249. Lore zimurrak freskatzen diren lorategia

Ezagunak dira Zestoako bainuetxeko uren bertuteak, eta nola eramaten zituen botila mordoxka Concha Piquerrek (1908-1990) bere kutxa mitikoetan (El baul de la Piquer). Bueno, hasteko esan behar da ez zela baul bakarra; berez, ziento bat bazirela. Kutxa horietan denetik eramaten omen zuen koplaren ordezkaririk ezagunenak: oliba olioa, urdaiazpikoak, eta –gure sorpresarako– Zestoako ura ere bai; “Gure aitak, nik al dakit zergatik, egunean sei edo zazpi basokada hartzen zituen”. Concha bera, dirudienez, ez zen oso urzalea eta badaezpada ere, gauzak argi uzten ditu: “Nire bizitzan zapore mikatz franko egon da, baina denak buruan dauzkat, ez ahosabaian” (ABC, 2002-01-24). Tira, harrituta geratu nintzen, eta Danbolin aldizkarian idatzi nituen aurreko lerro horiek.

Orain, ordea, jakin dut digestio-aparaturako ez ezik beste kontu agian garrantzitsuago batzuetarako ere lagungarriak omen direla gure urak.

Gu –udala eta udal langileok esan nahi dut– Zestoako bainuetxea suspertu edo biziberritu nahian genbiltzala eta “Zestoa Hiri Termala” proiektua plazaratu genuen ia garai berean –1991ko azaroaren 15ean–, Inozentzio Oleak (1921-2010), bertsolari eta idazle zeraindarrak, Zestoako bainuetxeko uren propietate zoragarrien berri eman zigun (Ostiraleko kronika Segura irratian (1988 – 1992), Auspoa / Sendoa, 2002). Zur eta lur, alegia, aho bete hortz, geratu nintzen albistea irakurri nuenean: ezkontza kontuetarako oso lagungarriak omen direla bainuetxeko urak, aizue... Hamaika ikusteko jaio gara!

Bizi-bizi eta euskara ederrean kontatzen digu albistea Oleak: “Iñoiz entzun izan det mutil bildurti samarren batek andregaia egin nai duenean basoerdi bat edo beste bearrezko duela. Maitasun kontuan ardo zurrut bat edo bestek berebiziko mirariak egin izan dituela, alegia. Ardoa ez da botika txarra mingaiña martxan jartzeko, baiña neurria artzen jakin ezkero lagun obea da. Izketarako ausardia emateaz gaiñera batek barruan daukan guztia berealaxe esanerazten du, eta dan bezela esan ere. Aurrak eta mozkorrak egia esaten dutela aspaldiko esaera da. Garai batean, jai illunabarrean neska laguntzera joaten ziran mutillak ardo usai pixka bat izaten zuten. Baiña neskatxak apenas asko izutzen ziran orregatik”.

Ikusten duzuen bezala, ez dago pasartea hobeto kontatzerik. Hotz samarrak gara, nonbait, euskaldunak, eta kosta egiten zaigu gure barru hori askatzea. Gu baino kultura “beroagoetan” bizi direnei, esate baterako kubatarrei, andaluziarrei… oso hotza egiten zaie gehienetan gure izaera; behin izotzaldia urtuta, orduan bai, euskalduna lagun zintzoa eta betirakoa bihur omen daiteke baina hasieran hotz.

Beraz, lehenago esan dugun bezala, baso erdi bat edo beste bizigarriren bat ez zaigu gaizki etortzen pixka bat askatzeko. Baina ardoa ez ezik, “ezkontzen laguntzen duten iturriko urak ere bai omen dira”, dio Inozentzio Oleak: “Onelako mirariak egiten dituzten urak Zestoako baiñuetxean daude gaiñera.”

Segi dezagun irakurtzen…: “Oraintsu jakin dedanez, baiñuetxe ori ideki zanetik oraiñarte, berrogeita amar bat bikote uztartu omen dira, Zestoako urari esker. Eztakit egia ala gezurra izango dan, baiña neri ala esan didate. Zestoako ura gibeleko, beazuneko eta orrelako gaitzak sendatzeko oso ona da. Beste zenbait aje eta aitzaki sendatzeko ere bai, noski. Eta urak artzera joaten diranak, asko beintzat, urtez osatuak izaten dira. Malizian pixka bat sartutakoak ere bai, seguru asko. Eta urak artuta sasoi punttuan jartzen diranean, ezkontzeko gogoa etortzea arritzeko al da?

Makuluarekin joandako aitonatxoak izaten dira urak artuta gero tente-tente jartzen diranean bere moduko amonatxoren bati ezkontzeko mandatu egindakoak. Gibelean edo beazunean arriak zeuzkaten etxekoandreak ere urak sekulako umorean jartzen ditu.

Aitonatxoak ala suspertuta ikustean, berak ere sekulako sasoian jartzen. Alargun askorentzat aitzaki ona dala uste det ura edanez Zestoako baiñuetxean egun batzuk pasatzea. Sendatu eta berri-berriak bezela jarri, lagun egoki bat aurkitu eta ezkondu, eta orrela, aitona-amonak zearo gaztetuta. Uraren mirariak.”

Umorerik ez zaio falta, bistan denez, Oleari, eta azkenerako bi bertso eder lagatzen dizkigu:

Ura izanik edari ona,

osasungarri ta fiña,

ez nuen uste baiña omen da

zarrak gaztetzen dakiña.

Eta gaiñera izanik bera

mirari asko egiña,

Zestoan dago lore ximurrak

preskatzen diran jardiña.

 

Ikusten danez Zestoa ortan

mirari asko izan da.

Ez dakienak jakin dezake

baiñuetxera joanda.

Aiton-amonak ikusten dira

alkarri esku emanda,

tristura eta penak azturik

ur apurtxo bat edanda.

Egia esan behar bada, ezkontzea, ezkontzea… ez dago gaur egun oso modan baina ez da bertute kaskarra bainuetxera hurbiltzen den jendearen artean hartu-emana eta poz pixka bat sustatzea. Are gehiago pandemiaren garai hotz eta harremanik gabeko hauetan.

Ea bada, denok espero dugun bezala, martxoan irekitzeko moduan izaten den, bada, gure bainuetxe mirarigilea.

 

Argazkia: Emakumeak dantzan, Arozena hotelean, 1996 inguruko Edadetuen eguneko bazkarian. Atzean, musika jotzen, Laja eta Lankadanda.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide