekoa: “Nabaritu da mikroa jarri eta botaka egiteko beharra”. Horretarako baliagarria izan da sortze-prozesua. Sakontasunera jo dute, horretarako borondateari eta arakatu nahiari jarraituz. Enpresa batek daukan ekoizteko beharra ez dute izan Formolen. Beste lan batzuetan ere ari dira aldi berean, eta nahi dutena egiteko plataforma da, presiorik gabe. Ekoizpenari dagokionez, makineria industrial hori mantentzeko beharrik ez badute ere, egiten ari direna profesionalizatu nahi dute. Sare bat osatu dute haien inguruan, helburuetako bat baita jendeari lana ematea eta ordaintzea, eta gustuko dituzten artistekin harremanak egitea.
Egin zaitez bazkide